Wikiversity
Edukiak
Jakobinoak Frantziako Iraultzan zehar Paris hiriburuan egoitza izan zuen talde politiko erradikal bat osatzen zuten pertsonak ziren. Errepublikazaleak eta herri subiranotasunaren defendatzaileak ziren, eurentzat herrialdea banaezina zen, ondorioz estatu zentralistaren defendatzaile sutsu bilakatu ziren.
Frantziako Iraultzako lehen urteetako bi talde politiko nagusietako bat osatu zuten jakobinoek. Oposizioan zeuden diputatu guztiak bildu ziren hasieran jakobinoen taldera, baina 1791etik aurrera gero eta jarrera gogorragoak hartu zituzten iraultza nagusi zedin, eta Frantziako politika menderatu zuten 1793ko uztailetik 1794ko uztaila bitartean. Aginpidean egon ziren denbora horretan Izualdi Handia zabaldu zuten herrian, gillotinan hil baitzituzten oposizioko kide asko. Jakobinoen bi buru, Saint-Just eta Robespierre, gillotinan hil zituztenean desagertu zen taldea, 1794an.
Gaur egun, Frantzian, jakobinismoa Estatu eta Errepublikaren zentralizazioaren ideiaren parekide da.
Jatorria
Hasieran, Club breton deitzen ziren, eta bertako kideek Rue Saint-Honoréko donejakuetarren komentuari zor diote izena (collège des Jacobins), bertan finkatu baitziren 1789an.
Ikus gainera
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Bibliografia
- Azurmendi, Joxe: Historia, arraza, nazioa. Renan eta nazionalismoaren inguruko topiko batzuk, Donostia: Elkar, 2014. ISBN 978-84-9027-297-8