LIMSwiki
Edukiak
Tallinn Tallinn | |||
---|---|---|---|
Hanseatic city (en) | |||
Administrazioa | |||
Herrialdea | Estonia | ||
County of Estonia | Harju konderria | ||
City | Tallinn | ||
Alkatea | Mihhail Kõlvart | ||
Izen ofiziala | Tallinn | ||
Jatorrizko izena | Tallinn | ||
Posta kodea | 10111 | ||
Geografia | |||
Koordenatuak | 59°26′14″N 24°44′42″E / 59.4372°N 24.745°E | ||
Azalera | 159,37 km² | ||
Altuera | 28 m | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 457.572 (2024ko urtarrilaren 1a) 3.708 (2023) | ||
Dentsitatea | 2.871 bizt/km² | ||
Informazio gehigarria | |||
Sorrera | ezezaguna | ||
Telefono aurrizkia | 64 | ||
Ordu eremua | UTC+02:00 | ||
Hiri senidetuak | Vilnius, Riga, Annapolis, Hangzhou, Dartford, Gante, Helsinki, Kiel, Kotka, Pekin, Mosku, Turku, Venezia, Malmö udalerria, Schwerin, San Petersburgo, Kiev, Skopje, Viena, Odesa, Tbilisi eta Groningen | ||
Matrikula | A-B | ||
tallinn.ee |
Tallinn[1] (estonieraz ˈtɑlʲˑinˑ ahoskatua) Estoniako eta Harju konderriko hiriburua da. 159,2 km² ditu. Estoniako hiririk jendetsuena da, 438.341 biztanle baitzituen 2021ean. Estoniako itsas porturik garrantzitsuena du. Tallinn Estoniako iparraldean dago kokatuta, Finlandiako golkoan, Helsinkitik 80 kilometro hegoaldera.
Estatuko politika eta ekonomiaren ardatza da Tallinn. Hirian daude Estoniako Legebiltzarraren egoitza, presidentetzaren jauregia eta ministerioak. Bestalde, hirian bertan daude burtsa eta Estoniako enpresa nagusiak.
Europako mendebaldea eta Errusia lotzen zituen merkataritza-portu bat izatearen ondorioz sortu zen hiria, eta Erdi Aroan bizi zuen bere garairik loriatsuena. 1991n, Estoniak independentzia berreskuratu zuen, eta suspertu egin da ordutik hona Tallinn. Turismoaren nahiz teknologia berrien aldeko apustua egin du hiriburuak.
Izena
Historikoki, antzinako izenarekin ezaguna izan da Tallinn; Reval edota Revel germaniar izenekin. 1918an, ordea, Estoniak lehendabizikoz independentzia lortu zuenean, Tallinna izenera aldatu zen hiria. Zenbait atzizkik (hala nola estonierazko -linna, germaniar -burg, eta eslaviar –grad eta –gorod) «gotorlekua» esan nahi zuten jatorrian, baina «hiri» esanahiarekin ditugu egun. Horregatik, egungo Tallinn izenaren jatorria Taani-linn (daniar hiria) dela dio teoria batek. Izan ere, daniarrek gotorleku bat eraiki zuten Toompea muinoaren gainean. Beste teoria batzuen esanetan, izen honen etimologia Talu linn («nekazaritza hiria») edota Tali-linna («neguko hiria») dateke.
1920ko hamarkadatik aurrera, estonierazko Tallinn izenez da ezaguna hiria. Inguruko beste hizkuntzetan, beste izen hauek ditu: Reval alemanez; Lyndanisse danieraz; Lindanäs suedieraz; Kesoniemi eta Rääveli finlandieraz.
Geografia
Finlandiako Golkoaren hego-ekialdean dago Tallinn, Estoniako ipar mendebaldean. Hiria 159,2 km² da azaleran, eta 46 km-ko kostaldea du, badia eta penintsulez osatuta. Badia nagusiak Tallinn, Paljassaare eta Kopli dira; Penintsularik aipagarrienak, berriz, Kakumäe, Kopli, Paljassaare eta Viimsi. Gainontzekoan, beste hainbat herrirekin egiten du muga hiriak, 59 km den muga-lerroan. Ekialdean, Viimsi eta Jõelähtme herriak daude; hegoaldean, Rae, Kiili eta Saku; eta mendebaldean, berriz, Saue eta Harku.
Hainbat laku dago hiriaren barnealdean. Handiena Ülemiste lakua da (9,6 km²-ko azalera hartzen du) eta, ur-edangarriaren iturri nagusia da hirian. Ülemiste lakuaren atzetik, Harku lakua da handiena, eta 1,6 km² da azaleran. Hiriko ibairik esanguratsuena, aldiz, Pirita ibaia da. Ibaia, Pirita barrutian itsasoratzen da, eta bere ibarra gune babestua da egun. Aegna uhartea ere Tallinngo eremuetan dago, Viimsi penintsulatik 2 km-tara dago kokatua. Bestalde, meteorito baten talkaren aztarnak ere badaude hirian.
Itsas-mailatik 64 metrora dago Tallinngo punturik garaiena, Nõmme barrutian, hiriaren hego-ekialdean. Kareharrizko labar batek hiria zeharkatzen du, eta hiriko geologia bi zatitan banatzen du. Izotz Aroan, glaziar baten azpian zegoen egungo hiria. Izotza kendu zen unetik, azaleratu egin ziren hriko lursail batzuk. Horren eraginez, itsasotik bakanduta gelditu zen Ülemiste lakua, duela 11.500 urte.
Vanalinn, Tallinngo alde zaharra, hiriaren erdigunean dago, itsas-portuaren hegoaldean. Bertan, goi-hiria (Toompea) eta behe-hiria ezberdintzen dira. Hiriaren ekialdea hazten ari da, eta finantza arloko eraikin anitzek bertan dute kokalekua. Mendebaldean, sobietar garaian hazitako gunea dago, eta garai hartako eraikin asko dago.
Distantziak Europako zenbait hiritara
- Helsinki: 82 km
- Varsovia: 830 km
- Riga: 280 km
- Mosku: 860 km
- San Petersburgo: 314 km
- Kopenhage: 860 km
- Stockholm: 380 km
- Berlin: 1000 km
- Vilnius: 530 km
- Londres: 1.788 km
- Oslo: 800 km
- Paris: 2.000 km
Klima
Atlantikoko korronte beroak leundu egiten du hiriko klima kontinentala. Neguak oso hotzak eta ilunak dira, prezipitazio gutxirekin. Udaberriak freskoak eta lehorrak. Udak epelak eta euritsuak dira, eta udazkena, berriz, euri askodun urtaroa da. Lehendabiziko elurteak urtzean, lokatz-guneak sortzen dira urbanizatu gabeko zonaldeetan.
Estoniako barnealdearekin alderatuta, 4 °C-ko aldea dago neguan, eta 2 °C-koa udan. Maiatzetik irailera, 15 eta 21 °C bitartekoak dira tenperaturak. Maximo historikoa 1936an erregistratu zen, (32,3 °C); minimo historikoa, berriz, 1978an, (-32,2 °C).
Bere latitudeari esker, 19 eguzki-ordu ditu hiriak udan. Neguan, 6 ordura baino ez da iristen kopuru hori. Apiril eta urria bitartean, egun hotzak tartekatzen dira, egun epelagoekin. Neguan, gutxitan gainditzen dituzte termometroek 4 °C-ak, nahiz eta 2007ko martxoan 15,9 °C ere izan ziren.
Elurteak barnealdean baino hilabete bat beranduago hasi, eta hilabete bat arinago amaitzen dira. 2007an 93 elurte egun egon ziren. Azarotik apirilerako bitartean daude elurteak, baina maizago ari du elurra urtarriletik martxora bitartean. Normalean, 13 eta 18 cm bitarteko elur-geruzak sortzen dira. Maximoa 59 cm-koa izan zen.
Euriteen denboraldia uztaila eta iraila bitartean izaten da. Urteko batezbesteko prezipitazioak, 696mm dira urteko. 1981 izan zen prezipitazio gehien erregistratu ziren urtea, 921 mm-rekin batezbeste. 1987an, aldiz,k abuztua izan zen hilabeterik euritsuena, 181 mm-rekin.
Tenperatura | ||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hilabetea | Urt. | Ots. | Mar. | Api. | Mai. | Eka. | Uzt. | Abu. | Ira. | Urr. | Aza. | Abe. | Batezbestekoa | |
Maximoak °C | 9,2 | 10,2 | 15,9 | 27,2 | 29,7 | 31,2 | 32,3 | 31,2 | 28,5 | 21,8 | 13,4 | 10,7 | ||
Tenperatura altuenen batezbestekoa °C | -0,9 | -1,4 | 0,8 | 7,3 | 14,0 | 18,8 | 20,8 | 19,9 | 14,9 | 9,0 | 3,3 | -0,2 | 8,6 | |
Batezbestekoa °C | -4,5 | -5,0 | -1,6 | 3,5 | 9,9 | 14,2 | 16,5 | 15,5 | 10,6 | 6,1 | 1,4 | -2,3 | 5,4 | |
Tenperatura baxuenen batezbestekoa °C | -6,3 | -7,1 | -3,7 | 0,4 | 6,1 | 9,7 | 12,4 | 11,6 | 6,9 | 3,5 | -0,7 | -4,6 | 2,3 | |
Minimoak °C | -31,4 | -31,0 | -26,2 | -17,2 | -4,3 | -0,0 | 4,4 | 1,7 | -4,7 | -10,5 | -21,3 | -32,2 | ||
Prezipitazioak | ||||||||||||||
Hilabetea | Urt. | Ots. | Mar. | Api. | Mai. | Eka. | Uzt. | Abu. | Ira. | Urr. | Aza. | Abe. | Urtekoa | |
Prezipitaio max. mm | 89 | 103 | 73 | 97 | 90 | 147 | 149 | 178 | 181 | 151 | 128 | 94 | 921 | |
Batezbestekoa mm | 50 | 31 | 32 | 34 | 35 | 58 | 79 | 85 | 86 | 72 | 74 | 60 | 696 | |
Prezipitazio min. mm | 4 | 5 | 5 | 4 | 4 | 3 | 4 | 6 | 0,8 | 4 | 12 | 7 | 383 | |
Elurtea cm-tan | 13 | 18 | 14 | 1 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 2 | 6 | ||
Iturria:Pogoda.ru.net[2]. |
Historia
K.A. bigarren milurtekoan, Finlandiako golkoan, tribu ugrofinlandiarrak bizi zirela uste da.
Tallinnen lehendabiziko aipamena Muhammad al-Idrisi kartografoaren obra batean ageri da. Mapa 1154. urtekoa da eta hiria Kaluria izenarekin ageri da, hiri edota gotorleku txiki baten moduan deskribatuta.
Eskandinavia eta Errusia arteko kokaleku estrategikoa zen Tallinn, eta itsas-portu gisa garrantzia handia hartu zuen. Ondorioz, XIII. mende hasieran, Gurutzada Baltikoen garaian, Alemaniako eta Danimarkako erresumaren agindu erlijioso eta militarren esku egon zen hiria.
Daniarren menpe
Tallinn eta Estoniako iparraldea daniarren menpe gelditu zuren 1219an, Lyndanisse bezala ezagututako bataila igaro ostean. Garaiko kroniken arabera, gogor azaldu ziren estoniarrak setioaren aurrean, nahiz eta, azkenean, Danimarkako erregeak hiria bere egin zuen. Daniarrek gotorleku bat eraiki zuten Toompeako muinoan.
Hala eta guztiz ere, daniarrek ez zuten askorik iraun. Batetik, jatorrizko hiritarrek ez zuten begi onez ikusi inbasioa, eta aurkakotasun handia agertu zuten. Bestetik, alemaniarren hedakuntza zegoen eta 1227an, Tallinn konkistatu zuten. Kasu honetan, Toompeako muinoan bertan, harrizko gotorlekua eraiki zuten. Horren ondorioz, estoniarren kexak apaldu nahian, merkatari alemaniarrak Tallinnen jarri ziren bizitzen, 200 pertsonako kolonia bat ezarrita. Gaurdaino ez da agiri ofizialik heldu, baina baliteke une horretan sortu izana hiriaren beheko aldea, Reval. Toompea, berriz, goiko auzoa zen.
1238an Stensbyko hitzarmena egin zenan daniarren eskuetan gelditu zen berriro Tallinn. Denboraldi horretan daniarren gaztelu bat eraiki zuten, Domberg (Toompea). Era berean, Lund-eko artzapezpikutzaren ordezkaritza bat ezarri zen. 1248. urterako, tallinndarrek bazuten erakunde legegile bat, Ritterschaft deiturikoa.
Germaniarren menpe
Laborari estoniarrek matxinatu egin ziren 1343an, atzerriko dominatzaileen aurka. Tallinn setiatua izan zen. Iraultza honek daniarren indarra geldiarazi zuen, eta hiru urte beranduago Estoniako lurrak salgai jarri zituzten. Germaniarrek lurrak hartu eta euren eremuak handitu zituzten. Danimarkari botere erlijiosoa baino ez zitzaion gelditzen Estoniako lurretan.
Azken hau dela eta, liskarrak egon ziren menderatzaile berrien eta apezpikutzaren artean. Beheko auzoko 8.000 biztanlek, merkatari eta artisauek, 66 dorre zituen harresi bat eraiki zuten.
Erreforma luteranoa heltzearekin batera, germaniarren indarra handitu egin zen. Ondorioz, hiriak, fede luteranoaren bidea jarraitzeari ekin zion 1525ean. Garai honetakoa da, Tallinngo udaletxearen gailurrean dagoen haize-orratza, 1530ekoa zehazki. Hortik gaur egunera arte, hiriko ikurrik esanguratsuena da eta antzinako gudari baten izena gogorarazten du: Vana Toomas (Tomas Zaharra).
Suediarren menpe
Errusiak Ivan IV.a Tzarraren eskutik, hiria setiatu zuen 1570 eta1571 bitartean. Eraso hauen ondoren, Suediak hartu zuen Estoniako iparraldea babesteko ardura. mendearen amaieran, 159 metroko dorre gotikoa eraiki zen San Olaf (Oleviste) elizarentzako. Garai hartan Europako dorrerik garaiena zen, eta seguru asko munduko garaiena ere bai. 1629an egondako sute baten ondorioz, dorrea 123 metroko altuerarekin gelditu zen, eta gaur egun ere altuera hori bera dauka.
Errusiarren eta sobietarren menpe
Hiria suediarren esku egon zen 1710. urtera arte, Iparraldeko Gerra Handia ostera arte. Errusiar Inperioak suediarren indarra ahuldu eta bere egin zituen Estoniako lurrak. Alabaina, Estoniako instituzioek, autonomia ekonomiko eta kulturala mantendu zuten. Merkataritza kontuetan alemaniera zen orduan garaiko hizkuntza nagusia. 1889tik aurrera ekin zion Inperio Errusiarrak errusiar kulturaren eraginak Estonian ernaltzeari.
1870ean ireki zen San Petersburgo eta Tallinn lotzen zituen zituen trenbidea. Horregatik, Inperio Errusiarrarentzat itsas-portu garrantzitsua zen. Laborari estoniarrak Tallinnera joan ziren bizitzera. Ondorioz, hirian, estoniarren portzentajea %52 izatetik, %89 izatera pasatu zen 1867an.
Lehen Mundu Gerra iristean, Errusiako gobernuak botere gehiago eman zien estoniarrei, eta Tallinn Estoniako Gobernu Autonomoko hiriburu bilakatu zen 1917an. 1918ko otsailaren 24an aldarrikatu zuen Estoniak bere independentzia, eta hurrengo egunean, otsailaren 25ean, Alemaniako Armada Inperialak hiria hartu zuen. Alemaniarrek azaroan utzi zuten hiria, gerra bukatutakoan.
Hortik aurrera boltxebikeen kontra aritu ziren borrokan estoniarrak. Borrokak ez ziren Tallinnen izan, baina bertatik kilometro gutxitara izan ziren batailak. Hiriko portua erabat garrantzitsua zela agerian gelditu zen berriro. Izan ere, estoniarrek portu Erresuma Batuaren laguntza militarra jasotzen zuten portutik.
1940. urtean, Molotov-Ribbentrop ituna sinatu ostean, sobietarrak Estonian sartu ziren. Ondorioz, Estoniako Sobietar Errepublika Sozialistaren (Estoniar SES) hiriburua izan zen Tallinn. Era berean, Sobietar Batasun osoko itsas-base nagusia zen Tallinngoa, itsasoak izotzik ez zuelako. Komunisten kontrakoak zirela egotzita, politikari, intelektual eta herritar susmagarriak atxilotuak eta erbesteratuak izan ziren.
Sobietar Batasunaren inbasio garaian, 20.000 soldadu joan ziren Tallinnera hiria defendatzeko. 1941eko abuztuaren 26an, ordea, Armada Sobietarrak alde egin behar izan zuen bertatik, basea defendatzea zaila zelako. Alde egite horrek, bidea ireki zien alemaniarrei eta hiria setiatu zuten. Honetaz gain, ustezko komunista eta juduen aurkako triskantza eragin zuten.
1944ko martxoaren 9an hiriaren %11 suntsitua izan zen sobietarren bonbardaketak zirela medio. 600 hildako izan ziren. Urte bereko irailaren 18an Estoniako gobernu independentea desegin egin zen, eta soldadu alemaniarrek herrialdea utzi zutenean, Estoniako bandera Pikk Hermann dorrean zintzilikatu zuen gobernu independenteak. Armada Gorria hirian sartu baino lehenago izan zen ekintza, eta honen ondorioz, Estoniaren okupazio sobietarra ilegala izan zela argudiatu izan da. Hain zuzen ere, gobernuak erbestera egin behar izan zuen alde, eta Estoniak ez zuen independentzia lortuko 1991ra arte.
Garai sobietarrean hazkunde ekonomiko eta demografiko handia izan zituen hiriak. SESBko zerealen garraiorako gune garrantzitsua izan zen eta inguruan, elikadurari lotutako hainbat industria eraiki ziren. 1980an, Moskuko Olinpiar Jokoetako estropadak Tallinnen izan ziren.
80ko hamarkadaren amaieran, independentzia lortzeko mugimenduak hasi ziren Tallinnen, eta ekintzarik handiena abesti estoniarren jaialdia izan zen. Gaur egun ere ekintza tradizionala izatera pasatu da jaialdia, herrialdearen nortasunaren ikur baita. Bertan, estonierazko antzinako abestiak kantatzen dira. Jaialdia esangura politiko handia hartuz joan zen eta 1988an 300.000 pertsona bildu ziren. 1990an berriz, 500.000. Ekintza hauek abestutako iraultza bezala ezagutu zena ahalbidetu zuten. Ondorio gisa, Errepublika Baltikoek independentzia eskuratu zuten.
Bigarren independentzia
Berlingo Harresia erori ondoren, Sobietar Batasunetik banandu, eta independentzia lortu zuen Estoniak, 1991ko abuztuaren 20an. 51 urte igaro ondotik, Tallinn berriro izendatu zen hiriburu gisa. Independentziaren ostean, hazkunde ekonomiko handia jasan zuen hiriak, eta eraikuntza modernoak zein bizitegi-guneak egin ziren. 1997an, Gizateriaren Ondare izendatu zuen Unescok, Tallingo alde zaharra.
2007an istiluak izan ziren hirian, independentzia lortu eta gaur arteko larrienak. Arrazoia honakoa zen: Bigarren Mundu Gerra bukatutakoan, sobietarren garaipena irudikatzen zuen brontzezko estatua altxatu zen hiriaren erdigunean. 2007an, ordea, Estoniako indar eta defentsa militarren hilerrira lekualdatu zuen Estoniako gobernuak. Hirian istiluak izan ziren bost egunez, polizia eta zenbait hiritar errusiarren artean. Istiluetan hiritar errusiar bat hil zen.
Historikoki, hiru zati izan ditu Tallinnek:
- Toompea, Katedraleko muinoa: agintarien tokia izan da iraganean, apezpiku eta Baltikoetako nobleziarekin. Gaur egun, Estoniako gobernuaren, enbaxaden eta egoitzen tokia da.
- Alde Zaharra, Hiritarren hiria: XIX. mendera arte, hiriaren zati hau ez zen Toompearekin lotuta egon. Erdi Aroko merkataritzaren gunea izan zen. Gatzari esker, hazkundea eta hobekuntzak izan zituen hiriak,
- Hiria, Alde Zaharraren hegoalderantz zabaldu da. XIX. mendean, hiritarren gehiengoa alde honetan bizi zen jadanik.
Demografia
Tallinngo biztanleak etnia askotakoak izan dira beti. Halere, hiriaren sortzaileak germaniarrak izan ziren, eta Bigarren Mundu Gerrara arte presentzia handia izan zuten.
Erdi Aroan, biztanleria germaniarren eta estoniarren artean zegoen banatuta. Lehendabizikoak merkatariak eta artisauak ziren, Alde Zaharraren barnealdean bizi zirenak. Bigarrenak, aldiz, jopuak eta langileak ziren, eta arrazoi ekonomikoak zirela medio, harresien kanpoaldean bizi ziren. 1.000 biztanleko hiria haziz joan zen, harik eta XV. mendean, 4.000 biztanle aterpetu zituen arte.
XVI. eta XVII. mendearen hasieran, hiriak ez zuen biztanleria hazkunde handirik izan, izurriteak, merkataritza krisia eta Livoniako gerrak zirela medio. Iparraldeko Gerra Handiaren ondoren, hiriko biztanleria heren batera murriztu zen. 1708an 10.000 biztanle baziren, 1710an 2.000 baino ez ziren. 1780ko hamarkadan soilik hazi zen biztanleria, gerra aurretiko zenbakitara heldu arte.
XIX. mende hasieran, era jarraikor batean hazi zen biztanleria. Baina industrializazio garaitik aurrera, igoera handia izan zen. Izan ere,1881ean, 44.000 izatetik (1881) 160.000 biztanle izatera pasatu zen hiria (1917).
Jatorria | Portzentaia |
estoniarrak | 53,7% |
errusiarrak | 36,5% |
ukrainarrak | 3,6% |
bielorrusiarrak | 1,9% |
finlandiarrak | 0,6% |
juduak | 0,3% |
tartariarrak | 0,3% |
lituaniarrak | 0,2% |
poloniarrak | 0,2% |
letoniarrak | 0,2% |
alemaniarrak | 0,1% |
beste jatorriak | 1.9% |
Lehen Mundu Gerra igaro ondoren, heren bat jaitsi zen hiriko biztanle kopurua. Baina behin lehendabiziko independentzia eskuratuta, biztanleria era iraunkor batean igo zen, harik eta Bigarren Mundu Gerra heldu zen arte. 1939. urtean 145.000 biztanle zituen hiriak; gerraren ostean berriz, 127.000. Gerra amaitzearekin batera, naziotasun alemaniarreko biztanleek, behin betirako alde egin zuten Estoniatik.
Okupazio sobietarrak igoera handia ekarri zion biztanleriari. Errusia eta beste sobietar errepubliketatik joan ziren migratzaileak hirira, eta hiriaren ipar-ekialdean jarri ziren bizitzen oro har. 1956. urtean 267.000 biztanle zituen Tallinnek; hogei urte geroago berriz, 408.500. Bat-bateko igoera honek hiria hedatzea ekarri zuen, eta erruz sortu ziren Mustamäe, Õismäe edota Lasnamäe bezalako auzoak. Hedakuntza honek, erabat aldatu zuen Tallinngo antolakuntza. 1980an, historian izandako biztanle kopuru handiena erregistratu zuen: 500.000.
1991an, bigarren independentzia ostean hiriko biztanle kopurua jaisten hasi zen, beste sobietar errepubliketako biztanleak hiria utzi zutelako. 1995ean 434.800 pertsona zeuden hirian. Beheranzko joera hau 2005. urtera arte mantendu zen, biztanleria apurka-apurka igotzen hasi zelako.
Barrutia | Biztanleria | Portzentajea |
Haabersti | 35.000 | 9,76% |
Kesklinn (hiriaren erdigunea) | 34.985 | 11,53% |
Kristiine | 27.531 | 7,40% |
Lasnamäe | 108.644 | 28,14% |
Mustamäe | 62.219 | 16,16% |
Nõmme | 35.043 | 9,74% |
Pirita | 8.507 | 3,32% |
Põhja-Tallinn (Tallinngo iparraldea) | 52.573 | 13,95% |
2008ko ekainaren 1eko datuen arabera, 402.798 biztanle zeuden hirian erroldatuta. Estoniako biztanleriaren ia %30 Tallinnen bizi da, pertsona askok hiriburura jo izan dutelako bizi-kalitate hobe baten bila.
Hiriaren kontrolik gabeko hazkundeak, eta planifikatu gabeko urbanizatzeek, hiria errepideen bitartez lotzea ekarri dute. Gune historikoak gorakada handia izan du independentziaz geroztik. Auzo marjinala izatetik, hiriaren turismo gune nagusia izatera pasatu da.
Eurostat, Europar Batasuneko estatistika erakundearen arabera, Tallinn da herritartasun europarra ez duten biztanle gehien duen hiria. Zehazki, Tallinngo biztanleriaren %27,8k ez du europar herritartasunik. Arrazoia, sobietar okupazioan dago (1944-1991), immigrazio handia izan baitzuen hiriak. Esaterako, Tallinngo Lasnamäe barrutian, bertako %40 errusiarrak dira.
- Tallinngo biztanleriaren bilakaera
Gobernua
Legegintzaldia | Alkatea | |
1990-1992 | Hardo Aasmäe | |
1992-1996 | Jaak Tamm | |
1996 | Priit Vilba | |
1996-1997 | Robert Lepikson | |
1997-1999 | Ivi Eenmaa | |
1999 | Peeter Lepp | |
1999-2001 | Jüri Mõis | |
2001 | Tõnis Palts | |
2001-2004 | Edgar Savisaar | |
2004-2005 | Tõnis Palts | |
2005-2007 | Jüri Ratas | |
2007-2017 | Edgar Savisaar | |
2017-2019 | Taavi Aas | |
2019- | Mihhail Kõlvart |
Estoniako instituzioek Tallinnen dituzte egoitza nagusiak. Bertan daude Estoniako legebiltzarra (Riigikogu), eta ministroen zein presidenteen egoitzak. Honetaz gain, Harju konderriko administrazio gunea da hiria.
Tallinnek, hiriburua kudeatzeko organo legegile eta betearazle ditu, Tallinn Hiriko Batzordea eta Tallinn Hiriko Gobernua bestetik.
Batzordea sufragio unibertsalaz aukeratutako 63 zinegotziz aukeratuta dago, eta lau urteko iraupena du batzorde bakoitzak. Betebehar nagusien artean daude, udal gobernuaren funtzioak zehaztea, batzordeko presidentea aukeratzea, alkatea aukeratu edota bere lana etetea, hiriaren aurrekontuak zehaztea, eta, zergak ezartzea.
Tallinnek zortzi barruti ditu, eta barruti bakoitzeko gobernu taldeak hiriko estatutuak eta legeak betearazteaz arduratzen dira. Udal hauteskundeetarako honela banatzen da 63 zinegotzien aukeraketa: Haabersti barrutiak 7 zinegotzi aukeratzen ditu; Kesklinn barrutiak 8, Kristiine barrutiak: 6, Lasnamäe barrutiak: 13, Mustamäe barrutiak: 9, Nõmme barrutiak 7, Pirita barrutiak 5, eta, Põhja-Tallinn barrutiak 8.
Udal hauteskundeak urriko hirugarren larunbatean egin ohi dira, eta D'Hondt metodoa erabiltzen dute aulkien banaketa egiteko.
Tallinngo barrutiak
Tallinngo barrutiak | ||
---|---|---|
Barrutia | Azalera | Azpi-barrutiak |
Haabersti | 18,6 km² | Astangu, Haabersti, Lake Harku, Kakumäe, Mustjõe, Mäeküla, Pikaliiva, Rocca al Mare, Tiskre, Veskimetsa, Vismeistri, Väike-Õismäe, Õismäe |
Kesklinn (hiriaren erdigunea) | 28.0 km² | Aegna, Juhkentali, Kadriorg, Kassisaba, Keldrimäe, Kitseküla, Kompassi, Luite, Maakri, Mõigu, Raua, Sadama, Sibulaküla, Südalinn, Tatari, Torupilli, Tõnismäe, Uus Maailm, Vanalinn, Veerenni, Lake Ülemiste |
Kristiine | 9,4 km² | Järve, Lilleküla, Tondi |
Lasnamäe | 30,0 km² | Katleri, Kurepõllu, Kuristiku, Laagna, Loopealse, Mustakivi, Pae, Paevälja, Priisle, Seli, Sikupilli, Sõjamäe, Tondiraba, Uuslinn, Väo, Ülemiste |
Mustamäe | 8,0 km² | Kadaka, Mustamäe, Siili, Sääse |
Nõmme | 28,0 km² | Hiiu, Kivimäe, Laagri, Liiva, Männiku, Nõmme, Pääsküla, Rahumäe, Raudalu, Vana-Mustamäe |
Pirita | 18,7 km² | Iru, Kloostrimetsa, Kose, Laiaküla, Lepiku, Maarjamäe, Merivälja, Mähe, Pirita |
Põhja-Tallinn (hiriaren iparraldea) | 17,3 km² | Kalamaja, Karjamaa, Kelmiküla, Kopli, Merimetsa, Paljassaare, Pelgulinn, Pelguranna, Sitsi |
Hiri senidetuak
Tallinn ondorengo hiriekin senidetuta dago:
Erreferentziak
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ (Errusieraz) Pogoda.ru.net. (2008). Климат Таллинна. (Noiz kontsultatua: 2008-10-27).
- ↑ (Ingelesez) Statistics Estonia. Population by the place of residence and ethnic nationality. (Noiz kontsultatua: 30-09-2008).
- ↑ (Ingelesez) Tallinn.ee. (2008-01-23). Mayors of Tallinn. (Noiz kontsultatua: 2008-10-13).
- ↑ Foreign cooperation - Partner Cities. City Office in Białystok.
- ↑ Sõlmiti koostöökokkulepe Tallinna Kesklinna Valitsuse ja Carcassonne’i linna vahel. (Noiz kontsultatua: 15 February 2013).
- ↑ http://www.citypaper.lv/dartford_tallinn-s_twin_town/
- ↑ https://web.archive.org/web/20170829165421/https://visit.gent.be/en/twin-towns?context=tourist
- ↑ Twin Towns – Graz Online – English Version. graz.at (Noiz kontsultatua: 5 January 2010).
- ↑ Groningen – Partner Cities. 2008 Gemeente Groningen, Kreupelstraat 1,9712 HW Groningen (Noiz kontsultatua: 8 December 2008).
- ↑ «Kotka - International co-operation: Twin Cities» City of Kotka (Noiz kontsultatua: 22 October 2013).
- ↑ (Suedieraz) Vänorter. Malmö stad (Noiz kontsultatua: 6 November 2013).
- ↑ Twin cities of Riga. Riga City Council (Noiz kontsultatua: 27 July 2009).
- ↑ (Estonieraz) Vilniuse sõpruslinnad. 2002–2009 Tallinn (Noiz kontsultatua: 12 September 2009).
Kanpo estekak
- Tallinngo Udalaren webgunea (Estonieraz) (Errusieraz) (Ingelesez) (Alemanez) (Suedieraz) (Finlandieraz)