LIMSwiki
Edukiak
Rafael Leónidas Trujillo y Molina (San Cristobal, 1891ko urriaren 24a - Ciudad Trujillo, 1961eko maiatzaren 30a) dominikar militar eta politikaria izan zen. Dominikar Errepublikako diktadorea izan zen 1930-1961 bitartean.
Bizitza
1916-1924 urteetan, Dominikar Errepublika Estatu Batuen mende egon zen garaian, guardia nazionalean sartu zen; 1925ean buruzagi militarra zen, eta 1930. urtean Horacio Vásquez aginpidetik egotzi zuen estatu-kolpean parte hartu zuen. Urte hartan Errepublikako presidente egin zuten, eta 1932. urtean nazioko "Ongile" izendatu zuen bere burua. Nekazarien eta gudarostearen laguntzaz garapen bidean jarri zuen herrialdea eta, aldi berean, aberastasun izugarri baten jabe egin zen. Bertan behera utzi zuen adierazpen askatasuna, eta aginpidearen gaineko kontrol gogorra ezarri zuen, familiako kideen ardurapean utzi baitzituen kargu garrantzitsu ugari. Kanpoko politikagintzan Estatu Batuetako politikaren aldeko agertu zen.
Barne-oposizioa sendotzen ari zela ikusita 1952. urtean Héctor Bienvenido anaiaren esku utzi zuen aginpidea baina, artean, guardia nazionaleko buru izaten jarraitu zuen. Hainbeste hilketa, tortura eta bahiketa agindu zituen, besteak beste Jesus Galindez euskaldunarena. Ustelkeria salaketak zirela medio, Latinoamerikako estatuak biltzen dituen AEE erakundeak kondenatu egin zituen Trujilloren politika-bideak. Etxera zihoala ofizial-talde batek hil zuen.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Rafael Leónidas Trujillo |