Clinfowiki

Uranio-235 edo 235U, uranioaren isotopoetako bat da. Uranio natural guztitik %0.72 baino ez da uranio-235, gainerako guztia uranio-238 da batez ere.

Isotopo hau Arthur Jeffrey Dempsterrek aurkitu zuen 1935ean.

Uranio-235a ohiko fisio-erreaktoreetan erregai gisa erabiltzen den uranio-isotopoa da, uranio-238ak baino askoz errazago fisionatzen baita, eta baldintza jakin batzuetan erraz lortzen du kate-erreakzioa. Uranio nukleo batek neutroi bat xurgatzen duenean, bi nukleo arinagoetan banatzen da eta honi fisio nuklearra deritzo. Uranio nukleo bat haustean bi edo hiru neutroi askatzen ditu; inguruan uranio gehiago baldin badago, neutroi horiek inguruko uranio-235 nukleoak jo eta hautsiko dituzte, nukleo horiek ere neutroi gehiago jaurtiz, kate-erreakzioa sortuz. Erreaktore nuklearretan, kate-erreakzioa mantsotu eta kontrolatzen da neutroiak xurgatzen dituzten elementuak erabiliz.

Erreaktore nuklear arruntetan uranio aberastua erabiltzen da erregai gisa. Normalean uranio-235 erregaiaren %3 eta %6 arteko kontzentrazioan izan arte aberasten da, erreaktibitatea handitzeko eta erreakzioak denbora gehiagoz irauteko erregaia aldatu beharrik gabe. CANDU motako erreaktoreetan uranio ez aberastua erabiltzen da, baina ohiko erreaktoreek ez bezala ur astuna erabiltzen dute moderatzaile gisa. Halere, kontzentrazio handiagoan ere erabiltzen da, adibidez itsaspeko nuklearretan; itsaspeko nuklearrek uranio-235aren %60-70eko kontzentrazioa izaten dute. Bonba nuklearretan, aldiz, %90eko kontzentrazioan erabiltzen da.

Erregai gisa uranio-235 darabilen erreaktore nuklear batean uranio-235 atomo batek 200 MeV = 3,2 × 10-11 J askatzen ditu bataz beste, hau da, 18 TJ/mol = 77 TJ/kg.

Erreferentziak

Kanpo estekak