The US FDA’s proposed rule on laboratory-developed tests: Impacts on clinical laboratory testing
Pirinioak | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Mendirik altuena | Aneto |
Garaiera | 3.404 m |
Mota | mendikate |
Luzera | 491 km |
Azalera | 19.000 km² |
Eponimoa | Pirene |
Geografia | |
Koordenatuak | 42°40′N 1°00′E / 42.67°N 1°E |
Honen parte da | Alpetar gerrikoa |
Kokapena | Europako hego-mendebaldea |
Estatu burujabe | Frantzia |
Frantziaren banaketa administratiboa | Metropolitar Frantzia |
Eskualdea | Akitania Berria |
Geologia | |
Material nagusia | Arroka metamorfiko |
Garaia | Eozeno Paleozoiko Mesozoiko |
Pirinioak, Pirinio mendiak[1] edo, Ipar Euskal Herrian, Bortuak[2][3] (antzina euskaraz Auñamendiak[4]) Iberiar penintsularen eta Europako kontinentearen artean kokatutako mendikatea da. 415 kilometrotan zehar hedatzen da mendebaldeko Bizkaiko golkotik (Ozeano Atlantikoan) sortaldeko Creusko lurmuturrera (Mediterraneo itsasoan), eta erdialdean 150 kilometroko zabalera du. Gailurrik altuena Aneto mendia da, 3.404 metro garai dena. Mendebaldeko muturrean dago Euskal Herria.
Iparraldeko isurialdean, Akitania, Languedoc-Roussillon eta Erdialdeko Pirinioak eskualdeetan zehar hedatzen da. Hegoaldekoan, Hego Euskal Herria, Aragoi eta Katalunia zeharkatzen ditu. Andorrako estatu txikia Pirinioetan kokatua dago, Kataluniaren ipar-mendebaldean parean.
Pirinioak zeharkatzen dituzten hiru ibilbide nagusi daude mendizaleentzat: GR10 iparraldeko magalean, GR11 hegoaldeko magalean eta Pirinioetako Ibilbide Garaia.
Etimologia
Dirudienez, Pirinioak izena greziar mitologiako Atlasen alaba Pirene-ri zor zaio. Greziarren ustez, Pirene ingurune honetan bizi zen gazte bat zen, Herkulesek bere bidaietako batean topatu zuena. Elezaharraren arabera, Herkulesekin izandako harremanen ondorioek izututa (heroiak bortxatu egin zuen eta gero suge bat erditu zuen neska gazteak) aitarengandik ihes egin eta ingurune basatian hil zen Pirene. Herkulesek gorpua aurkitzean, lurrari orro egin zion gaztearen gorputza babes eta ohora zezaten, mendikatea sortuz. Beste elezahar batzuk diote mendikatearen izena aitzinako grezierazko πῦρ (pŷr, sua) hitzetik datorrela, eta mendi hauetan gertatu ziren sute handietatik datorkiola.
Beste teoria batek dioenez, euskal jatorria izango luke toponimoak. Honen arabera, jatorrizko izena Ilene os izango litzateke, Ilargiaren mendiak, Ilene ilargia baita.
Antzinako "Auñamendiak" izenari dagokionez, jatorriz Auñamendi gailurra izendatzeko erabiltzen zela dirudi (hala da oraindik ere), eta hedaduraz mendikate osoa izendatzeko ere baliatzen zela. Gaur egun, Nafarroa garaiko eskualde baten izena ere bada Auñamendi, hain zuzen mendikatearekiko duen hurbiltasunagatik. Badirudi Auñamendiren etimologia Auña (ahuntza) eta mendia elkarturik sortua dela, "ahuntzen mendia" esanahia edukiko luke beraz.
Beste batzuen ustetan, "auña" elementua "jauna" hitzetik letorke, eta "jaunaren mendia" litzateke Auñamendi, mendiak ingurukoentzat zuen izaera sakratuaren adierazle.
Geologia
Ikuspuntu geologikoaren aldetik Pirinioak ezin dira mendikate moduan definitu, guk Pirinio deitzen duguna baino haratago hedatzen baitira Pirinioak barne hartzen dituen egitura geologikoak. Pirinioen arrokak eta egiturak mendikatearen alboetara hedatzen dira, Creuseko lurmuturretik Galiziaraino iritsiz, ur azpitik Kantauriar Itsasoan murgildutako egiturak ere aurki daitezkeelarik[5][6]. Zentzu horretan, Pirinioak ez dira Iberiar penintsularen eta Frantziaren arteko istmoa soilik, hau da, Iberiar Penintsula Europara lotzen duen estugunea.
Berez Pirinioak Alpetar orogenian altxatu ziren, Kretazeoan eta Zenozoikoan zehar, baina askoz ere lehenago Pirinioen sorreran ezinbestekoak izango ziren prozesuak gertatzen hasi ziren, zehazki Pangea superkontinentea apurtzen hasi zenean[7], hau da, Paleozoikoaren bukaeran, Permiarrean[8]. Bere bilakaera geologikoa, Permiarretik gaur egunera Iberiako plakaren iparraldean gertatutako aldaketa sedimentario, tektoniko, paleogeografiko eta paleoklimatikoen ondorioa da, batez ere, jasan dituen latitude aldaketak eta Europako plakarekiko izan duen harremanak eraginda[9].
Laburbilduz, Mesozoikoan ingurune osoak estentsio ez jarraitua pairatu zuen eta, horiek lurrazalaren mehetzea, bolkanismoa, subsidentzia handiko arro sedimentarioen sorrera eta Iberia eta Europako plaken arteko urrunketa baldintzatu zuten. Ondoren, Kretazeoaren bukaeratik eta Miozenoa bitartean, bi plaken arteko konbergentziak eta ondoriozko kolisioak Mesozoikoko arro sedimentarioen inbertsio tektonikoa eta deformazioa eragin zuten, Alpetar orogenian.[10]. Orogeniak arro sedimentarioen azpiko basamentu hertziniarrean eragina izan zuen, berriz deformaraziz[11]
Barne antolaketa
Pirinioek bergentzia bikoitz simetrikoko orogenoa osatzen dute, eta horretan oinarritzen da Pirinioetako zatiketa. Bost eremu tektoniko bereizten dira iparraldetik hegoaldera: Akitaniako lurraldeaurre arroa, Ipar Pirinioetako eremua, Eremu axiala, Hego Pirinioetako eremua eta Ebroko lurraldeaurre arroa[10].
Iruñeko failak Pirinioen egitura geologikoa bi zatitan banatzen ditu[12], ekialdean Pirinio deritzon eremua eta mendebaldean Kantauriar mendikatea, zeinetan beste hiru eremu bereizten diren, aldi berean: Eusko Kantauriar arroa, Asturiasko mendigunea eta Mendebaldeko eremua.
Ipar Pirinioetako eremua
Zamalkadurek pilaketa inbrikatua osatzen dute. Iparraldeko muga Ipar Pirinioetako aurrezamalkadura da hegoaldekoa Ipar Pirinioetako faila, ziur asko Pirinioetako egitura tektonikorik garrantzitsuena. Sedimentazioa Mesozoikokoa da eta basamentu hertziniarreko materialen azaleramendu nahasi asko tartekatzen dira. Basamentu Hertziniar deformatua, blokeetan kontsideratzen da, eta Pirinioetako mendigune deritzen egiturak eratzen ditu, horien artean eta Euskal Herrian Bortzirietako eta Urtsuako mazizo paleozoikoak adibidez. Zamalkadura eta toles iparralderako bergentzia dute. Zamalkadurek pilaketa inbrikatua osatzen dute. Eremu horretan kontinente lurrazalaren azpiko mantuko azaleramenduak ugariak dira, lherzolitez osatuta batez ere. Ipar Pirinioetako faila zabalera aldakorra duen deformazio bortitzeko eremua da. Ipar Pirinioetako eremua eta eremu axiala mugatzen ditu. Joskera tektonikoa islatzen du, hau da, antzinako bi plaken arteko kolisio muga, baina ez dago ofiolitarik bi kontinenteen artean ez zelako ozeano lurrazalik garatu.
Eremu axiala
Toles eta zamalkadura gerrikoaren zati bat da. Basamentuko arroka paleozoikoz osatuta dago batez ere, eta neurri baxuagoan estalki sedimentarioko arrokak. Pilaketa antiformala duten zamalkadurak daude bertan baina piriniotar orogeniari lotutako plutonismoaren arrastorik ez dago adin bereko metamorfismoaren hedapena oso mugatua da.
Pirinioak berez ez dute piriniotar orogeniari lotutako barne eremu kristalinorik, baina bai kontsidera daiteke orogenia hertziniarreko barne eremu kristalinoaren arrastoak daudela. Egitura alpetarrak soilik zenbait zamalkadura eta gradu altuko metamorfismoa erakusten duten arroka gutxi batzuk.
Hego Pirinioetako eremua
Arroka mesozoikoen desplazamendua eragiten dituzten zamalkadurak dira nagusi. Aldentze maila moduan Keuper fazieseko ebaporitak erabiltzen ditu eta Ebroko lurralde aurre arroko arroken gainean kokatzen da. Thin skinned edo azaleko tektonika deritzon estilo tektonikoan antolatzen da. Hegoalderanzko bergentzia dute hemengo egiturak.
Kolisio hasten den momentutik (Kretazeoan) hegoaldean eta iparraldean lurralde aurre arroak eratzen hasten dira: Ebroko lurralde aurre arroa eta Akitaniako lurralde aurre arroa hurrenez hurren.
Akitaniako lurraldeaurre arroa
Goi Kretazeoko eta Paleogenoko sekuentziekin dago eratuta. Ipar Pirinioetako aurre zamalkaduraren azpiko blokean kokatzen da. Konpresioa hasten denean arroa ixten da eta sedimentazioa itsastarra izatetik kontinentala izatera pasatzen da.
Ebroko lurraldeaurre arroa
Zabalagoa da eta sekuentzia sedimentario lodiagoa du. Bertan sedimentazio itsastarra gehiago luzatu zen Atlantikoko uren sarreraren ondorioz, eta ebaporitak metatu ondoren sedimentazio kontinentala bihurtzen da. Ondoren arroa goratzen da eta mendikatez inguratuta geratzen da (Pirinioak, Kataluniako mendizerra eta Iberiako mendilerroa). Hor laku bat garatzen da mendien sare alubialaren bukaera dena. Orain dela 5-8 milioi urte Ebro ibaia sortzen da eta Mediterraneorako bidea zabaltzen du laku hori lehortuz. Horren aztarnen adibide Bardea edo Monegros dira.
Bilakaera geologikoa
Orogenia hertziniarra
Paleozoikoan zehar gertatutako plaka tektonikoen mugimenduaren ondoriozko mendikateen eraketa prozesua izan zen, zehazki Devoniar-Permiar gertatu zen eta 100 milioi urte inguru iraun zuen. Laurasia eta Gondwana izeneko bi masa kontinental handiren arteko kolisioaren ondorio izan zen eta Pangearen sorrera eragin zuen.
Orogenia hertziniarrean sortutako mendikateak Permiar eta Mesozoikoan suntsituz joan ziren higaduraren ondorioz penilautadak eratu ziren, hauek basamentu zurrun bezala ondorengo sedimentaziorako erabiliak izan zirelarik.
Goi Proterozoikotik Karboniferora arteko material deformatuak daude, nahiz eta geroago orogenia Alpetarraren eragina jasan. Adin horretako materialen adibide ortogneis ordoviziarrak eta granitoide hertziniarrak dira, hauen azaleramenduak, batez ere, Euskal Mazizoetan eta eremu axialean aurki daitezkeelarik. Azaleramendu hauek E-M noranzkoko domo egituretan antolatzen dira non metamorfismo gradu altuagoko arroka zaharrenak aurkitzen diren, eta domo artean , ordea, sinklinorioetan antolatuta metamorfismo gradu baxuagoko arroka gazteagoak daude, hauek mendebaldean arruntagoak direlarik.
Estentsio fasea
Orokorrean estentsioa izan zen nagusi Iberiar plakan. Egoera horretan Iberiaren barnean, hegoaldean eta iparraldean rift egiturak sortu ziren. Mesozoikoaren hasieran Laurasiaren (Ipar-Amerika, Europa zati bat eta Asia barneratzen zituen) apurketa hasten da, Iberiar plaka independenteki mugitzen hasten delarik, Eurasia eta Afrikako plaken artean. Horren ondorioz, Pirinioetako riftak ESE-WNW norabidearekin zabaltzen zen Iberia eta Europaren artean, Bizkaiko Golkoaren eta Tethis ozeanoaren (Afrika eta Europa banatzen zituen eta Panthalassa ozeano unibertsalarekin elkartzen zen) arteko pasabide gisa. Estentsioa Jurasikoan zehar ere luzatu zen eta lurrazal goratu eta airepean geratu zen.
Jurasiko berantiarrera arte ez ziren ondo definituriko ildo sedimentariorik eratu, gaur egun mendikatea dagoen posizio geografiko eta antolaketa berberean eratu ziren. Periodo horretan zehar, eta zehazki Goi Kretazeoan, banaketa aktibo bat gertatu zen Iberia eta Europaren artean, eta hori Bizkaiko Golkoko zerrendan hurrengo prozesuak sortarazi zituen: lurrazal kontinentalaren estentsioa eta mehetzea, faila normalen eraketa eta fosa tektonikoen hondoratzea. Fosak arro sedimentarioak adierazten zituztelarik, subsidentzia prozesu horretan milaka metro sedimentu pilatu ziren.
Estentsioa bukatzen denerako Europa eta Iberia kontinenteak banatuta daude, baina ez plakak, hauen artean ez zelako lurrazal ozeanikorik eratu.
Deformazio alpetarra
Kretazeoaren bukaeratik eta Miozenoa bitartean, bi plaken arteko konbergentziak eta kolisio diakronikoak Mesozoikoko arro sedimentarioen inbertsio tektonikoa eta deformazioa eragin zuten, orogenia Alpetar edo Piriniarrean. Orogeniak arro sedimentarioen azpiko basamentu hertziniarrean eragina izan zuen, berriz deformaraziz.
Tolestura alpetar-himalaiarra gertatu zenean, iberiar plaka iparralderantz mugitu zen eta Eurasiako plakaren kontrako kolisioa hasi zen. Presio handi hori eta lurrazalaren altxatzea lehenik ekialdeko aldean izan zuten eragina eta progresiboki mugituz joan ziren mendebalderantz mendikate osoan zehar, Eozenoan bukatuz.
Konpresio fase berria abiatzen da Iberiako eta Europako ertzak bat egiten dutenean, peridotiten domeinuaren subdukzioa bukatu ondoren.
Gaur egun bi ertzen artean dagoen harremana kontutan hartuz, kolisioaren hasieran Iberiako ertza Europako ertzaren gainetik labainduko zen, bi plaken arteko muga adierazten duen ipar-Pirinioetako zamalkaduraren gainetik.
Iberiar plaka eta Eurasiar plakaren arteko konpresio indarrak piriniotar eremua betetzen zuen arroaren ixtea eta altxatzea eragin zuen. horrela sortu zen gaur egungo mendikatea Akitaniako eta Ebroko lurralde aurre arroaz inguraturikoa. Estruktura tektonikoetan erreparatuz gero, ikusi daiteke Akitaniako arroaren gainean kokatutako toles eta zamalkadura gerrikoak barne zamalkadura eta tolesak erakusten ditu iparralderanzko bergentzia dutenak. Eta eremu axialean ordea egiturak hegoalderanzko bergentzia dute hegoaldeko toles eta zamalkadura gerrikoaren antzera, Ebroko arrorantz.
Konpresio indarra Miozenoan gelditu zen.
Gailurrak
Pirinioetako atal bakoitzean, gailurrik nabarmenenak hauek dira:
Mendebaldeko Pirinioak
- Mendebaldeko Nafarroako Pirinioak
Mendebaldetik hasita, Aiako harria (837 m) da sortaldeen dagoen tontorra, Gipuzkoa (Irun) eta Nafarroa (Lesaka) arteko mugan. Aldamenean, Larhun (905 m) mendia dauka, Nafarroa (Bera) eta Lapurdi artean (Urruña eta Sara). Ibanteli (698 m) eta Arxuria (758 m) ere mugakideak dira, Etxalar, Zugarramurdi eta Sara artean.
Baztan aldean, Alkurruntz (934 m), Alkaxuri edo Irubelakaskoa (967 m), Gorramendi (1.071 m) eta Saioa (1.418 m) tontorrak, eta Iparla (1.049 m) eta Hauza (1.304 m) mugakideak, Izpegiko mendatetik irisgarriak. Azken bi gailur hauek, Nafarroa Behereko mugan daude, Bidarrai eta Baigorri herrietatik gertu. Lapurdi aldera, ez sobera urruti, Artzamendi dago (931 m), Itsasu gainean.
- Erdialdeko Nafarroako Pirinioak
Erdialdean, Ibañetako mendatea dugu, Orreaga eta Luzaide artean. Ortzantzurieta (1.567 m), Astobizkar (1.506 m), Txangoa (1.471 m) eta Urkulu (1.419 m) mendiak daude ingurune horretan. Azken hau, Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherearen arteko mugan.
Bestela, mendebalderago, Adi (1.457 m) mendia dugu, Zilbeti herriaren gainean. Ekialderago, ordea, Berrendi (1.354 m), Abodiko mendilerroaren mendebaldeko muturrean, Hiriberri (Aezkoa) aldean. Iparralderantz, Errozate (1.345 m) eta Okabe (1.466 m) ditugu, Baxenabarren.
- Ekialdeko Nafarroako Pirinioak
Ekialdean, azkenik, Orhi (2.017 m) dugu, sortaldeen dagoen bimilakoa, Zuberoa (Larraine) eta Nafarroa Garaiaren (Otsagabia) arteko mugan kokatuta, Kartxela (1.982 m), Otsogorrigaña (1.922 m) eta Lakhura (1.877 m) bezala. Xardekagaña edo Barazea (1.893 m) Zuberoan dago.
Hiru Erregeen Mahaia (2.446) sartaldeen kokatuta dagoen tontorra da, Bearno, Huesca eta Nafarroa arteko mugan, eta Euskal Herriko mendirik garaiena da. Auñamendi (2.507 m), bestela, Bearnon kokatuta dago. Izena ematen die Pirinioei orokorrean, Auñamendiak alegia. Arlas (2.044 m), hortik hurbil, Zuberoa eta Nafarroa artean dugu.
Txamantxoia edo Maze (1.941 m) eta Petretxema (2.366 m) Nafarroa Garaia eta Huescaren artean daude.
Erdialdeko Pirinioak
- Argazki makinaren kokalekua: 42°30′03″N 0°48′35″W / 42.50083°N 0.80972°W
- Midi d'Ossau (2885 m)
- Collarada (2.886 m)
- Balaitus (3.146 m)
- Gran Facha (3.005 m)
- Pic Long (3.192 m)
- Néouvielle (3.091 m)
- Vignemale edo Pique Longue (3.298 m)
Ordesa eta Monte Perdido
- Monte Perdido (3.352 m)
- Cilindro (3.328 m)
- Soum de Ramond edo Pico Añisclo (3.254 m)
- Marbore (3.248 m)
- Taillon (3.144 m)
- Torre de Marboré (3.009 m)
- Marboré Kaskoa (3.006 m)
- Astazu (3.077 m)
Pineta
- La Múnia (3.134 m)
Gistain
- Bachimala edo Punta Schrader (3.177 m)
- Sable Tontorra (3.136)
Benasque
- Posets edo Llardana (3.375 m)
- Espadas (3.332 m)
- Pavots (3.121 m)
- Gran Eriste (3.053 m)
- Aneto (3.404 m)
- La Maladeta (3.312 m)
- Maldito (3.350 m)
- Russell (3.205 m)
- Margalida (3.241 m )
- Tempestades (3.290)
- Alba (3.118 m)
- Mulleres (3.010 m)
- La Forcanada
- Vallibierna (3.067 m)
- Perdiguero (3.222 m)
- Gourgs Blancs (3.129 m)
- Cabrioules edo Cabrioles (3.116 m)
- Maupas (3.109 m )
- Salvaguardia (2.738)
Luchon
- Spijeoles (3.066 m)
- Gran Quayrat (3.060 m)
- Lézat (3.107 m)
Ekialdeko Pirinioak
- Mulleres (3.010 m)
- Comaloforno (3.029,5 m)
- Punta Alta (3.014 m)
- Colomers (2.930 m)
- Montvallier (2.859 m)
- Montsent (2.881 m)
- Montcalm (3.080 m)
- Pica d'Estats (3.140 m)
- Pedrosa (2.948 m)
- Pic de Serrère (2.911 m)
- Puig Pedrós (2.914 m)
- Pic de Carlit (2.921 m)
- Tossa d'Alp (2.537 m)
- Puigmal (2.909 m)
- Pic de Llonzes (2.832 m)
- Canigó (2.785 m)
- Costabona (2.464 m)
- Roc de France (1.449 m)
- Noulos (1.257 m)
- Alberes (975 m)
Glaziarrak
Europan hegoaldeen dauden glaziarrak dira Pirinioetakoak, eta ugariagoak dira penintsulako aldean alde kontinentalean baino. Gaur egungo Pirinioetako glaziarrak glaziazio garaiko izozteen azken arrastoak dira[13]. Kuaternarioko glaziazioak eragin handiagoa izan zuen Piriniotan penintsulako gainerako mendikateetan baino eta honen ondorioz, modelaketa glaziarraren aztarnak ikusten dira Canigo-tik Adi mendiraino. Glaziazioaren aztarnak dira Pirinioetako zirkuak eta haran luze, zabal eta borobilduak.
Gaur egungo iboi gehienek jatorri glaziarra dute. Pirinioek zirku-glaziarrak eta mihi txikiak 3.000 metrotik gora aurki daitezke bakarrik: Balaitus, Vignemale, Monte Perdido eta Maladeta.
Egun 19 glaziar daude Pirinioetan, baina haietatik 10 soilik dira benetako glaziarrak, beste 9ak elurtegi edo izoztegitzat jotzen dira. Geratzen diren glaziarrak atzeratze fasean daude eta desagertzeko bidean. Anetoko glaziarra (mendikateko handiena), Maladetako glaziarra, Monte Perdidoko glaziarra, Ossoueko glaziarra eta Taillongo glaziarra dira Pirinioetako glaziar aipagarri batzuk.
Glaziarren desagerpena lurraren berezko tenperatura aldaketa zikloen baitan ulertu behar da, baina azken urteetako aldaketa klimatikoak azkartu egin du prozesua. 1850ean hasi zen atzerakada, Izotz Aro Txikia bukatzean[14], baina 1990etik nabarmenki azkartu da glaziarren desagerpena[15]. 1830ean Pirinioetako glaziarren guztizko azalera 20 km2-koa zela kalkulatu da, gaur egun 5-7 km2-koa delarik. Zenbaitek handiagoa deritzote atzerapenari[16]. Kopuru osoari dagokionez, azken 35 urteetan glaziarren erdia desagertu da[17].
Ibaiak
Elurraren presentzia handia da Pirinioetan neguan eta prezipitazioa ohikoa da urte osoan. Glaziarrak ere baditu, horiek azken hamarkadetan asko galdu diren arren. Lurrazal malkarra izanik, goi-mendietan sortzen diren erreka eta ibaiak malda handikoak eta lasterrak dira. Goi Pirinioetan, Zuberoan bereziki, "uhaitz" izena hartzen dute. Gaskoiez eta frantsesez, "gave" eta "neste" izenekin ere ezagunak dira, eskualdearen arabera.
Iparraldeko isurialdean:
Hegoaldeko isurialdean:
Bioaniztasuna
Alpeen ondoren, bioaniztasun handieneko bigarren gunea dira Pirinioak Europan. Bioaniztasun horren arrazoia bi itsasoren artean egotea da, Atlantikoa eta Mediterraneoa.
Flora
4.500 landare espezie baino gehiago bizi dira Pirinioetan, Europako espezieen herena. Haietatik 346 bertan bakarrik aurki daitezke, beraz, Pirinioetako endemikoak dira (Pirinioetako kuku-belarra, adibidez).
Zuhaitzetan, ugariak dira mendi-pinua eta pinu gorria garaiera handietan, pagoa eta izei zuria tarteko garaieratan, eta arteak, haritzak eta gaztainondoak mendi magaletan.
Mendilerroaren sortalde-sartalde orientazioak bi magaletan landareen konposizioa ezberdina izatea dakar, bata iparralderantz eta bestea hegoalderantz begira egonik, hezetasun eta eguzki-argi kopuru ezberdina baitute.
Fauna
Pirinioetan zenbait animalia espezie berezi aurki daitezke. Haietako batzuk arrisku larrian daude edo egon dira: Europar hartz arrea, mendi hauetan desagertzear zen arren berriz sartzeko ahaleginetan ari direna[18][19], Pirinioetako basahuntza, XX. mende hondarrean desagertua[20], Pirinioetako sarrioa, desagertzeko zorian egonik errekuperatzen ari dena, edo ugatza, Europatik desagertua baina Pirinioetan oraindik bizi dena. Otsoa XX. mendean zehar desagertu zen Pirinioetatik, nahiz eta azken aldian kanpotik heldutakoak ikusi izan diren[21].
Espezie endemikoen artean, Pirinioetako desmana eta uhandre piriniotarra dira aipagarriak, nahiz eta beste zenbait ere badiren. Babesturik baina arrisku larrian ez daudenen artean, oreinak, orkatzak, basurdeak, Pirinioetako marmotak, basoilarrak, arrano beltzak, saiak, eta abar luze bat aipa daitezke.
Pirinioetan, gainera, gizakiak abeltzaintza praktikatu du Neolitikotik. Bisaurrin (Huesca) K.a. 5 milurtekotik aurrera abeltzainek okupatutako kobazulo bat aurkitu da[22].
Babesguneak
Parke eta erreserba natural garrantzitsuenak honakoak dira:
- Ordesa eta Perdidoko Parke Nazionala
- Pirinioetako Parke Nazionala
- Aigüestortes eta San Maurizioko parke nazionala
- Posets-Maladeta Parke Naturala
Euskal Herrian
Pirinioetako Euskal Herrian landare askoren banaketa muga gertatzen da. Munduan Pirinioetan bakarrik dauden landareetako batzuen mendebaldeko muga Nafarroa Garaian, Gipuzkoan edo Araban dago. Kantauri aldeko mendietako landare askoren muga ere bada. Euskal Herriko Pirinioen berezitasuna klima atlantikoaren eragina da.[23]
Klima
Mendialdeko klima da Pirinioetako klima nagusia, prezipitazio ugariak eta tenperatura baxuak dira nagusi. Hala ere, esan beharrekoa da iparraldeko magalek klima ozeanikoaren eragina jasaten dutela, eta hegoaldekoek berriz klima mediterraneoarena. Horrek eragina du prezipitazioan, iparraldeko aldea hezeagoa baita.
Klima aldaketa Pirinioetan
Klima aldaketak Pirinioetako landarediari dakarkion eragina batez ere bost landare hauetan behatu da:[24]
- Sorbus chamaemespilus. Otsalizarraren familiakoa, 1,5 metroko zuhaixka, estai subalpetarrean bizi da.
- Phyteuma hemisphaericum. Kanpanulazeoen familiakoa da eta gailurretako belardietan eta granitozko harrien arrakaletan bizi da.
- Salix herbacea. Sahats arrastakaria, klima hotz gogorretakoa.
- Gentiana burseri. Pirinioetan bakarrik bizi da, eta 30-40 zentimetrokoa da.
- Salix pyrenaica. Sahats mota bat da, metro erdikoa. 1.200-2.500 metro artean hazten da, eta batez ere mendebaldeko Pirinioetan dago.
Euskal Herriko eskualdeak
Mendebaldetik ekialdera, Euskal Herriko eskualde hauetan dago Pirinioen mendebaldeko muturra:
- Oiartzualdea
- Bidasoaldea eta Hendaiako Kantonamendua
- Bortziriak, Baztan, Ezpeletako kantonamendua eta Baigorriko kantonamendua
- Erroibar, Luzaide eta Orreaga udalerriak, eta Donibane Garaziko kantonamendua
- Aezkoa, Zaraitzu, Erronkaribar eta Atharratzeko kantonamendua.
Pirineistak
Mendikate honen azterketan aritutako mendizale eta zientzialari ospetsuetako batzuk hauek dira:
- Louis Francois Ramond de Carbonnières (1755-1827), naturalista.
- Henry Russell (Toulouse, 1834 - Biarritz, 1909), Russell-Killough kondea.
- Franz Schrader (Bordele, 1844 - Paris, 1924), geografoa.
Eskiatzeko zein aisialdirako instalazioak
Mendikate honetan aisialdirako egokitutako ingurune ugari dago, klimak eta edertasunak erakarrita jende asko gerturatzen baita. Eskiatzeko instalazioek toki ugari behar dutenez, erabat eraldatu dute goi-mendian egiten den lurraren erabilera.
- Espainian dauden eski-estazioak hauek dira: Candanchu [1], Astun [2], Formigal [3], Panticosa-Los Lagos [4], Cerler [5], BoíTaül Resort [6], Baqueira Beret [7], Port-Ainé [8], Port del Comte [9], Espot Esquí Parc [10], Tavascan [11], La Molina [12], Masella [13], Vall de Núria [14], Vallter 2000 [15], Rasos de Peguera [16].
- Andorran: Ordino Arcalis [17], Pal Arinsal [18], Pas de la Casa-Grau Roig [19], Soldeu el Tarter [20], La Rabassa [21].
- Frantzian: La Pierre-st Martín, Artouste [22], Gourette [23], Luz Ardiden [24], Cauterets [25], Hautacam [26], Bareges [27], Gavarnie-Gèdre, La Mongie [28], Piau Engaly [29], Saint Lary [30], Val Louron [31], Peyragudes [32], Luchon Superbagneres, Porte Puimorens, Ax-Les-Thermes, Font Romeu, Les Angles, Puyvalador, Formigueres, Puigmal 2600, Cambré d´Aze, Guzet, Les Mont d´Olmes, Ascou-Pailheres, Mijanes-Donezan.
Erreferentziak
- ↑ Euskaltzaindia. Europako toponimia fisikoa. .
- ↑ «Bortu» Euskaltzaindiaren Hiztegia. .
- ↑ «Bortu» Orotariko Euskal Hiztegia. .
- ↑ (Ingelesez) Ad Britannia: First Century Roman Invasion of Britain Book One Ad 23 to 52, Donald A. Walbrecht Ph.D., Trafford Publishing, 2016, 200 pages. The Vascones you'll meet in our Pirinioak or Auñamendiak mountains speak a language unlike the Iberian or Gallian Bascos. Although we've had extensive contacts with Roman traders since Republic times...
- ↑ (Ingelesez) Grimaud, S.; Boillot, G.; Collette, B.J.; Mauffret, A.; Miles, P.R.; Roberts, D.B.. (1982-1). «Western extension of the Iberian-European plate boundary during the Early Cenozoic (Pyrenean) convergence: A new model» Marine Geology 45 (1-2): 63–77. doi: . (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
- ↑ (Ingelesez) Sibuet, Jean-Claude; Srivastava, Shiri P.; Spakman, Wim. (2004-8). «Pyrenean orogeny and plate kinematics: PYRENEAN OROGENY AND PLATE KINEMATICS» Journal of Geophysical Research: Solid Earth 109 (B8) doi: . (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
- ↑ (Ingelesez) Juezlarre, J; Andriessen, P. (2006-03-15). «Tectonothermal evolution of the northeastern margin of Iberia since the break-up of Pangea to present, revealed by low-temperature fission-track and (U–Th)/He thermochronologyA case history of the Catalan Coastal Ranges» Earth and Planetary Science Letters 243 (1-2): 159–180. doi: . (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
- ↑ Pyrénées, 500 millions d'années : itinéraires géologiques dans le Parc national des Pyrénées. Parc national des Pyrénées occidentales 1983 ISBN 2715900244. PMC 461674060. (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
- ↑ (Ingelesez) Frizon de Lamotte, Dominique; Fourdan, Brendan; Leleu, Sophie; Leparmentier, François; de Clarens, Philippe. (2015-5). «Style of rifting and the stages of Pangea breakup: STYLE OF RIFTING AND PANGEA BREAK-UP» Tectonics 34 (5): 1009–1029. doi: . (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
- ↑ a b Geología de España. Sociedad Geológica de España 2004 ISBN 8478405461. PMC 61357233. (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
- ↑ (Ingelesez) Dèzes, P.; Schmid, S.M.; Ziegler, P.A.. (2004-9). «Evolution of the European Cenozoic Rift System: interaction of the Alpine and Pyrenean orogens with their foreland lithosphere» Tectonophysics 389 (1-2): 1–33. doi: . (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
- ↑ Vergés, J. (2003). Evolución de los sistemas de rampas oblicuas de los Pirineos meridionales: fallas del Segre y Pamplona. Bol. Geol. Min, 114(1), 87-101.
- ↑ Eñaut, Rico Lozano, Ibai Izagirre Estibaritz. (2021-09-01). «Pirinioetako glaziarrak galzorian» Elhuyar aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2021-09-10).
- ↑ Galarraga Aiestaran, Ana. «Aragoiko glaziarrak, zuritik beltzera» Elhuyar zientzia (Noiz kontsultatua: 2019-11-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Glaciaciones y glaciares del Pirineo» Sociedad Geografica Española (Noiz kontsultatua: 2019-11-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Torrelles, Oriol. «Los glaciares de los Pirineos tienen la muerte anunciada en pocas décadas» lugares de nieve (Noiz kontsultatua: 2019-11-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Así han cambiado los glaciares del Pirineo en 30 años» el Heraldo de Aragon (Noiz kontsultatua: 2019-11-11).
- ↑ Galarraga Aiestaran, Ana. «Pirinioetako hartza, arnasa estututa» elhuyar (Noiz kontsultatua: 2019-11-11).
- ↑ Gonzalez de San Pedro, Asier. «Frantziako Gobernuak bi hartz askatuko ditu Pirinioetan» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-11-11).
- ↑ (Ingelesez) McKenna, John. «This animal went extinct twice» weforum.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Oller Mitjanas, Ariadna. «La reaparición del lobo en los Pirineos abre el debate sobre su protección» la Vanguardia (Noiz kontsultatua: 201911-11).
- ↑ (Ingelesez) Tejedor-Rodríguez, Cristina; Moreno-García, Marta; Tornero, Carlos; Hoffmann, Alizé; García-Martínez de Lagrán, Íñigo; Arcusa-Magallón, Héctor; Garrido-Pena, Rafael; Royo-Guillén, José Ignacio et al.. (2021-01-06). Biehl, Peter F. ed. «Investigating Neolithic caprine husbandry in the Central Pyrenees: Insights from a multi-proxy study at Els Trocs cave (Bisaurri, Spain)» PLOS ONE 16 (1): e0244139. doi: . ISSN 1932-6203. PMID 33406086. PMC PMC7787385. (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
- ↑ Edu Lartzaguren, «Klima aldaketaren landaregrafia», Berria, 2014-12-10
- ↑ «KLIMA ALDAKETA», Berria, 2014-12-10
Bibliografia
- Teixell,A.(2000): Investigación y Ciencia
Kanpo estekak