The US FDA’s proposed rule on laboratory-developed tests: Impacts on clinical laboratory testing

Mikael Agricola
Agricolaren irudia Testamentu Berria itzultzen. Irudi gehiago
Lutheran Bishop of Turku (en) Itzuli

1554 - 1557
Bizitza
JaiotzaPernåc. 1510
Herrialdea Suedia
Talde etnikoaFinn etnia
HeriotzaUusikirkko1557ko apirilaren 9a (46/47 urte)
Hobiratze lekuaVyborg
Hezkuntza
HeziketaMartin Luther University Halle-Wittenberg (en) Itzuli
Hizkuntzakfinlandiera
latina
Jarduerak
Jarduerakhizkuntzalaria, apaiza, itzultzailea, teologoa, poeta eta Bibliaren itzultzailea
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaLuteranismoa

Musicbrainz: 34e0c883-5975-45a1-a8ec-8c1dbb7003d5 Discogs: 4895776 Edit the value on Wikidata

Mikael Agricola (c. 1510 – 1557ko apirilaren 9a) finlandiar elizgizon, idazle eta itzultzailea izan zen, Erreforma Protestantea Suediar Erresuman zabaltzen eginiko lanagatik eta finlandieraz idazten lehenbizikoa izateagatik ezaguna. Ikasketak Vyborgen eta Åbon egin ondoren, Skyte apezpikuak Wittenbergeko unibertsitatera bidali zuen eta bertan, garaiko erreformatzaile eta humanista ospetsuenen giroan ibili zen: Melanchthon eta Luther beraren eskolak jaso zituen. Haien gomendioak jarraitu eta Åbora itzuli zen, bertan aldaketei hasiera emateko; hain zuzen ere, Finlandia osoko lehen apezpiku luteranoa bihurtu zen 1554an, eta ezkontzen ere, lehenbiziko apaiza izan zen (1550ean)[1].

Erreforma Protestantea Finlandiara zabaltzeko Gustavo Vasa erregearen onespena izan zuen eta orduan, erlijio-lanak finlandierara itzultzeko lanari ekin zion. Gazte hil zen arren, guztira, bost obra argitaratu zituen, haien artean, finlandieraz inoiz idatzi den lehena, Abckiria edo Abc-liburua (1543); hor, hizkuntza horretan irakurtzeko, idazteko eta ahoskatzeko teknikak irakasten dira. Horrekin batera, Rucouskiria otoitz-liburua (1544), eta haren maisulana izan zena, Se Wsi Testamenti edo Testamentu Berriaren itzulpena (1548)[2][3].

Biografia

Haurtzaroa

Michael Olaui edo Mikkel Olofsson (finlandieraz, Mikael Olavinpoika) Pernå (finlandieraz, Pernaja) udalerriko Torsby herrian jaio zen, Finlandiako hego-ekialdean. Jaiotzari buruzko berririk agertzen ez den bitartean, egun zehatza jakitea ezinezkoa da; hala ere, haren lekukotasunak eta bizitzaren bilakaera jarraituz gero, pentsatzekoa da 1510ean izan zela. Izena Done Mikel Pernåko elizaren santu patroiaren omenez datorkio. Familia oparoa zuen; aitaren izena ezaguna da, Olavi (suedieraz, Olof); ama eta hiru alabena, berriz, ezezaguna da. Gurasoak XVI. mendearen erdialdean zendu zirela uste da, aita 1540ko hamarkada hasieran eta ama, aldiz, 1550ekoan[4].

Antza denez, oso mutiko adimentsua eta azkarra zen, eta jakin-minari esker eskola erraz jaso zuen 1550eko hamarkada bukaerarako. Lehenbiziko irakasleak, Pernåko parrokiako bikarioak, gurasoei mutikoa Vyborgeko Latin Eskolara bidaltzeko proposatu zien, bertan bere gaitasunari Torsby herrian baino etekin handiagoa aterako ziolakoan. Haren garaian, oso eskola ospetsua zen: besteak beste, Erasmo Rotterdamgoa bertan ikasle izan zen XV. mendearen bukaeran. Hor sartzeko, ezinbestekoak ziren heziketa ordaintzeko ahalmena, berezko adimena eta bikarioaren gomendioa; beraz, familia xumekoa zen arren, pentsatzen da familiak diru-poltsa nahiko betea zuela buruhauste gabeko bizimodua bizitzeko eta semearen ikasketak ordaintzeko. Vyborgen germaniar merkatari humanisten giroan ibili zen eta bertan, aitaren bizibidearen latinezko izena deituratzat hartu zuen: "Agricola" (alegia, Laboraria)[4].

Ama-hizkuntza

Finlandiako hizkuntzalariek aspalditik argitzeko izan duten auzi nagusia, Agricolaren ama-hizkuntza zein izan zen jakitea da. Alde batetik, pentsatzen da suediera izan zela; izan ere, Agricola jaio zen eskualdean —Nilandian—, eta bereziki Pernån herrian, garai hartan suediera lurraldeko hizkuntza nagusia zen; gainera, autoreak eskutan erabili zuen Martin Lutherren obretako batean, gurera iritsi denean, latinezko hitzen esanahia ulertzeko Agricolak berak eginiko oharrak ikus daitezke marjinetan, 45 suedieraz eta bakarra finlandieraz. Bestalde, autoreak bere obretan erabiltzen duen hizkuntza atsegin, leun eta aberatsa, Turkuko dialektotzat (hego-mendebaldeko finlandiera) hartu izan ohi da; eta horrek, finlandiera hiri hartara bizitzera joan zenean ikasiko zuela pentsatzera bultzatu ditu adituak[5][1].

Hala ere, suedieraren hipotesia garatu zuen Ikola hizkuntzalariak berak ere onartzen du Agricola elebiduna izatea dela aukera posibleena, eta etxeko hizkuntza nagusia bietako bat bide zela. Beste batzuek, artean Tarkiainen idazleak, esaten dute finlandiera etxeko zerbitzarien eskutik ikasiko zuela; dena dela, Häkkinen hizkuntzalari ezagunak dioen moduan, ziurtasun osoz esatea ezinezkoa den arren, Agricolaren idatziei egin zaizkien hizkuntza probek finlandiera bere jatorrizko hizkuntza dela aditzera ematen dute[6][7][3].

Turkuko katedralaren irudia neguan.

Finlandiera eta suedieraz gain, latinez eta alemanez ere bazekien.

Ikasketak

Gaztaroko ikasketak Vyborgen egin zituen. Ziurrenik Erreforma Protestantearen eta Humanismoaren lehenbiziko berriak ere bertan izan bide zituen, izan ere, Vyborgeko gazteluko agintaria, Johann izeneko germaniar kontea zen, Gustavo Vasa Suediako erregearen begikoa eta Erreformaren jarraitzaile sutsua[8].

Bertan, merkatarien giro ikasian ibili zen eta, latina menderatu ondoren eta hemezortzi urte bete zituenean, irakaslearekin batera Åbora joan zen 1528an. Åbo (finlandieraz, Turku) Suediar Erresumaren hiriburu ekonomiko eta erlijiosoa zen ekialdean —Finlandian, alegia— eta garaiko diozesi bakarra hiri hartan zegoen, Åboko diozesia. Mikael Agricola mutikoak Martti Skytte orduko apezpikua harrituta utzi zuen eta honentzako eskribau-lanak egiten hasi zen.

Åbo hiria Vyborg baino handiagoa izateaz gain, herrialdean eragin zuzena zuen. Bertan zeuden garaiko pentsalari ospetsu asko eta Agricolak Martin Lutherren ikasle izandako Petrus Särkilahti finlandiarra bertan ezagutu zuen. Haren eskutik, Erreformaren berri guztiak jaso zituen eta 1529an hil zenean, Agricola bera Särkilahtik buruturiko lana jarraitzeaz arduratu zen. Suediar Erresumako Parlamentuak 1527an onartu zuen erlijio-erreforma eta Agricola bihurtuko zen aldaketaren sustatzaile nagusia Finlandian. Azkenean, apezpikuaren laguntzaz, 1530eko hamarkada hasieran apaiz ordenatu zen.

1536an, Åboko apezpikuak Wittenbergera bidali zuen erreformatzaile eta teologo nagusien eskolak entzutera; zehazki, Halle-Wittenbergeko Unibertsitatera. Haien artean, aipatzekoak dira Martin Luther bera eta Philipp Melanchthon, Testamentu Berriaren hizkuntzan —grekoan— aditua zen teologoa. Bi erreformatzaile nagusi horiek Agricolaren alde hitz egin zuten Gustavo Vasa erregearen aurrean eta hark diru-laguntza eman zion, bere instrukzioa jarrai zezan. Horri esker, liburu ugari erosi zituen (haien artean, Aristotelesen obra osoa) eta 1537an Testamentu Berria finlandierara itzultzen hasi zen.

Ikasketak hiru urtean burutzea lortu zuen eta promozioko hamabost ikasleetan, hirugarrena izan zen.

Lan nagusia

1539an, Åbora itzuli zen eta bertako katedraleko eskolako errektore izendatu zuten. Ez zuen lana atsegin, etsigarria iruditzen zitzaion ikasleei doktrina irakastea; hala ere, 1544an bere ikasleen alde egin zuen Gustavo Vasa erregearen aurrean; izan ere, erregea suediar monarkiaren boterea hedatzen ari zela, Åboko katedralaren lurrak konfiskatu zituen eta Agricolari ikasle talentudunenak Stockholmera bidaltzeko agindu zion; horrek, aldiz, agindua ikasleen abilezien kontra zihoala ulertu eta uko egin zuen. Gertaera horrek Gustavo Vasa erregearen eta Mikael Agricolaren harremana gaiztotu zuen.

Gustavo Vasa erregea.

Urtebete lehenago, 1543an bere lehenbiziko lana eta finlandieraz idatzitako aurreneko liburua argitaratu zuen, Abckiria edo Abc-liburua. Lan horrek katixima eta alfabeto bana ditu eta bertan, irakurtzeko, idazteko eta ahoskatzeko teknikak irakasten dira finnen hizkuntzan. Lan hau, eta urtebete beranduago argitaratuko zuen Rucouskiria otoitz liburua, bere maisulana izango zen Testamentu Berria itzultzen ari zela egin zituen. Bestetik, aipatzekoa da garai hartan (1546an, zehazki) etxea eta eskola erre egin zirela Åboko sute handian eta bederatzi urte ondoren, 1548an, Gustavo Vasak errektore kargua uztera behartu zuela[9].

Haren lan garrantzitsuena, hain zuzen ere, azkeneko urte horretan argitaratu zuen 718 orrialdeko Se Wsi Testamenti edo Testamentu Berria da. Liburua Stockholmen inprimatu zen eta itzulpenaz gain, Agricolaren beraren zenbait azalpen eta idatzi zituen; haien artean, kristautasuna Finlandiara nola iritsi zenari buruzkoa edo Turkuko dialektoa (hego-mendebaldeko finlandiera) erabiltzearen arrazoia. Testamentu Berria grekotik itzuli zuen eta hizkuntza molde berri bat asmatu behar izan zuenez, hitz asko finlandierara egokitzeko neologismo ugari ere asmatu behar izan zituen. 1549an, hiru liturgia liburu gehiago ere argitaratu zituen: Käsikirja Castesta, Messu eli Herran echtolinen eta Se meiden Herran Jesusen Christusen Pina.

1550ean Pirjo Olavintytär (suedieraz, Birgitta Olafsdotter edo Brigida Olaui) emaztetzat hartu zuen eta abenduaren 11n, Kristian Agricola (Christianus Michaelis Agricola) seme bakarra jaio zen (1584an Tallingo katedraleko apezpiku izendatu zuten): Agricola ezkondu zen lehen apaiz finlandiar luteranoa izan zen.

Martti Skytte Åboko apezpikua 1550ean hil zen eta Agricolak apezpikuaren lana hartu zuen, Gustavo Vasa erregeak erabaki bat hartzen zuen bitartean. Azkenik, 1554an, erregeak Finlandiako eliza bi diozesitan banatzea erabaki zuen: Vyborgeko diozesia eta Åboko diozesia. Mikael Agricola Åboko apezpiku izendatua izan zen 1554an eta apezpikutza hartzen zuen lehenbiziko apaiz luteranoa izan zen. Vyborgeko katedraleko apezpiku, aldiz, Paavali Juusten elizgizona izendatu zuten. Agricolak aldaketa gutxi egiteko denbora izan zuen, dena den, Canon Missæ edo erromatar meza-liburua alde batera uztea izan zen bere eginkizun nagusia.

Vyborgeko katedral zaharra, Mikael Agricolaren atsedenlekua dena.

Garai hartan etengabe ari ziren errusiarrak eta suediarrak euren artean borrokan ekialdeko mugan eta 1557an, Gustavo Vasa erregeak bake-ordezkaritza bat bidaltzea erabaki zuen Moskura —ordezkarien artean, Mikael Agricola—. Moskutik zaldi gainean itzultzean, Agricola gaixotu eta finlandiar muga igaro ondoren, Nykyrka udalerrian hil zen (Kareliako istmoan), apirilaren 9an. Vyborgeko katedralean lurperatua izan zen urte berean: gaur egun zutik dirauen arren, katedral hura Neguko Gerran ia erabat suntsitua izan zen. Hil zen tokian bertan oroitarri bat eraiki zen bere omenez.

Elias Lönnrot idazle ospetsua Agricola hil zen egun berean jaiotakoa da eta, horren ondorioz, Finlandiako Gobernuak apirilaren 9a Finlandieraren eguna izendatzea erabaki zuen.

Obrak

Kronologikoki, hauek dira Mikael Agricolaren obra nagusiak:

Abckiria

Abckiria (finlandiera garaikideaz, Abc-kirja; euskaraz, Abc-liburua) finlandieraz inoiz argitaratu den lehenbiziko liburua da. Agricolak Testamentu Berria itzultzen ari zen bitartean idatzi zuen eta 1543an kaleratu zen Stockholmen. Lan horrek katixima eta alfabeto bana ditu eta bertan, finlandieraz irakurtzeko, idazteko eta ahoskatzeko teknikak irakasten dira. Hain zuzen ere, liburuaren helburu nagusia finlandiarrak euren hizkuntzan trebatzea zen, Erreforma Protestantearen ideia nagusia gauzatzeko, alegia, testu sakratuak herri xehearengana iristea. Lehen edizioak 16 orrialde ditu eta bigarrenak, 24 (handik zortzi urtera argitaratu zen). Aurreneko itzulpenak katixima osatzen duten Hamar Aginduak, Aita Gurea, Apostoluen sinboloa, Agur Mariaren lehenbiziko zatia, Itun Berriaren bataio, aitortza eta eukaristiari buruzko erreferentziak, eta Lutherren Katixima Txikiaren hiru otoitz (Angelusa ordezkatzeko sortuak) izan ziren[10][11].

Gaur egunera obraren zati solteak iritsi dira, ez dago liburu osorik. Dena den, Agricolaren lana berreraikitzea lortu da Uppsalako Unibertsitateko Liburutegi Nagusian aurkitu diren atalei esker. Hurrengoa, obraren poema ezagunena da, lehenbiziko orrialdean dagoena[12]:

Agricolaren testua,
Oppe nyt wanha ia noori / joilla ombi Sydhen toori.
Jumalan keskyt / ia mielen / iotca taidhat Somen kielen.
Laki / se Sielun Hirmutta / mutt Cristus sen taas lodhutta.
Lue sijs hyue lapsi teste / Alcu oppi ilman este.
Nijte muista Elemes aina / nin Jesus sinun Armons laina.
Finlandiera garaikideaz,
Opi nyt vanha ja nuori / joilla ompi sydän tuore.
Jumalan käskyt ja mielen / jotta taidat suomen kielen.
Laki se sielun hirmuttaa / mut Kristus sen taas lohduttaa.
Lue siis, hyvä lapsi, tästä / alkuoppi ilman estettä.
Niitä muista elämässä aina / niin Jeesus sinulle armonsa lainaa.
Euskaraz,
Ikas ezazue orain, zahar eta gazte / bihozbera zaretenok (bihotz samurra duzuenok).
Jainkoaren manamenduak eta adimena / horrela finlandiar hizkuntza ezagutuko duzue.
Legeak arima beldurtzen du / baina Kristok berriro ere baretzen du.
Hortaz, jarrai ezazu irakurtzen, seme ona / oztoporik gabeko ikasketaren hasiera.
Gogora ezazu bizi guztian / horrela, Jesusen errukia izango duzu.

Rucouskiria

1544an argitaratu zen Rucouskiria, otoitz-liburu bat da. 877 orrialdeko lan hori Agricolaren beraren lana da, erreferetziatzat Luther, Melanchthon edo Erasmo Rotterdamgoa hartu bazituen ere. Guztira, 700 otoitz inguru daude eta hitzaurrean autoreak hezkuntzak egin beharko lituzkeen aurreratzei buruz hitz egiten du, dena Erreforma Protestantea Finlandian sustraitzeko asmoarekin. Barruan, Agricolak berak eginiko egutegi astrologiko-astronomikoa dago[13].

Agricolak Gustavo Vasari Itun Berriaren finlandierazko itzulpena ematen dio; Ekmanen margolana.

Finlandieraz inoiz idatzi den bigarren liburua da.

Se Wsi Testamenti

Se Wsi Testamenti (finlandiera garaikideaz, Uusi testamentti; euskaraz, Itun Berria) Agricolaren obra nagusia da. Lan hori Testamentu Berriaren finlandierazko lehen argitalpena da, 1548an Stockholmen inprimatua, eta Agricolak Erreforma Protestantea Finlandiara zabaltzeko eginiko lan sutsuaren erakusgarri nagusiena da. Wittenbergen ikasten zebilela hasi zuen itzultzearen lan neketsua eta bertan, Erreformaren jarraitzaile nagusien laguntza izan zuen. Guztira, hamaika urte behar izan ziren Itun Berri osoa finlandierara itzultzeko, baina ez zen 1548ra arte behin betiko kaleratu, zuzenketek eta ikusmolde berriek argitalpena bost urtez atzeratu baitzuten[14].

Obrak 718 orrialde eta ilustrazio ugari ditu; guztira, bi hitzaurre daude, bata praktikoa eta bestea teologikoa. Lehenengoan, Agricolak Åboko dialektoa (hego-mendebaldeko dialektoa) erabiltzeko arrazoiak ematen ditu eta kristautasuna Finlandiara nola iritsi zen ere kontatzen du. Teologia hitzaurrean, aldiz, autoreak lana zuzenean grekotik (Melanchthon irakasleari esker bereganatutako hizkuntza), Vulgatatik, Erasmoren grekozko bildumatik (1516), Martin Lutherren alemanezko itzulpenetik (1534), Olaus Petri suediarraren bibliatik (1526) eta Gustavo Vasarenetik (1541) itzuli zuela argitzen du. Azken horretan ere, sortu zituen hainbait neologismoren arrazoia eman eta horiek zabaltzeko nahia erakusten du, gehienak finlandiarrek sekulan ikusitako animalien izenak dira; hala nola, jalopeura ("orein prestua"), "lehoi" adierazteko (finlandiera garaikideaz, leijona) edota kamelikurki ("gamelu kurriloa"), "ostruka" adierazteko (egun, strutsi)[15].

Beste lan batzuk

Wittenbergen zegoela, Agricolak hiru liturgia liburu txiki ere itzuli zituen finlandierara, 1549an argitaratuko zirenak. Lehenengoa, Käsikirja Castesta (osorik Käsikirja Castesta ia muista Christikunnan Menoista; euskaraz, Bataio eta beste zenbait kristau errituren gidaliburua) izan zen. Bataio, ezkontza eta hiletari buruzko lanek osatzen dute eskuliburu hau eta bertan, gaixotasunei, doluari eta hil zorian daudenei zuzendutako pasarteak daude. Atal gehienak Olaus Petriren lanetik itzulitako testuak dira, baina Lutherren zenbait lanen (batik bat, bataio eta ezkontzari buruzkoak) eta Caspar Huberinusek idatzitako gutunen eragina nabaria da. Bigarren liturgia liburua Messu eli Herran echtolinen (euskaraz, Meza edo afari santua) da, Olaus Petriren lanetatik ondutako obra. Bertan, Agricolak bere hurrengo helburua Testamentu Zahar osoa itzultzea izango dela adierazten du, heriotzak bertan behera utzi zuen proiektua. Argitaratu zuen azken lana Jesukristoren sufrimenduaz diharduen Se meiden Herran Jesusen Christusen Pina, ylesnousemus ia taiuaisen astumus, niste Neliest Euangelisterist coghottu (euskaraz, Gure Jauna Jesukristoren pasioa, berpizkundea eta igoera, lau ebanjelioetatik osatua) izan zen. Lan hori Wittenbergen Johannes Bugenhagen irakasle izan zuenaren alemanezko idatzietatik zuzenean itzuli zuen eta badirudi, lan horien suedierazko itzulpenen berri ere izan zuela[16][17].

Hil ondoren, Agricolari tematika bera zuten beste itzulpen batzuk ere argitaratu zizkioten 1551-1552 bitartean.

Ondarea

Mikael Agricola finlandieraz idatzi zuen lehenbiziko autorea da; horren ondorioz, finlandiarrek euren hizkuntzaren aitatzat dute. Pertsonaia historiko oso maitatua da herrialdean eta haren omenez, hainbat oroitarri, ikastaro eta sari daude, besteak beste, Helsinkiko Mikael Agricola eliza, edota izen handiko Mikael Agricola saria eta Mikael Agricola gurutzea. Apirilaren 9a, haren heriotzaren eguna (eta Lönnrot idazle ospetsuaren jaiotza eguna), gainera, "Finlandieraren eguna" izendatu zuten.

Dena den, ez da ahaztu behar, Euskal Herrian Joanes Leizarraga erudituaren modura, haren itzulpenen helburu nagusia Erreforma Protestantea Finlandian hedatzea izan zela, eta ez hainbeste helburu linguistikoa, arlo horretan haren ekarpena izugarria izan bazen ere. Martin Lutherrek proposatutako tesietako bat edozeinek bere hizkuntzan testu sakratua irakur ahal izatea zen, eta hain zuzen ere, Agricolaren helburua Biblia guztia finlandierara itzultzea izan zen testu sakratuak finlandiarrek irakur ahal izateko; baina Testamentu Berri osoa eta Zaharraren lehenengo zatiak itzultzeko astia baino ez zuen izan bere bizitza motzean[4][2].

Suediera, alemana eta latina eredutzat hartuta, Agricolak finlandierarako hizkuntza molde bat sortu zuen. Aditu askok finlandieraren jatorrizko egiturak bortxatu izana leporatu diote, izen handiko beste hizkuntzek dituzten egituren mesedetan; esate baterako, finlandieraz inoiz izan ez den se artikuluaren erabilpena (Se Wsi Testamenti, egungo finlandieraz Uusi testamentii). Dena den, onartu behar da hizkuntza molde bat sortzea ez dela eginkizun erraza; eta are gutxiago ia ezerezetik hizkuntza idatzi bat asmatzea; halaber, finlandieran txertatzen saiatu zen egitura arrotzak gutxi izan zirela eta haien ibilbidea ere oso motza izan zela. Bestetik, molde berriak egungo hizkuntzan irauten du. Era berean, esatekoa da Agricolak b, c, w eta x letrak bere testuetan erabili zituela, finlandieran egitura arkaikoenetan eta azken urteotan sartu diren maileguetan baino erabiltzen ez direnak[4].

Azkenik, Agricolak oharkabean finn kulturari (zehazki, finn paganismoari) eginiko ekarpena ere aipatu beharra dago. Izan ere, Dauidin Psalttari edo Daviden salmoak izeneko atalean, autoreak finn jainkoen zerrenda eta deskripzioa egin zuen eta bere helburua paganismoaren zentzugabekeria salatzea izan zen arren (beharbada paganorik izango zen oraindik XVI. mendean Finlandian), lortu zuena, finlandiarren folklore eta erlijioaren lekukotasun garrantzitsua biltzea izan zen.

Ondoko hauek Agricolaren obren azalak dira:

Abckiria
Rucouskiria
Wsi Testamenti
Käsikirja...
Messu eli...
Se meiden...












Erreferentziak

  1. a b Häkkinen, Kaisa: "Mikael Agricolan elämä ja elämäntyö". Teoksessa Häkkinen & Vaittinen 2007, o. 16
  2. a b Mikael Agricola - sanojensa mittainen mies Postimuseo Viitattu 29.3.2010
  3. a b Häkkinen 2007: 16-18
  4. a b c d Heininen, Simo: Agricola, Mikael Kansallisbiografia-verkkojulkaisu. 16.9.1997. Helsinki: Suomalaisen Kirjallisuuden Seura
  5. The Father of Standard Finnish. Universitas Helsingiensis, 2007, znb. 12, o. 16
  6. Heininen & Heikkilä 1996, o. 77
  7. Ikola 1988
  8. Agricola ei pyrkinyt kirjakielemme isäksi. Kansan Uutiset/Viikkolehti, 2007, znb. 16.3, o. 35
  9. Lipasti 2007, o.6
  10. Agricola.utu.fi Abc. 2011.12.08
  11. Koulumuseo Helsinki
  12. Abckiriaren kopia digitalizatua 2011.12.08
  13. Gummerus, Jaakko: Mikael Agricolan rukouskija ja sen lähteet. SKHS XLIV:1-3, 1941, 1947 eta 1955
  14. Lehikoinen, Laila & Kiuru, Silva: Kirjasuomen kehitys. Helsinki: Hakapaino Oy, 1989. ISBN 951-45-5073-0
  15. Nuorteva, J.: Biblia 350 v: suomalainen Raamattu ja Suomen kulttuuri. Helsinki: Suomalainen kirjallisuuden seura, 1992
  16. Mikael Agricola Käsikirja Castesta ia muista Christikunnan Menoista. 2011.12.10
  17. Messu eli Herran echtolinen Kirjallinen tyo. 2011.12.10

Bibliografia

  • Agricola, Mikael: Jumalan aijnoan olcohon kijtos: Rukouksia Agricolan Rukouskirjasta. Mikael Agricolan rukoukset on nykysuomeksi toimittanut Juhani Holma. Helsinki: Kirkkohallitus, 2007. ISBN 978-951-789-220-9.
  • Heininen, Simo & Heikkilä, Markku: Suomen kirkkohistoria. Helsinki: Edita, 1996. ISBN 951-37-1839-5.
  • Häkkinen, Kaisa & Vaittinen, Tanja (toim.): Agricolan aika. Helsinki: BTJ-kustannus, 2007. ISBN 978-951-692-682-0.
  • Ikola, Osmo: Mikael Agricolan äidinkieli. Teoksessa: Mikael Agricolan kieli. Helsinki: Suomalaisen kirjallisuuden seura, 1988. ISBN 951-717-533-7.
  • Lipasti, Roope: ABCkiria. Agricolaa a:sta ö:hön. Lingsoft Oy, 2007. Kirjanen.
  • Tarkiainen, Viljo & Tarkiainen, Kari: Mikael Agricola. Suomen uskonpuhdistaja. Helsinki: Otava, 1985.
  • Heininen, Simo: Mikael Agricola ja Erasmus Rotterdamilainen. Suomalaisen kirjallisuuden seuran julkaisu 192. Helsinki: SKS, 2006.
  • Heininen, Simo: Mikael Agricola: Elämä ja teokset. Helsinki: Edita, 2007. ISBN 978-951-37-4869-2.
  • Pernajan poika. Lasten- ja nuortenkertomus valikoimassa Lukemisia lapsille, suom. V. Tarkiainen, Valter Juva ja Ilmari Jäämaa. WSOY, 1932.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mikael Agricola Aldatu lotura Wikidatan

Lanak

Agricolari buruzko webguneak

Artikuluak


Aurrekoa
Martti Skytte
Åboko apezpikua

1554-1557
Ondorengoa
Pietari Follingius