The US FDA’s proposed rule on laboratory-developed tests: Impacts on clinical laboratory testing
Edukiak
Korana[1] (arabieraz: القرآن, al-qur'ān, qurˈʔaːn ahoskatua, euskaraz: «errezitazioa») Islamaren liburu sakratua da. Musulmanen sinesmenen arabera, Jainkoak (arabieraz: Ala, الله), Gabriel goiaingeruaren bitartez, Mahoma profetari egin zion errebelazioa jasotzen du. Bibliaren ondoren, munduan eraginik handiena izan duen liburua da.
Historia
Korana, belaunaldiz belaunaldi, ahoz aho irakatsi zela dirudi, jakintsuek bildu eta idatziz jarri zuten arte. Testua poesia eta prosaren arteko erdibide gisan definitu izan da, eta fededunaren bizimodu egokiaren gaineko aginduak jasotzen ditu. Fededunek buruz ikasi eta errezitatzen zuten: hortik haren izena. Jainkoaren hitza jasotzen duenez, jakintsuek zorrozki aztertu eta interpretatzen zuten eta arabiar filologiaren sorburu da. Musulmanek arabierazko testua soilik onartzen dute: itzulpenak, lagungarri moduan baino ez. Testuko arabiera (arabiera klasikoa edo koranikoa) egungo hizkuntza estandarraren oinarria da.
Beraz, Islamaren liburu sakratua da. 114 atal (sura) ditu. Musulmanen sinestearen arabera, Jainkoak agertu zizkion sura horiek Mahoma profetari bere bizitzan zehar, Mekan eta Medinan. Hasieran, buruz gogoratzen ziren, edo non-nahi idazten (palma hostoetan, gamelu hezurretan). Mahoma hil ondoren finkatu zen testua, eta hartatik aldentzen ziren bertsioak Utman kalifaren garaian (651-652. urteetan) galarazi ziren. Koranak musulmanen zuzenbidea oinarritzen duten dogma eta arauak biltzen ditu. Horrekin batera, Testamentu Zahar eta Berritik harturiko kontaerak datoz.
Koranaren hizkuntza arabiera klasikoa da, eta hartatik hartu du arabierazko literaturak hizkuntz eredua. Musulmanek ez dute begi onez ikusi izan Korana beste hizkuntzetara itzultzea; gehienez ere, jatorrizko testuaren iruzkin lagungarritzat jotzen dute. Dena den, gaur egun bada hizkuntza gehienetan itzulpenik (euskaraz ere bai). Latinerako lehen itzulpen ezaguna Iruñean egin zen, XII. mendean[2].
Islamaren dotrinak eta Koranaren interpretazioak
Koranak hainbat dotrina eta interpretazio izan ditu sortu zenez geroztik:
- Hadith: Ezer baino lehen, Mahomaren esanei eta pasadizoei buruzko tradizioak (sunnah) aipatu behar dira, horien bildumek eratzen baitute Hadita. Islamiar talderik handienak, talde ortodoxoak (suniak), sei bilduma onartzen ditu, kristau aroko IX. mendean (hejiraren III. mendean) bildutakoak guztiak. Beste talde handiak (xiiak) bere Hadit propioa du.
- Ijma: Hejiraren II. mendean Koranaren interprete (ijma) guztiak ados jarrita, Koranaren interpretazioak finkatu zituzten behin betiko. Handik aurrera, guztiz debekatuta geratu zen halakorik egitea.
- Ijtihad: Islamaren lehen mendean, ahalegin handiak egin ziren Korana egoera berrietara moldatzeko (ijtihad). Hala, behin Koranaren atalak edo bildumak finkatu zirenean eta interpreteak ados jarri zirenean, Koranaren interpretazioak agindu eta dogma bilakatu ziren, eta bakarkako gogoetak interpretazio bidetzat ematea debekatuta geratu zen. Hala ere, geroago ere izan ziren bakarkako gogoeten aldeko pentsalari musulmanak; Al-Gazali (XI. mendean bizi izan zen) esate baterako, edo XVIII. eta XIX. mendeetako erreformatzaileak.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/10/18 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
- ↑ Almech, Francisco Iñiguez. (1967). «La escatología musulmana en los capiteles románicos» Príncipe de Viana 28 (108): 265–276. ISSN 0032-8472. (Noiz kontsultatua: 2021-07-12).
Bibliografia
- Korana, Erlijioen Jakinduria bilduma, ISBN 978-84-8394-089-1. Itzultzaileak: Iñaki Ugalde, Dionisio Amundarain. Koordinatzailea: Joxe Arregi Olaizola.
Kanpo estekak
- Gure Korana
- (Ingelesez) Al-Quran (Koran online)
- (Gaztelaniaz)(Frantsesez)(Ingelesez)(Arabieraz)(Alemanez)... Al Quran Online Translation & Listen