Laboratory demand management strategies: An overview

Gehitu loturak
Inprimatzeko bertsioa dagoeneko ez dago onartuta, eta baliteke errepresentazio erroreak izatea. Egunera itzazu zure nabigatzaileko laster-markak, eta horren ordez erabil ezazu nabigatzaileko inprimatze funtzio lehenetsia.
Joxan Elosegi

Bizitza
JaiotzaIrun, 1955 (68/69 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Familia
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Jarduerak
Jarduerakitzultzailea eta irakaslea
Enplegatzailea(k)Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea

Joxan Elosegi Arregi (Irun, Gipuzkoa, 1955) itzultzaile, kulturgile, euskara irakasle eta denbora-pasa sortzailea da. Filologian lizentziaduna, aldizkari ugaritan kolaboratu du (Panpina Ustela, Oh! Euzkadi...), eta beste zenbaiten sortzaile ere bada (Plazara, Irunero, Luma...). 2020ko Jose Antonio Loidi beka eskuratu zuen, Aitor Errazkinekin batera, Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean izeneko ikerketa lana ontzeko[1]. Bitxikeria gisa, Ander Elosegi piraguistaren aita da.

2021eko Euskadi literatur saria irabazi zuen, itzulpenaren atalean, Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak lanarengatik. Epaimahaiko kideen arabera, «jatorrizkoaren jario orobat bitxi eta magikoa euskarara isurtzen» asmatu zuen Elosegik[2].

Euskarari eta euskal kulturari lotutako ibilbidea

Mermelada ustela

Joxan Elosegik bizitza osoan zehar gogor egin du lan euskara eta euskal kultura bultzatzeko, bai Irunen bai Irundik kanpo. Euskalgintzaren eta kulturgintzaren bueltako proiektu askotan inplikatuta egon da, eta askotariko jardueretan hartu du parte. 1970eko hamarkadan Euskaltzaindiak Gipuzkoan zuen alfabetatze sailetik pasa ondoren, gau eskoletan ibili zen lehenik eta AEKn murgildu zen ondoren[3]. Irungo AEKren fundatzaileetako bat izan zen, eta, urte luzez beste zeregin batzuetan ibili ondoren, berriz ari da AEKn eskolak ematen. Egitasmo ugari jarri izan ditu martxan euskaltegian; esaterako, Arinaiztarra izeneko aldizkaria sortu zuten, ikasle eta irakasleen artean, 1985etik aurrera[4].

Bernardo Atxagak eta Koldo Izagirrek sortutako Panpina Ustela literatur fanzineko hirugarren eta azken alean kolaboratu zuen, Mermelada Ustela izenekoan (1976)[5]. Horren ondoren, Koldo Izagirrek berak eta Ramon Saizarbitoriak gidatutako Oh! Euzkadi aldizkarian ere hartu zuen parte, 1981. urtean.

Markos Zapiainekin batera Enbolike argitaletxea sortu zuen, saiakera bilduma xume bat argitara eramango zuena. Zapiainen esanetan, "euskarazko saiakera eta gogoeta sustatzea zuen helburu"[6].

Argitalpenak

Aldizkariak

Irunen eta Bidasoko eskualdean euskara eta euskal kultura sendotzeko aldizkari biren sortzaile da Joxan Elosegi.

Plazara

Plazara izeneko aldizkariak 1985ean ikusi zuen argia lehen aldiz. Irungo Udaleko Euskara Kontseilu sortu berritik ateratako ideia izan zen. Orduko kontseiluburu Jorge Gimenezek eta artean kontseilukide zen Joxan Elosegik heldu zioten lantegiari. Eskualdeko eta kanpoko hamaika kolaboratzaile izan zituen hiruhilabetekariak, eta literatur bokazio handia izan zuen, denborarekin areagotu egin zena. 20. eta azken alea 1992an kaleratu zuten[7].

Irunero

1995. urtean argitaratu zuten lehen alea, eta etapa ugari bizi izan ditu. Irun Iruten euskara elkarteak sortu zuen aldizkaria, Irungo Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskaltzaindiaren sostengu ekonomikoarekin[8]. Elosegi izan zen urteetan zehar Iruneroren koordinatzailea. Ondoren, Ana Grijalbak hartu zuen aldizkariaren gidaritza. Eten baten ondoren, Grijalbaren lemapean berrekin zioten Iruneroren "bigarren aroa" delakoari, 2013an, Baseclick enpresaren bidez. Gaur egun, beste enpresa batek darama Irunero hamabostekaria.

Itzulpenak

Batez ere itzulpen-lanak argitaratu ditu Elosegik azken hamarkada hauetan, eta frantsesetik euskaratu ditu gehienak: Lydia Flemen lau eta Amélie Nothomb-en bi, esaterako. Haren itzulpenetan oinarrituta kritikariek nabarmendu izan dute Elosegi "estilista dotorea" dela, besteak beste[9]. Miren Ibarluzeak jaso ditu Elosegi eta beste zenbait euskal itzultzaileri buruz esandakoak[10]. Hala ere, bestelako argitalpenak ere aurki ditzakegu Elosegiren obran, zenbait bildumaren apailatze-lanetan ibili baita.

  • Otarteko paregabeak Panoramix-ek Galiako haur bizkor eta mokofinentzat aukeratuak, Goscinny, René (1996) Donostia, Ttarttalo.
  • Zazie metroan, Queneau, Raymond (1996) Euba, Ibaizabal.
  • Heidegger. Hermeneutika eta funtsezko ontologia, Leyte, Arturo (1999). Donostia, Jakin.
  • Stukaren itzala, Hernàndez, Pau Joan (2000) Donostia, Elkarlanean.
  • Asterix eta Latraviata, Uderzo, Albert (2001) Donostia/Bartzelona, Elkar; Grijalbo-Dargaux; Junior.
  • Ardi beltza,  Alapont, Pasqual (2001) Sondika, Edebé-Giltza.
  • Durduzaz eta dardaraz, Nothomb, Amélie (2003) Iruñea, Igela.
  • Ahardikeriak, Darrieussecq, Marie (2004) Irun, Alberdania.
  • Rameauren iloba, Diderot, Denis (2005) Bilbo, EHU.
  • Nola hustu nuen gurasoen etxea, Flem, Lydia (2005) Irun, Alberdania.
  • Katilinarenak, Nothomb, Amélie (2006) Iruñea, Igela.
  • Izua, Flem, Lydia (2006) Irun, Alberdania.
  • Amodio gutunak oinordetzan, Flem, Lydia (2007) Irun, Alberdania.
  • Horrela egiten dute emakumeek amets, Taylor, Kressmann (2007) Irun, Alberdania.
  • Nola banandu nintzen neure alaba eta neure ia-semearengandik, Flem, Lydia (2009) Irun, Alberdania.
  • Eros tren txinatar batean,  Depestre, René (2013) Iruñea, Igela.
  • Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak, Irene Solà (2020) Irun, Alberdania. 2021eko itzulpenaren Euskadi Saria.[11]
Euskaraz, Irunen barrena

Bestelakoak

Itzulpen lanez gain, beste lan batzuen egile ere bada. Aipatzekoak dira, batetik, Euskaraz, Irunen barrena lana (1994), zeinetan apailatu baitzituen Nikolas Alzola Gerediagak Irungo El Bidasoa astekarian 1959 eta 1961 artean argitaratutako istorio, bertso, kondaira eta abarrak. Bestetik, Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarraren bertsoak bildu eta atondu zituen, Joxe Mari Lopetegi, Errepublikanoen Bertsolaria (2004), Gaztelupeko Hotsak argitaletxearen "Paper Hotsak" bilduman[12].

Denbora-pasak

Luma aldizkariaren ale bat

1991n Luma enpresa sortu zuen Irunen, itzulpengintza-lanak egin eta denborapasak sortzeko helburuarekin. Argia, Euskaldunon Egunkaria, Zabalik eta hainbat aldizkarirentzako denborapasak egin zituzten urtetan zehar[13]. 2002an, berriz, euskarak eman duen hitz-jokoen aldizkari bakarra sortu zuen Lumako lankideekin batera; Luma izena jarri zioten, hain zuzen, 68 orrialdeko hilabetekariari. Handik zazpi urtera, 2009an, aldizkariak 600 harpidedun zituen, eta denetara 1.000 ale inguru saltzen ziren[14]. 2014ko hondarrean iragarri zuten Luma aldizkaria argitaratzeari utziko ziotela, 13 urtean zehar 120tik gora zenbaki kaleratu ondoren. Dena dela, ez zen Elosegiren lehen argitalpena izan denbora-pasen alorrean, 1987an Luis Manterolarekin batera Enbido izeneko aldizkariko bost zenbaki plazaratu baitzituen. 80 orrialdeko aldizkariotan askotariko jolasak atondu zituzten[15].

2007an lehen aldiz antolatu zuten Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa, Irunen bertan. Dozenaka zale bildu ziren urtero, 2014an azken aldiz antolatu zuten arte.


Ibilbide politikoa

Herrigintzan luze jardundakoa da Elosegi, baina politika instituzionalean ere ibili izan da, Euskal Herritarrok koalizioko zinegotzi izan baitzen Irungo Udalean 1999 eta 2003 arteko legealdian[16]. Zoe Bray antropologoak egindako ikerketan, zeinetan Irungo udalbatzako tirabirak behatu baitzituen, besteak beste, agerian geratzen dira Elosegiren euskaltzaletasuna, abertzaletasuna eta Ipar eta Hego Euskal Herria bereizten dituen mugaren kontrako borroka[8]. ETAk 2000. urte hasieran Madrilen egindako hilketa bat gogor kritikatu zuen Irungo udalbatzan, baina hurrengo egunean bertan atzera egin zuen[17].

Erreferentziak

  1. «Joxan Elosegi eta Aitor Errazkinek eskuratu dute 2020ko Loidi beka» Bidasoko Hitza 2021-01-27 (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).
  2. Imaz, Andoni. «Pello Lizarraldek, Anjel Lertxundik eta Joxan Elosegik irabazi dute Euskadi saria» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-10-16).
  3. «Aizu!» www.aizu.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-14).
  4. Sarasola, Juanma. (2014). Moskuko urrea : kultur eta gizarte mugimenduen eztanda Irunen, 1983-1993. ISBN 84-617-3041-0. PMC 920314941. (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).
  5. «Ustela - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).
  6. «Zer ari zaigu gertatzen?» www.argia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-14).
  7. «Plazara - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).
  8. a b (Ingelesez) Bray, Zoe. (2002). Boundaries and Identities in Bidasoa-Txingudi, on the Franco-Spanish frontier. (Doktorego-tesia), 98-103 or..
  9. Roque, Iñigo. (2005). kritiken hemeroteka » Metamorfosi soziala. (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).
  10. Ibarluzea, Miren. (2011). Literatur itzulpenaren kritika. Lehen pausoak: dibulgazio-kritikaren azterketa. Labayru Ikastegia, Amorebieta-Etxanoko Udala ISBN 978-84-92599-19-6..
  11. Imaz, Amdoni. «Pello Lizarraldek irabazi du euskarazko narratibaren Euskadi Saria» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-10-14).
  12. «Errepublikanoen bertsolari ofiziala nor zen jakin nahi?» EITB Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2021-05-14).
  13. «BI LETRAKO BIZKAIKO HERRIA...» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-01-16).
  14. http://www.irun.org/Enlaces/00009179.pdf. , 4 or. ISBN 1134-0606..
  15. Larrañaga, Xabier Etxebarria-Iñaki. «Ehun urte hitzak gurutzatzen» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-01-16).
  16. https://www.irun.org/images/ayuntamiento/composicion-organizacion/composicion-politica-2019-2023/docs/1999-2003.pdf..
  17. (Gaztelaniaz) Gastaminza, Genoveva. (2000-11-02). «El edil de EH de Irún que criticó a ETA se retracta y dice que fue "una torpeza"» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-05-14).

Kanpo estekak