Knowledge Base Wiki

Search for LIMS content across all our Wiki Knowledge Bases.

Type a search term to find related articles by LIMS subject matter experts gathered from the most trusted and dynamic collaboration tools in the laboratory informatics industry.

Artikulu hau Telmo Zarraonaindia futbolariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Zarra (argipena)».
Telmo Zarraonandia

Bizitza
JaiotzaErandio1921eko urtarrilaren 20a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaBilbo2006ko otsailaren 23a (85 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: miokardio infartu akutua
Familia
Haurrideak
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakfutbolaria
Ibilbidea
Taldeak Urteak J G
Erandio Klub Kirol Elkartea1939 / 19402012
Athletic1940 / 1955277251
Espainiako futbol selekzio nazionala1945 / 19512020
Indautxu Kirol Elkartea1955 / 1956143
Barakaldo CF1956 / 1957122
 
Posizio edo espezialitateaaurrelaria
Pisua72 kilogramo
Altuera180 zentimetro
Jasotako sariak
Izengoitia(k)Zarra

FIFA: 60291 Edit the value on Wikidata

Pedro Telmo Zarraonandia Montoia (Erandio, 1921eko urtarrilaren 20a - Bilbo, 2006ko otsailaren 23a), Zarra izenez ezaguna, Bilboko Athletic Klubeko jokalaria izan zen. Anaia Tomas ere futbolaria zen. Jokalari bizkaitarrak arrasto sakona utzi zuen futbolaren munduan: haren talde izan zen Athleticen ez ezik, baita nazioarteko talde eta elkarteetan ere. Hala, Athleticek, UEFAk, FIFAk zein Espainiako Futbol Federazioak egin zioten gorazarre.[1]

Telmo Zarra (1944)

Biografia

Erandioztarra jaiotzez, 1940-41 denboraldian egin zuen Athletic taldearekin debuta, Valentziako futbol taldearen aurka. Athleticeko bigarren aurrealde historikoaren kidea izan zen,(Iriondo, Venancio, Zarra, Panizo eta Gaintza).[2] Guztira, hamabost denboraldi egin zituen taldean, 1940etik 1955. urtera bitarte. Liga bat, eta bost errege kopa irabazi zituen, guztira 277 partidu jokatuz.

Guerrero, Zarra eta Etxeberria. Athletic Clubeko hiru aurrelari historiko 1995ean.[3]

Espainiako futbol ligan izandako goleatzailerik handiena izan zen, bere 251 goleko markak 60 urte baino gehiago iraun zuen, Leo Messik 2011an gainditu zuen arte.

Espainiar selekzioarekin hogei aldiz jokatu zuen, eta beste horrenbeste gol sartu zituen. Horien artean 1950eko Munduko Futbol Txapelketan Ingalaterrako selekzioaren aurka Espainiari garaipena eman ziona.

Bere espezialitatea buruko erremateak izan ziren, Europa osoan ospetsu egin zutenak. Hain zuzen, Suediako hiriburuan Stockholmen Espainiako selekzioarekin partida bat jokatu aurretik, hiria esaldi hau zeraman kartelez josi zuten: «Zarra: Europako bururik onena Churchillen ondoren!».[4] Espainia mailan bere golik oroituena Ingalaterrako selekzioaren kontra lortu zuen, 11950eko Munduko Futbol Txapelketan, Brasilen jokatutakoan, Zarraren golak sailkatu zuen-eta bere taldea finalerdietara pasatzeko. Hogei partida jokatu zituen selekzioarekin, eta beste horrenbeste gol irabazi zituen.[5][6][7]

Lortu zuen ospe bereziarengatik, golak, lorpenak eta ibilbidea direla eta, futboleko dekano izendatu zuen FIFAk, hil ondoren, futbolaren fama-aretoan.[8][9]

« Partida nuen egunetan, askotan, Mungiako frontoira joaten nintzen pilotaka. Ostean ez nuen ezer bazkaltzen, partiduan arinago egon nahi nuelako »

—Telmo Zarraonaindia[10]


Ibilbidea

Erandio
Erandio, Asua

Erandioko Asuan jaioa, herriko tren-geltokian hain zuzen ere.[11] Gurasoak Asuako tren-geltokiko burua Pedro Telmo Zarraonaindia Barturen eta jatorriz arabarra zen Tomasa Águeda Montoya Salazar izan ziren.[12] Asuako La Cadenako geltokia Sondika eta Lutxana geltokien artean zegoen. Hamar seme-alaben arteko zazpigarrena zen Telmo eta txikitatik aritu zen futbolean anaiekin batera, bai Asuan bertan, bai Mungian gero, familiarekin hara bizitzera joan zirenean. Tomas anai zaharra atezaina izan zen Getxoko Arenas-en, Oviedon, eta Osasunan. Domingok ere Arenasen jokatu zuen. Eta Ceciliok Erandion jokatu zuen, Telmorekin batera ere zenbait partidatan.[13] Telmo auzoko futboletik Erandio taldera pasa zen, eta handik Athleticera.

Haurtzaroa eta lehen urratsak

Haurtzaroan, Telmo Zarrak auzoko beste edozein haurren modura jokatzen zuen futbolean. Garai hartan oso zaila zen baloi bat lortzea, eta haurrek pilota inprobisatuekin edo etxean egindakoekin jolasten zuten. Hala ere, Zarrak baloi bategaz jokatu ahal izan zuen behar bezala, bi anaiek futbolean jokatzen baitzuten: Tomas, handiena, Lehen Mailan Getxoko Arenas taldean jokatzen zuena, eta Domingo, Gerra Zibila bukatu eta gutxira hilko zena.[12]

Garai hartan, bere auzoan «Telmito, beldurtia» («Telmito, el miedoso») esaten zioten, kontu handiegiz aritzen zelako. Buruz ondo jokatzen ez zekienez, orduko baloi astun haietako bat airetik zetorrenean makurtu egiten egiten baloiarekin minik ez hartzeko.[13] El País egunkarian 1997an egindako elkarrizketa batean kontatu zuen hori.[14] Baina gero primeran ikas zuen, baita maisuki ere.

« «Oso lotsati eta kikildua izan naiz beti. futbolean ere hala zen. Asuan 'Telmito beldurtia' nintzen.» Zarrak zioen beti zentzu komun askorekin jokatu zuela; «Oso zuhurra izan nintzen. Defentsa oso gogorra bazen eta ni desabantailaz banindoan, baloira ez iristen saiatzen nintzen». »
1950ko janzkera Athletic Cluben

Hiru anaiak bezala, Zarra ere futbol-munduan sartzen hasi zen, aitaren laguntzarik izan ez bazuen ere. Aitak bere atsekabea adierazi zuen, esanez «nahikoa dela bi anai joko honetan». Aitaren onespenik ez izan arren, Telmo inguruko zenbait klubetan hasi zen futbolean, hala nola Asuan edo Pitoberese-n, nahiz eta artean fitxarik gabe egin.[12]

Telmok profesional gisa sinatu zuen lehen kontratua Bigarren Mailako Erandio Klubarekin egin zuen. Talde horretan 1939-40 denboraldian hasi zen. Geroago, Bizkaiko selekzioak deitu zuen Zarra 1940ko ekainaren 2an Gipuzkoako selkzioaren aurka lagunarteko partida bat jokatzeko. Partida hartan erakustaldia eman zuten bizkaitarrek (9-2), eta Gipuzkoako konbinatuari sartu zizkioten 9 goletatik 7 markatu zituen Zarrak.[12]

Garai hartan, Athleticek taldea berregiteko jokalariak bilatzen zituen, taldea deseginda baitzegoen Gerra Zibilean sortutako kaos gogorragatik. Talde zuri-gorria berehala hasi zen Erandioko promesa gaztearen atzetik, eta 1940-41 denboraldian bere plantillara erakarri zuen.[13][12]

Zarrak Barakaldokoren eskaintza onartuta zuen, Athleticena baino lehenago heldu baitzen. Baina anaiak moldatu zuen eta Athleticera joan zen zuzenean.

Etapa profesionala eta hasierako arrakasta

San Mamesen 1940ko urriaren 6an egin zuen bere debuta, baina aurreko igandean egin zuen debuta Athletic-ekin, irailaren 29an Valentziaren aurkako partida batean. Zarra izan zen Athleticen bi golen Valentzian eta, gainera, debuta egin eta 17 minutura lortu zuen bere lehen gola Lehen Mailan. Hala ere, lehenengo denboraldi hartan ez zuen asko jolastu, garai hartan Unamuno aurrelaria bikain zebilen-eta.[13]

1941-42 denboraldian, Zarrak Athletic utzi zuen aldi baterako, soldadutzan aritzeko. Erandiotarra Ceutara eraman zuten, eta hango taldearekin partida batzuk jokatu zituen.[12] Athleticera itzuli zenean, Zarrak bere kirol-ibilbideko desengainu handienetako bat bizi izan zuen; Athletic, Bartzelonaren aurka aritu zen Kopako finalean. Arauzko denbora bukatuta, bi taldeetako inork ez zuen lortu markagailuan aurretik jartzerik, eta, beraz, futboleko arauen arabera, luzapenaldi bat jokatu behar zen irabazlea zehazteko. Zarrak garaipenaren gola bere taldearentzat markatzeko aukera izan zuen, ariete gaztea bakarrik geratu baitzen Miró atezainaren aurrean, baina tiro txarra egin zuen, eta Bartzelonak, berriz, Kopako titulua lortzeko aukera bat baliatu zuen.[12]

1942-43 kanpaina izan zen garrantzitsuenetariko bat, bai Zarrarentzat bai Athleticentzat, Liga eta Kopa lortu baitzituzten, Juan Urkizu entrenatzailearekin. Athletic LIga eta Kopako txapelduna izan zen. Athletic Kopako finalera iritsi zen, Atlético Madril edo Valencia C. F. bezalako taldeak atzean utzi ondoren. Han, Real Madril zegoen zain, eta, orduko hartan aurreko urteko Bartzelonaren aurkako akatsa ez zen errepikatu, Athletici titulua ematen zion Zarrak partidako gol bakarra markatuta.

Athletic Club, Zarra behean eskuinekoa (Atotxa futbol-zelaia, 1944, Fondo Car-Kutxa Fototeka).
Liga (1942-43) J I B G Puntuak AG KG Dif
1 Athletic Club 26 16 4 6 36 73 38 35
2 Sevilla F. C. 26 15 3 8 33 63 47 16
3 F. C. Barcelona 26 14 4 8 32 77 50 27

Lehenengo lesio serioa 1943-44 denboraldian iritsi zitzaion Telmori; Barcelonaren aurkako partida batean izan zen, euskal arieteak hautsi egin zuen klabikula eta denbora batez jokatu gabe egon zen.[15] Indarberritu ondoren, Zarrak jokalekuetara itzuli eta bere taldearekin Kopako beste titulu bat egin ahal izan zuen, oraingoan Valentziaren aurka; azken emaitza 2-0 izan zen. Zarrak markagailua ireki zuen 29. minutuan, gero Escuderok partida erabakita utz zezan lehen denbora amaitu aurretik.[15]

Hurrengo urtean gertatu zen Telmoren kirol-ibilbideko atsekaberik handiena. Athletic eta Valentzia aurrez aurre zeuden berriro Kopako finalean, eta 86. minutuan Valentziako jokalari bat lurrera erori zen eta arbitroak Zarra kanporatu zuen. Beraz, Telmo beraren hitzetan, gaizki-ulertu bat izan zen:[16]

« 1945eko Kopako finala zen. Jokoa geldi zegoen barullo baten ostean. Alvaro lurrean zegoen eta lagun batek txantxetan esan zidan zapaltzeko. Txantxari jarraituz, nik egin nuen. Baina Escartín arbitroak ikusi ninduen, eta... kanpora »


Kanporatze hori izan zen bere kirol-ibilbide osoan izan zuen lehena eta bakarra.[16] Azkenean, Athleticek Kopako titulua lortu zuen, Iriondoren golari esker, 3-2 zurigorrien alde.[15]

Gol gogoangarriak

Zarrak bere kirol-ibilbideko unerik gozoenak bizi zituen denboraldi horretan, 1944-45ean, lehen Pitxitxi Saria lortu zuen, 26 partidatan 20 gol markatuta. Zarrak beste 5 aldiz lortuko zuen sari hori (1946, 1947, 1950, 1951 eta 1953), eta saria gehien irabazi duen bigarren jokalaria da.

Ligako goleatzaile handienaren errekorra urteetan zehar

1945eko martxoaren 11n Zarrak debuta egin zuen Espainiako selekzioarekin, Jacinto Quincoces hautatzaile zela, Lisboan jokatutako Portugalen aurkako lagunarteko partida batean.[15] Urte horretako maiatzaren 6an, Portugalgo selekzioaren aurka jokatu zuen berriro, eta, oraingoan, Espainiaren lau goletatik bi sartu zituen. 1950eko maiatzaren 28an berriro parte hartu zuen Zarrak Kopako final batean, Real Valladoliden aurka, finalerdietan Valencia kanporatu ondoren. Partida horretan ariete zuri-gorria izan zen protagonista, Athletici garaipena eman zioten 4 golak egin zuen berak. Zarrak 14. minutuan inauguratu zuen markagailua, baina Real Valladolidek ia partidaren amaieran lortu zuen berdinketa. Luzapenean, Zarrak hat-trick bat markatu eta Kopako txapelketa irabazi zuen Athleticek. Real Valladolidi egindako lau golekin Kopako final batean lortutako gol-kopuru handieneko errekorra hautsi zuen.[15]

1950 kopako finalean (Chamartin, maiatzaren 28an) 90 minutuak pasata bana bukatu zen partida. baina luzapenaldian beste hiru gol sartu zituen Telmok, azkenekoa klabikula minduta zuela sartu zuen.

1950eko udan bertan, Zarrak 1950eko Munduko Futbol Kopan parte hartu zuen Espainiako selekzioarekin. Aurrez, urte horretako apirilean, ekitaldi horretarako azken sailkapen-partida jokatu zen, Portugalgo selekzioaren aurka. Espainiak irabazi beharra zuen, eta joaneko partidan Zarrak Espainiako selekzioak portugesari sartu zizkion bost goletatik bi egin zituen Zarrak, eta azken emaitza 5-1 izan zen. Itzulerako partidan 2 tantora berdindu ziren, eta horietako bat Zarrarena izan zen, eta bestea Gaíntzarena, Athleticeko taldekidearena. Sailkatu ondoren, Espainiako selekzioari Estatu Batuen, Txileren eta Ingalaterraren aurka ligaxka jokatzea egokitu zitzaion. Estatu Batuen aurka, Igoa, Basora eta Zarrako 3 golekin konpondu zen partida. Hurrengo partidan, Espainiak Txile garaitu behar zuen Ingalaterraren aurka lasai jokatu nahi bazuen, sailkatzeko aukera azken partidan jokatu beharrik gabe. Txileri 2-0 irabazi zioten Basora eta Zarraren golekin. Iritsi zen Ingalaterraren aurkako partida, Zarrak berak "mendeko partida" izango zela esaten zuen. Ingalaterrako selekzioak irabazi beharra zuen eta Espainiari berdinketa nahikoa zitzaion. Partidan zehar, Zarrari baloiak iristea eragotzi zuen Britainia Handiko defentsa gogorrak. Ingelesek aurkarien ate jazartzen zuten etengabe. Une batean, Ramallets atezainaren sake bat Alonsoren botetara heldu zen. Horrek Gaintzari zentratu zion, eta burukada zehatz batez pilota Zarraren oinetan jarri zuen. Honek, zalantzarik gabe, lehen ukitua batekin bota zuen, eta baloiak Bert Williams-en atea zulatu zuen. Golak, Lehen aldiz pasa ziren finalerdietako partidara.[12]

1950-51 denboraldian, Zarrak bere errekor handienetako bat gainditzea lortu zuen, ligako 30 partidatan 38 gol markatuta. Hugo Sánchez mexikarrak kopuru bera lortu zuen 1986an, 35 partidatan. 2010-11 denboraldira arte ez zuen gainditu errekor hori Cristiano Ronaldo portugaldarrak, zeinak 40 gol markatu baitzituen ligako 34 partidatan, eta, ondoren, Leo Messi argentinarrak, 50 tantora iritsi baitzen.

1951-52 denboraldian, Zarrak bere kirol-ibilbide osoko lesio larriena jasan zuen. 1951ko azaroaren 25ean, Atletico Madrilen aurkako partida batean, talde madrildarreko atezaina hankaren gainera erori zitzaion, eta ebakuntza egin behar izan zioten. Ondorioz, arietea denboraldiaren gainerako zatia galdu egin zen. Itzultzean, 1952-53 denboraldian, 29 partida jokatu zituen eta 25 aldiz jokatu zuen, hau da, 0,86 aldiz.

Azken urteak eta erretiratzea

1954ko apirilaren 19an omenaldia egin zioten Zarrari Madrilen, Espainiako futbolean egindako ibilbide luzeari esker. Futbol-munduko hainbat pertsona garrantzitsu izan ziren ekitaldi haretan, hala nola Alfredo Di Stefano, Antonio Puchades, Estanislao Basora, Piru Gaintza, Eduardo Manchón, César Rodríguez, Angel Arregui edo Francisco Lesmes.[15]

Zarra bere karreraren amaierara iritsi zen, eta Athleticeko etorkizun oparoko gazteek postua lapurtu ziotela ikusi zuen, batez ere Eneko Arieta izeneko jokalari gazte bat, bere ondorengoa izatera iritsi zen golegilea.

Zarrak 1954-55 denboraldia amaitu zuen. Horren ondoren, beste bi denboraldi jokatu zituen Bigarren Mailan, modu eskuzabalean eta dirurik kobratu gabe; lehena SD Indautxun eta, azkena, Barakaldoko Labe Garaiak taldean (Alto Hornos Vizcaya). 1957an utzi zuen futbol ofizialki, 36 urte zituela. Hala ere, futbolean jarraitu zuen Bizkaiko beteranoen taldean; partida horiekin biltzen zen dirua ongintzako lanetarako erabiltzen zena.

Futboletik kanpo

Hurrengo urteetan, Zarrak kirol-denda bat ireki zuen Bilbon, eta, ondoren, jatetxe bat. Negozio hori bere familiakoekin kudeatu zuen bere bizitzako gainerako urteetan.

1997an, orduko Athleticeko lehendakari José María Arrate Telmo Zarrarekin jatetxe batean topo egin eta omenaldia egitea proposatu zion. Zarrak esan zion jokalari zenean, bere azken kontratuan Athleticek omenaldia egiteko hitza eman ziola bere karrera amaitzean, eta inoiz ez zela egin. Hala, Zarrak 1997ko abuztuaren 17an jaso zuen omenaldia San Mamesen. Egun horretan, Athletic Club eta Lehen Mailako konbinatu baten arteko partida jokatu zen. Javier Clemente orduan estatuko hautatzaile zenak zuzendu zuen, Athleticeko jokalari eta entrenatzaile izan baitzen. Partidan hainbat pertsona garrantzitsu izan ziren, hala nola Alfredo Di Stefano, Ladislao Kubala, Jose Maria Maguregui eta Iriondo. Zarrarentzat, pertsonarik hunkigarriena Bert Williams izan zen, Zarraren gol ospetsua jaso zuen Ingalaterrako selekzioko atezaina, 1950ko munduko txapelketan. Atezain horrek emazteak eskatuta Chelsearen eskaintza bat baztertu zuen, eta horrek arrastoa utzi zuen Zarran, keinu mota horiek asko miresten baitzituen. Urte hartan, Juan Carlos I.a Espainiako erregeak ere jaso zuen, eta gogoratu zion besoetan eutsi ziola monarkak sei urte zituenean, eta Juan Pablo ii.ak otsailaren 19an, Begoñako Ama Birjinaren eta baloi sendo baten irudia eman ziola.

ATHLETIC CLUB-en armarria

Taldeak

Palmaresa

Munduko kopak

Mundiala Non Emaitza
1950eko Munduko Futbol Txapelketa Brasil 4. postuaGolak eta partidak

Kluben arteko txapelketak. Partidak eta golak

Kluba Denboraldia Maila Liga Kopa (1) Guztira Golak batzbeste
Part. Golak Part. Golak Part. Golak
Athletic Klub 1939-40 1 13 10 - - 13 10 0,77
Athletic Club 1940-41 8 5 - - 8 5 0.62
Athletic Club 1941-42 21 17 8 11 29 27 0.93
Athletic Club 1942-43 17 16 8 8 25 24 0.96
Athletic Club 1943-44 21 11 10 10 31 21 0.68
Athletic Club 1944-45 26 19 9 14 35 33 0.94
Athletic Club 1945-46 18 24 2 - 20 24 1.20
Athletic Club 1946-47 24 34 6 3 30 37 1.23
Athletic Club 1947-48 16 9 - - 16 9 0.56
Athletic Club 1948-49 26 22 10 9 36 31 0.86
Athletic Club 1949-50 26 23 7 13 33 36 1.09
Athletic Club 1950-51 30 38 8 11 38 49 1.29
Athletic Club 1951-52 5 3 - - 5 3 0.60
Athletic Club 1952-53 29 25 7 5 36 30 0.83
Athletic Club 1953-54 5 2 1 - 6 2 0.33
Athletic Club 1954-55 6 3 - - 6 3 0.50
Athletic Club 1955-56 22 4 7 - 31 4 0.13
Athletic Club GUZTIRA 278 251 76 84 354 335 0.95
Indautxu 1956-57 2 27 17 Ez zen ibili 27 17 0.63
Barakaldo 1957-58 2 12 2 Ez zen ibili 12 2 0.17
Ibilbide osoan 330 280 76 84 406 364 0.90
(1) Kopako emaitzak.[18]
(2) Datu hauek barne Copa Latina (1955-56); Europako kopa (1956-57).
(3) Lagunarteko partidetako golak sartu barik.
Iturriak: Athletic Club - BDFutbol - UEFA (esteka galdua).

Sariak eta Errekonozimenduak

  • 2015: Bilboko udalak Telmo Zarra izena jarri zion 2015ean diseinatu zuen oinezko kale bati Luis Briñas kalearen paraleloa izango zena, Felipe Serrateren eta Urkixo zumarkalearen arteko bide-zatiari dagokionez eta Hego Tribunara sartzeko aukera eskainiko zuen.[19][20]
  • Espainiako Urrezko domina - Kirol Merituaren Errege Ordena.
  • Club Deportivo Malagaren urrezko eta distirazko intsignia. Behin partida batean Malagako jokalari batek min hartu zuenean, Zarrak ez zuen aukera hori aprobetxatu eta gol erraz sartu ordez kanpora bota zuen.
  • Coruñako Real Club Deportivoko zilarrezko Botafumeiroa. Malagakoaren kontrako partida bartakoa, Coruñakoaren kontrako beste batean ere gertatu zen. Zarra oso eaguna zen bere giza-legeko jokabidearekin eta bere kiroltasunarengatik.
  • Lan Onari Saria, Eusko Jaurlaritzak emana, lanbide-arloan egindako ahalegina eta dedikazioa aitortzeko.[21][22]

Errekorrak

Hugo Sanchez
Cristiano Ronaldo eta Leo Messi

Urteetan izandako errekorrak, baina urteak pasata gaindituak izan direnak:

  • Espainiako Lehen Mailako historiako golegilea (251 gol), 1950etik 2011ra bitartean,[26] Errekor hori 2021ean Messik dauka (465 gol 516 partidatan), eta bigarrena Zarraren aurrean Cristiano Ronaldo dago (311 gol 292 partidatan)
  • Ligako denboraldi batean sartutako gol kopuru handiena (38), 1951tik 2014ra bitartean. Baina kontuan hartu behar da Zarrak 38 gol sartu zituenean, Ligan 30 neurketa jokatzen zirela, eta Hugo Sanchezek lortu zuenean, berriz, 38.

Erreferentziak

  1. Berria. «Futbolaren muduak gorazarre egin dio Zarrari» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  2. «Berria.info - Elkarrizketak» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).
  3. (Ingelesez) Berria.eus. «Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-04-03).
  4. (Gaztelaniaz) UEFA.com. (2014-11-22). «Telmo Zarra: un ejemplo para todos» UEFA.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).
  5. (Gaztelaniaz) Nueve aspectos sobre Zarra que quizá desconozcas. (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).
  6. «Los récords más increíbles de Telmo Zarra | Kaiser Football» web.archive.org 2018-03-21 (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).
  7. (Gaztelaniaz) Telmo Zarra, el socio del gol. (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).
  8. (Ingelesez) Castro, Juan; Pachuca (México); @Juan_Castro_10; Mayo, Adapted by Marc. (2016-11-08). «Ronaldo Nazario inducted into football hall of fame» MARCA in English (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).
  9. «Salón de la FamaInvestiduras del Futbol» web.archive.org 2018-03-15 (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).
  10. Basaldua, Ramon. (1998-05-02). «Athleticen zale izatearen harrotasuna» Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003. (Berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  11. (Gaztelaniaz) «Euskotren derriba sin previso aviso la estación de La Cadena de Asua, la casa donde nació Zarra» treneando 2011-10-08 (Noiz kontsultatua: 2021-04-03).
  12. a b c d e f g h Manzano, Anastasio. (1985). «Telmo Zarraonaindia Montoya» www.erandioclub.org (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  13. a b c d Ranedo, Carlos. (2017). El mejor equipo del mundo : historias del Athletic Club. (1. ed. en El Gallo de Oro. argitaraldia) Ediciones El Gallo de Oro ISBN 978-84-16575-25-1. PMC 1012395712. (Noiz kontsultatua: 2021-04-03).
  14. (Gaztelaniaz) Rodrigálvarez, Eduardo. (2006-02-26). «"Telmito el miedoso"» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  15. a b c d e f (Gaztelaniaz) Telmo Zarra. 2021-02-06 (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  16. a b (Gaztelaniaz) Telmo Zarra. 2021-02-06 (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  17. «Telmo "Zarra" hil da -» Hiruka.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).
  18. 99 partida eta 30 gol kKpan gehi 2 partida eta 0 gol Eva Duarte Kopan (1950-51), eta 7 partida eta 2 gol gerra garaiko txapelketa erregjionalean (1938-39).
  19. «Telmo Zarrak kale bat izango du Bilbon» EITB Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).
  20. «Telmo Zarra eta Raimundo Perez Lezamaren izena izango dute San Mames inguruko kaleek - Uriola.eus» uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).
  21. 279/1997 DEKRETUA, abenduaren 2koa, TelmoZarraonandia Montoya Jaunari «LAN ONARI»Goraipamena esleitzen diona.. EHAA Euskal Herriko Aldizkari ofiziala.
  22. Euskaldunon Egunkaria. (1997). «'Lan Onari' saria eman dio Eusko Jaurlaritzak Telmo Zarraonaindidari» Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003. (Berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  23. «Gure historiako estatistikak | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala» www.athletic-club.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).
  24. «Athleticen pichichiei begirada | Athletic Club» www.athletic-club.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).
  25. «'Hat-trick' gehien dituzten lehoiak | Athletic Club» www.athletic-club.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).
  26. (Gaztelaniaz) AS, Diario. (2014-10-25). «Zarra marcó 253 goles» AS.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).

Kanpo estekak