Type a search term to find related articles by LIMS subject matter experts gathered from the most trusted and dynamic collaboration tools in the laboratory informatics industry.
Martin Ugalde Orradre (Andoain, Gipuzkoa, 1921eko azaroaren 11 – Hondarribia, Gipuzkoa, 2004ko urriaren 4a) kazetaria, idazlea eta politikaria zen. Erbesteko Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde izan zen lau urtez Jesus Maria Leizaola lehendakariaren agintaldian.
Ideologikoki nazionalista zenez, 1936ko gerraren ondorioz hainbat urte eman zuen erbestean, eta, Venezuelan ospe handiko kazetari bihurtuta, 1969an itzuli zen, jaioterriarekiko konpromisoarengatik, eta amets bat bete nahi zuelako: euskarazko kazeta bat sortzea. Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu zuen. Euskaltzale amorratua izan zen, eta Franco hil ondorengo lehen euskarazko egunkariaren sortzen lan handia egin zuen. Haren omenez, "Martin Ugalde Kultur Parkea" eraiki zuten jaioterrian.[1]
2021ean Ugalderen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko hainbat jarduera antolatu zituzten: bere obra guztia digitalizatzea, erakusketa, hitzaldi-zikloa, filma irakurketa jarraitua, Martin Ugalde beka eta ipuin-sariketa.[2]
Hiru etapa bereiz daitezke: Andoainen 1947ra arteko heziketa, Venezuelako 22 urteak, eta berriro Euskal Herrian egin zuen ekapena 1969tik.[3]
Espainiako Gerra Zibila piztu zenean garai gorriak igaro behar izan zituen Martin Ugaldek eta bere familiak.[4] Martin mutikoaren bizitza 15 urterekin goitik behera aldatzen da, Francoren altxamenduarekin. Familiarekin batera Andoaindik ihesi doa 1936ko abuztuan: 2 hilabete Mundakan, 8-9 Bilbon, amarekin Frantziara, Nièvre-ko Château Chinon-era. (Aita frontean da, anaia Soviet Batasunean, gero ama aitarengana Catalunyara, eta Martin bakarrik geratu zen). Handik Donibane Garazira joan zen Eusko Jaurlaritzaren koloniara urtebete, segidan Donibane Lohizuneko koloniara lau hilabete, Gurs-eko kontzentrazio-zelaira hilabete eta erdi. Eta lau urte eta bi hilabeteko esilio horren ostean, 1941ean salbokondukto batekin, berriz Andoaina azkenean. Baina atzera kanpora atera behar izan zen laster: soldaduskara joan behar izan zen hiru urterako, Marokora. 1942-1945eko soldaduska hori «bigarren esilioa» izan zela zioen Martinek. Hori bukatuta 1945 inguruan Diario Vasco egunkarirako artikuluak idazten hasi zen, bi urtez aritu zen horretan Andoainen bizi zela. Eta 1947ko urrian Caracasera, 25 urterekin.[3] Diario Vasco egunkarirako herriko kronikak idatzi zituen.[5]
1947an bizitza markatuko zion erabakia hartu zuen. Urte hartan, Venezuelara ihes egin zuen, bere bigarren aberri bilakatuko zen herrialdera, eta han 22 urte eman zuen. Hastapenetan, Elite aldizkariaren ardura hartu zuen eta gero Nosotros eta El Farol aldizkarien zuzendari izendatu zuten. Kazetari-lan sendoa egitea lortu zuen, eta hango hedabide garrantzitsuetan aritzea.[5]
Orduan hasi zen fikziozko lanak egiten. 1951ean venezuelar nazionalitatea hartu zuen[4] eta 1955an, ezkondu egin zen bertan ezagututako Ana Maria Martinez Urreiztietarekin, bizitzan osoan zehar lagun izango zuen emakumea. Seme bat eta bi alaba eduki zituzten, han jaioak.
1969an Euskal Herrira itzuli zen, 48 urte zituela.[4] EAJn lanean buru-belarri sartu zen berehala, Zeruko Argia aldizkarian eta Deia egunkaria sortzeko lanetan hartu zuen parte;[6] azken horretan, zuzendariorde, eta euskarazko erredakzioaren arduradun.[7] 1976an Hondarribira joan zen bizitzera. 1982an Karlos Garaikoetxea lehendakariak Eusko Jaurlaritzako Euskarazko Gaietarako zuzendari nagusi izendatu zuen.[6] 1985ean Eusko Alkartasunean afiliatu zen.
1990an, Euskaldunon Egunkaria sortzeko taldeetan gogoz egin zuen lan, egitasmoaren arima bilakatuz. Administrazio Kontseiluaren Lehendakari izendatu zuten. Ondorengo urteetan, hainbat omenaldi egin zizkioten: Euskal Herriko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen, Andoaingo Udalak seme kuttun, Eusko Jaurlaritzak euskal herritar unibertsal eta Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain.[6] 2002ko ekainean inauguratu zuten Martin Ugalde Kultur Parkea.[9]
« | Ugalde izan zen aurrenetakoa frogatu zuena gaztelania nagusi den hedabide batean euskararen tokia beti izango dela subsidiarioa | » |
2004ko urriaren 4an hil zen Hondarribian, azken urteak gaixorik egonda, Parkinsonak jota.
1990ean Euskaldunon Egunkaria sortu zenean, administrazio kontseiluko zuzendaria izan zen. Urte hartako abenduaren 6an, lehendabiziko alea kaleratu zuten, 32 orrialdekoa. Administrazio Kontseiluan, Martin Ugalde lehendakaria zen, Joxemi Zumalabe kontseilari ordezkaria eta Joan Mari Torrealdai Kontseilu Editorialeko presidentea, Pello Zubiria zuzendaria eta Iñaki Uria zuzendariordea.
Lehenago baina 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990ekoaren hasieran lan eskerga egin zuten. Batzuek erredakzioan, beste batzuek bideragarritasun ekonomikoa antolatzen, eta beste batzuek «diplomazia lanetan». Eta ezina egina bihurtu zuten.[8][10]
Argiako kazetari gazteen belaunaldia gerra aurreko belaunaldiarekin lotu zituen soka izan zen Ugalde. Berarentzat ordea, paper hori jokatzea ez zen bat ere erraza,
Ugalde Eusko Jaurlaritzako Euskara Gaietako sailburu zela, diru-eskean joan zitzaion Argia aldizkariko taldea, egunkaria sortzeko proiekturako finantzaketa bila. Dirurik ez zuela erantzun behar izan zuen orduan. Baina handik hiruzpalau urtera, artean Jaurlaritzako kargua utzita zuela, Ugaldek bat egin zuen egitasmoarekin, Uriak Ugalderi eta Joxemi Zumalaberi Argia-ren urtekarirako egindako elkarrizketa bat egin eta gutxira. Sinergia sortu zen haien artean, ohartu ziren herri mugimendua eta instituzioak elkarlanean jarri beharraren premiaz.[11]
Horrek ez zuen baretu Jaurlaritzarekiko tentsioa, ordea. Ajuriaeneko Ituna indarrean zegoen garai hartan.
Ugalderen moduan, beste hainbat euskaltzalek ere bat egin zuten proiektuarekin. Tartean izan ziren Imanol Murua Uria kazetari eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, Nerea Azurmendi kazetaria, eta Txema Auzmendi kazetari eta jesuita.
Esan bezala 1990eko abenduaren 6an loru zuten egunkaria plazaratzea.
Orduan Egunkariko Administrazio Kontseiluko zuzendari izateaz gain, diplomazia lanaz arduratzen zirenetako bat ere bazen Ugalde; Eusko Jaurlaritzaren finantzaketaren bidea irekitzeko itxaropen nagusia ere bai. Azkenean asko kostata, 1994an sinatu zuten akordioa Eusko Jaurlaritzarekin, Joseba Arregirekin. Hazkunde-urteak izan[12] ziren gerokoak.[11]
2000an Martin Ugalde Administrazio Kontseiluko ohorezko lehendakari izendatu zuten eta Torrealdai bihurtu zen administrazio kontseiluko buru.[13][14] 2003an egunkaria itxiarazi zuten arte. Itxiera gertatu zenean Euskaltzaindiak egin zuen adierazpenean gertakari haiengatik bere kezka larria adierazi zuen, eta orobat, "Martin Ugalde jaun euskaltzain ohorezkoaren egoeragatik".[15]
285 zutabe edo artikulu argitaratu zituen egunkarian 1990 eta 2013ren artean.[16] [17] Hamabostero argitaratzen zituen zutabeak. Denetarik lantzen zuen: gai historikoak, hemerotekakoak, aktualitatearekin lotutakoak, euskarari buruzkoak…[18]
Guztira, Martin Ugalderen 1.662 idazlan jaso zituen Jakin-ek 2021ean haren obra digitalizatu zuenean, 58 urtez (1946-2003) idatzitakoak sei multzotan sailkatu zituzten: 46 liburu, 57 liburu atal, 2 liburuxka, 1.548 artikulu (69 egunkari eta aldizkaritatik ateratakoak), 46 itzulpen, 2 liburutan editore/modatzaile, eta 4 berrargitalpen.[16]
Idazle moduan, euskarazko ipuingintza modernoaren aitatzat ikusten da, 1961eko Iltzailleak narrazio-liburuagatik. Venezuelan argitaratutako lan horretan, Latinoamerikako literaturan hain ospetsua zen narraziogintza euskal literaturara ekarri zuen.[4]
« | Hizkuntzak etxeak dira [...] Venezuelara joan behar izan zuenean, hango gazteleran hartu zuen aterpe, eta hango jende xeheaz idatzi zituen ipuinak. Erbesteraturiko idazle erdaldunek ez zuten ahaleginik egin Amerikako hizkeretara hurbiltzeko, Ugaldek ez bezala. [...] Gazteleraz idazle gisa trebatu arren, ez zion bizkarra erakutsi euskarari.
Historiaren biktima izanagatik, historiaren egile. |
» |
Bizitza osoko lanarekin bibliografia oparoa utzi zuen: ipuinak, saioak, antzezlanak eta eleberriak.[21]