Type a search term to find related articles by LIMS subject matter experts gathered from the most trusted and dynamic collaboration tools in the laboratory informatics industry.
Joan Mari Torrealdai | |||||
---|---|---|---|---|---|
Joan Mari Torrealdai Martin Ugalderen omenaldian | |||||
2007ko azaroaren 30a - 2017ko azaroaren 24a ← baliorik ez - Miriam Urkia Gonzalez →
1975eko ekainaren 27a - 2007ko azaroaren 30a | |||||
Bizitza | |||||
Jaiotza | Forua, 1942ko azaroaren 24a | ||||
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria | ||||
Heriotza | Usurbil, 2020ko uztailaren 31 (77 urte) | ||||
Heriotza modua | berezko heriotza: minbizia | ||||
Hezkuntza | |||||
Heziketa | Tolosako Institutu Katolikoa Euskal Herriko Unibertsitatea Pariseko Letren Fakultatea Deustuko Unibertsitatea | ||||
Hizkuntzak | euskara gaztelania | ||||
Jarduerak | |||||
Jarduerak | kazetaria, soziologoa, idazlea eta liburuzaina | ||||
Lan nabarmenak | |||||
Jasotako sariak | ikusi
| ||||
Kidetza | Euskaltzaindia Jakin Euskaldunon Egunkaria PuntuEus Elkar Anaitasuna (aldizkaria) Euskal Idazleen Elkartea | ||||
Sinesmenak eta ideologia | |||||
Erlijio-ordena | Anaia Txikien Ordena | ||||
Joan Mari Torrealdai Nabea (Forua, Bizkaia, 1942ko azaroaren 24a - Usurbil, Gipuzkoa, 2020ko uztailaren 31[1]) euskal idazlea, euskaltzaina, kazetaria eta soziologoa izan zen, frantziskotarra izandakoa. Jakin aldizkariko zuzendaria eta Euskaldunon Egunkariaren administrazio kontseiluko kide eta lehendakaria izan zen.[2][3]
Euskal liburugintza, bibliografia eta zentsura izan zituen ikerketagai nagusi. XX. eta XXI. mendeetako euskal liburugintza aztertu eta katalogatu zuen.[3]
Idazle oparoa izan zen, hainbat idazlan izkiriatua, besteak beste XX. mendeko euskal liburuen katalogoa (1990-1992), El libro negro del euskara (1998) eta Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura, 1936-1983 (2000). Euskal kulturaren argitalpen, zabalkunde eta saretze lanean eta, oro har, euskalgintzan oso esanguratsua izan zen.[4]
Deustuko Unibertsitatean Soziologia irakasle izan zen bi alditan (1976-1978, 1991-1993). Eskolak eman zituen, halaber, EHUn eta Mondragon Unibertsitatean (1998-1999).[3]
Foruko Urberuaga auzoan jaio zen 1942ko udazkenean, aitaren jaiotetxea ere izan zen Mosone baserrian. Ama Gernikatik bertaratua zen, bonbardaketan etxea galdu baitzuen. Bi seme-alabetako zaharrena izan zen.[5] Oinarrizko ikasketak Forua bere jaioterrian egin zituen.[3] 1954an, hamabi urterekin, Arantzazuko seminarioan sartu zen:[6] artean, seminarioak pobreen unibertsitateak ziren.[5] Erriberrira ere joan zen frantziskotarrekin 1960an, 1963an Arantzazura itzuli arte. Lehen ikasketak amaituta, urtebetez Zaurauzko Lanbide Eskolan irakasle aritu zen.
1960ko hamarkadan, Rikardo Arregirekin herriz herri alfabetatze hitzaldiak eta ikastaroak eman zituen, gero AEK izango zenaren ernamuina.[3] Gerora, Okzitaniako Tolosan (Teologia ikasketak Institutu Katolikoan, 1972an), Parisen (soziologiako lizentzia Parisko Institutu Katolikoaren Gizarte Zientzien Institutuan, 1975ean), eta Euskal Herrian (EHUn Informazio Zientzietako lizentzia, 1985ean) ikasketak garatu zituen, hurrenez hurren.[3][5]
Urteetan aritu zen euskalgintzan eta kulturgintzan: Anaitasuna hamabostekariaren zuzendaria; Elkar argitaletxearen sortzaileetako bat; Elkar Fundazioaren Patronatuko kidea; Jakin aldizkarian hasi zen 1960an, zuzendaritzan hasieratik eta zuzendari 1964-1969 eta 1977-2014 bitartean. Hain zuzen, lehen etapa horretan zuzendaria zela, aldizkaria itxiarazi zuten, zentsurak bultzatuta.[7] 1972an, teologiako ikasketak egin zituen Okzitaniako Tolosan.[7] Euskal Idazleen Elkarteko idazkaria izan zen 1969tik 1977ra, eta Euskal Soziologoen Elkarteko idazkaria 1979tik 1980ra. Euskaldunon Egunkariaren Administrazio Kontseiluko kide eta lehendakaria izan zen, egunkariaren sorreratik bertatik.
1985. urtean Informazio zientzietan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Fakultate horretan euskaraz egindako lehen tesina aurkeztu zuen, ETB eta euskaren arazoa izenburukoa. Kazetaritza titulua lortuta, Nikaraguara joan zen, orduan herri txiki eta zapalduen esperantza zen iraultza sandinistaren berri bertan izatera, baita El Salvadorrera ere. Ignacio Ellakuria eta Jon Sobrinoren lanak eta adiskidetasuna ekarri zituen handik eta Nikaraguari buruz luze idatzi nuen Jakin-en 1986an.[8][5]
1991an Soziologia eta Zientzia Politikoetan doktoregoa lortu zuen Karmelo Garitaonandia zuzendaritzapean Deustuko Unibertsitatean zentsura frankistaz (1936-1983).[3] 90eko hamarraldia garrantzitsua izan zen Torrealdairentzat, maila pertsonalean eta maila profesionalean: familia osatu, soziologia eta zientzia politikoen tesia defendatu, Jakinen kudeaketa bere gain hartu eta Euskaldunon Egunkariaren sorkuntza eta garapenean murgildu zen.[5]
2016an, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria eskuratu zuen.[7] 2015ean hezur muineko minbizia zuela jakinarazi zuen, Euskaldunon Egunkariaren itxiera prozesuan atxilotzean jasan zituen torturekin lotzen zuen Torrealdaik gaixotasun hori.[9] Minbizi hori zela eta osasun gorabeherekin egin zituen azken urteak, eta haren egoerak okerrera egin zuen 2020ko uztaileko azken egunetan. Etxean hil zen, uztailaren 31n, senideak eta lagun gertukoak agurturik.
Haren omenezko hileta elizkizunak abuztuaren lehen egunetan egin ziren, 2020ko abuztuaren 3an eman zioten azken agurra Usurbilen.[10][11][12] Haren heriotzak euskal kulturgintzan eta euskalgintzan oihartzun nabaria izan zuen, haren lanaren eta harenganako miresmenaren erakusle.[13][14][15] Euskal komunikabideek[16][17] luze eta zabal eman zuten gertaeraren berri eta azken agurrean Jaurlaritzako eta alderdi politikoetako goi-ordezkari ugari ere azaldu ziren.[10] Abuztuaren 3an egindako azken agurrean, Torrealdairen alabak irakurri zituen euskaltzale kartsuak eskainitako azken hitzak:[18]
« | Ezin izan zaituztet zuek guztiok banan-banan agurtu, baina badakit ulertu eta barkatuko didazuela. Harro nago eraiki dudanaz, bai familia eta lagunarte mailan, baita euskal kultura eta gizarte mailan ere. Ezin hobea izan dut bizitza, eta eskertua nago guztiz | » |
Unibertsitateko titulazio bat baino gehiago zituen.[19] Toulousen (Okzitania) Teologian lizentziatu zen, Parisen Gizarte Zientzietan (orain soziologia izenez ezagunagoa) eta ostera Euskal Herriko Unibertsitatean Informazio Zientzietan lizentziatu zen, adar horretatik doktoregoa eskuratu zuen fakultateko lehen euskarazko tesia aurkeztuta: Euskal Telebista eta euskara.[19] Azkenik, Deustuko Unibertsitatean Soziologia eta Politika-zientzietan doktore egin zen.[20] Bere ikergai nagusiak dira euskararen eta euskarazko kultura idatziaren historia soziala, liburuaren mundua, euskarazko komunikabideak eta zentsuraren auzia frankismo garaian.[21]
1976tik aurrera urtero liburugintzak utzitako uztaren berri eman zuen, 1976az geroztik hutsik egin gabe. Euskaraz argitaratutako liburu guztien datuak bilduz sortutako zerrendatik abiatuta, euskarazko produkzioari buruzko hausnarketa egiten zuen, indarguneak eta ahulguneak seinalatuz. Azterketaren txostena Jakin aldizkarian argitaratzen zuen artikulu moduan. "Euskal liburugintza 1976"... "Euskal liburugintza 2017" izenburuko artikuluak izan ziren horiek, azkena, 2017ko zerrenda, 2020an argitaratu zuen.[22]
1991-1993 urteen artean Deustuko Unibertsitatean aritu zen soziologia irakasle, bigarren aldia zen. 1976az geroztik biltzen zituen datuak bilduta, 1993an XX. mendeko euskal liburuen katalogoa argitaratzeari ekin zion, 2000. urte bitartean bost tomotan argitaratu zuen lana. Euskal idazleak, gaur lanaren jarraipena argitaratu zuen 1997an: Euskal kultura gaur. 1998 eta 1999 urteen artean EHUn eta Mondragon Unibertsitatean aritu zen irakasle lanetan.[23]
Euskaltzaindian lan asko egin zuen Joan Mari Torrealdaik. Bergarako Biltzarrerako (1978) prestatutako txostenaz gain,[24] 2009tik bereziki Azkue Bibliotekaren eta argitalpenen arloan egin zuen lan euskaltzain emerituak.[25] 2011n hartu zuen Azkue Bibliotekako zuzendaritza eta ostera,[26][27] Azkue Bibliotekako Ohorezko bibliotekari izendatua izan zen, hain zuzen.[28]
Liburuen inguruan jorratutako bizitzan, euskal liburugintza sendotzeko urrats esanguratsu bat lortze aldera, ahalegin handiak egin zituen Euskal Liburutegi Nazionala sortzeko. Liburutegi Nazionalaren proiektuak garrantzi berezia zuen Torrealdairen ustetan, buru-belarri jardun zuen azken urteetan ere zeregin horren inguruko lanetan, eta gogoeta sakona idatzi eta argumentatu zuen, instituzioek hura sor zezaten motibatzeko.[29] Bide horretan, mugarria izan zen euskaltzain oso izendatu zutenean 2009an Foruan eman zuen sarrera hitzaldia: Bibliografiatik Bibliotekara. Esperantzari leihoa.[30] Aipatu zuen esperantzari zabaldutako leiho horrek luzaro daramala zabalik (1914-1923 urte tartea gogora ekarri zuen Torrealdaik hitzaldi hartan, Euskal Pizkundearen aro historikoaren erdi aldera) baina, tamalez, euskarak liburutegi nazionalik gabe segitzen du.[31][32]
« | Eta guk zergatik ez?
Amaitzera noa. Amets nostalgiko batekin bukatzen utzidazue: Zein egoeratan ote legoke gaur euskal kultura, baldin eta 1919an Euskaltzaindia sortu zen bide beretik Euskal Bibliografia eta Euskal Biblioteka sortu izan balira? Aukera hura galduta ere, non ote geundekeen gaur, baldin eta 1982an Euskadiko Orkestra sortu zen bide beretik Euskal Bibliografia eta Euskal Biblioteka sortu izan balira? Dena den, sekula ez omen denez beranduegi, ospatzeko modurik izan dezagula Pizkundeko saioen ehungarren urtean. |
» |
—Joan Mari Torrealdai Euskaltzaindiako sarrera-hitzaldia (2009)[30] |
Azken urteetan, Torrealdaik euskarak pairatutako erasoak jorratu zituen Asedio al Euskera: Más alla del libro negro (2018, Txertoa) bezalako argitalpenekin.[33] Saiakera horretan euskarak XVIII. mendetik pairatutako erasoak eta errepresioa landu zituen, zazpiehun baino erreferentzia bibliografiko gehiagotan oinarrituz.[34] Saiakera horretan argi ikus daiteke Torrealdai kezkatu egin zutela azken hamarraldietan espainiar intelektual batzuek hartutako jarrera: euskarak pairatutako errepresioa (frankistaren aurrekoa, frankista eta ondorengoa) ukatu egiten dute eta euskaldunen gainean jarri euskararen ahuleziaren ardura.[35] Torrealdaik, bere hitzetan, helburu honekin idatzi zuen saiakera: 'Nik espero dut irakurleak Asedio al euskeran negazionista linguistikoen iritziei aurka egiteko besteko argudio intelektual eta, halaber, moralak aurkituko dituela.'[34]
1958an hasi zen euskaraz idazten. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1975eko ekainaren 27an eta euskaltzain oso 2007ko azaroaren 30ean. “Bibliografiatik bibliotekara, esperantzari leihoa” izeneko sarrera hitzaldia irakurri zuen Foruan 2009ko urriaren 31n.[30] 2017an Euskaltzaindiak euskaltzain oso emeritu izendatu zuen Patxi Uribarrenekin batera.
Euskaltzaindian, Bergarako Biltzarrerako (1978) prestatutako txostenaz gain, 2009tik bereziki Azkue Bibliotekaren eta argitalpenen arloan egin zuen lan. 2011n Jose Antonio Arana euskaltzaina hil zenetik 2017ra arte bibliotekari akademikoa izan zen, eta ordutik aurrera ohorezko bibliotekaria. Besteak beste euskaltzain hauen argitalpenak prestatu zituen: Rikardo Arregi, Karlos Santamaria, Martin Ugalde, Luis Villasante. Euskaltzaindiaren Euskera aldizkariko aholku batzordeko kidea izan zen 2009 urteaz gero.[3]
2018an Euskaltzaindiak Euskara Batuaren 50 urteak ospatzeko antolatu zuen biltzarrean, Torrealdai izan zen "Euskara Batuaren Adierazpena" irakurri zuena. Hamar puntutan euskara batuaren garrantzia, ibilbidea eta erronkak berresten zuen agiria eta 36 eragile publiko eta pribatuk sinatu zuten hantxe.[36][37]
Gaztetatik izan zen mendizalea. 60ko hamarkadan Pirinioetara joaten hasi zen eta askoz ere geroago, Mikel Arrizabalagarekin bereziki, Alpeetara maiz joaten zen. Astebururo mendira joan izan ziren urteetan. Euskal Herriko mendi-martxa denak eginak zituen, 40 kilometrokoak. Hiru Handiak, 100 kilometroko martxa, hiru aldiz egina zuen, baina martxa horiek ere berandu egin zituen, 60 urte bete eta gero. Joseba Jakarekin basamortuko maratoia egitekotan ibili ziren luzaz, baina ez ziren inoiz joan. Sei maratoi egin zituen, Joseba Jakarekin batean ere bai. Behobia askotan egin zuen.[39]
Azken 20 urteetan mendian 14.000 kilometro egin zituela Mikel Arrizabalagarekin.[40][38][41] Ibilaldi horietako asko jasota daude Mikel Arrizabalagak berak Berria egunkariko Ibilkari atalean bildutako 300 testuen artean.[42][43]
« | Basoak, aintzirak, oihanak, leizeak, karstak, arroilak, gailurrak, ur-jauziak, ibaiak, labarrak, haranak, larreak, flyschak, muinoak, ibaiak, errekak, bokaleak, padurak, lautadak, itsasadarrak, mendilerroak, basamortuak, lakuak, uharteak, iturburuak, gatzagak, hondartzak, osinak, arrailak... urrutira joan gabe, gure herri zahar hau zipriztintzen duten hamaika paisaia eder, gure euskararen herria maitatzeko hamaika arrazoi. Eta horiek guztiak elkarrekin gozatu ditiagu, Joan Mari. Eta naturaren txoko eder horiek guztiak izan dira gure adiskidetasunaren lekuko. | » |
—Mikel Arrizabalaga[38] |
Jakin Euskal Herriko kultura-taldea, aldizkaria eta argitaletxea da. Aldizkaria Arantzazun (Oñati) sortu zuten 1956an, frankismo betean, eta euskaraz kaleratzen direnen artean beteranoetarikoa da. "Kultura eta pentsamendua" jorratzen ditu. Jakin Taldeko kide historiko nabarmenak Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi eta Joan Mari Torrealdai bera dira. Jakin aldizkarian 1960an hasi zen, zuzendaritzan hasieratik eta zuzendari 1967-1969 eta 1977-2014 bitartean. Hain zuzen, lehen etapa horretan zuzendaria zela, hasieran Donostian hartu zuen egoitza eta aldizkariaren tankera aldatu zuen, Esprit Frantziako aldizkariaren itxura hartuta. 1969an, berriz, aldizkaria itxiarazi zuten, zentsurak bultzatuta.[7]
Franco hil eta gutxira taldea fisikoki berriro bildu zenean proiektu berriak abiarazi zituzten 1977an. Orduan UZEI sortu zuten eta argitaletxe bihurtu zen Jakin (Jakin Sorta); Torrealdai, Intxausti eta Agirrebalzategi izan ziren zuzendariak urte haietan. 1977an, aldizkaria berriz ere kaleratzen hasi zen L. A. Bilbaoren eta J.M. Torrealdairen zuzendaritzapean.
Diktadura osteko aro berrian Jakin aldizkaria kultur aldizkari kritikotzat definitzen zen, eta soziologia, zuzenbidea, filosofia, zientzia edo literatura gisako eremu ezberdinak landu zituen. Maila profesionaleko erronka handia izan zen Jakin berria sortzea. Arantzazuko EFA argitaletxearen lege babespean egoteari utzi eta, 1990ean, independente bihurtu zen aldizkaria argitaratzeko enpresa, elkarte anonimo. Torrealdaik aldizkariaren zuzendaritzaren jarraipena eta enpresa berriaren kudeaketa hartu zituen bere gain.[5]
2006an Jakinek urrezko ezteiak handikiro ospatu zituen. Egindako lana aztertzeaz gainera, aurrera begira jarri zuten aldizkaria. Ondorioz, aldizkariaren 200. zenbakia argitaratzearekin batera, 2014n fundazio bihurtu zuten Jakin, etorkizunean ere, bere ezaugarri propioak manten zitzan. Orduan Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakari hasi zen, eta Lorea Agirre kazetari eta gizarte antropologian adituak hartu zion errelebua aldizkariaren zuzendaritzan.
1975ean, Torrealdai Paristik itzuli zen, eta Elkar argitaletxea sortzen parte hartu zuen.[7] Euskarazko liburuen produkzioa ia hutsaren hurrengoa zen orduan, eta Joan Mari Torrealdaik argitalpena eta banaketa hauspotu zituen Elkarren bitartez. Berez, Elkar (Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria) Ipar Euskal Herriko 20 euskaldunek sortua zuten 1972an. Baina 1974an Joxe Azurmendi eta Joseba Jakarekin bildu zen Parisen.
Liburu sail berriak atera nahi zuen Jakak Elkar hura indartu nahian, Hegoaldeko beste 20 kide sartuz. Horrela, Iparreko eta Hegoko 40 lagunez birsortu zen Elkar 1974an. Urte asko geroago, 1996an, Elkar editoriala Euskalgintza Elkarlanean Fundazioko (gaur egun Elkar) kide izan zedila erabaki zuten aho batez. 1997az geroztik Elkar Fundazioaren Patronatuko kidea izan zen Torrealdai, urte horietan guztietan.[5]
Egunkaria Sortzen taldeko arduradunetakoa izan ondoren,1990ean Euskaldunon Egunkaria sortu zenean, administrazio kontseiluko kide eta kontseilu editorialeko buru izan zen. 2000an, berriz, administrazio kontseiluko buru bihurtu zen.[44] Aurretik urtebete pasatxo aritu izan ziren proiektua prestatzen. Erabat sinetsita zegoen Torrealdai euskarazko egunkari nazionala sortzeko erronka zailari ekiteko garaia zela hura: «Eztabaida utzi, eta egin dezagun». Torrealdairen moduan, beste hainbat euskaltzalek ere bat egin zuten proiektuarekin. Tartean izan ziren Imanol Murua Uria kazetari eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, Nerea Azurmendi kazetaria, eta Txema Auzmendi kazetari eta jesuita. 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990ekoaren hasieran egindako lan eskerga. Batzuek erredakzioan, beste batzuek bideragarritasun ekonomikoa antolatzen, eta beste batzuek «diplomazia lanetan». Nagusiki zeregin horretan aritu zen Torrealdai, «pixkanaka horma lodiak hausten eta ateak irekitzen». Eta ezina egina bihurtu zuten 1990eko abenduaren 6an Euskaldunon Egunkariaren lehen alea argitaratu zenean.[45][3] Martin Ugalde Kultur Parkearen sorkuntzan ere parte hartu zuen.[46]
2003an, Euskaldunon Egunkariaren itxieraren prozesuan, Guardia Zibilak atxilotu, torturatu eta espetxean sartu zuen administrazio kontseiluko beste kideekin batera (Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga eta Iñaki Uriarekin). Orduko Espainiako Gobernuak abiatu zuen prozesua egunkaria ETArekin harremanetan egotea leporatuta.[oh 1][47][48][49] 2010ean, Auzitegi Nazionalak Torrealdai, Otamendi, Uria, Auzmendi eta Oleaga errugabe zirela onartu zuen, akusazioen argudioak gogor kritikatuz eta ETArekiko lotura ukatuz.[50][51] Epai hori ez zuten akusazio bidegabeko kide ziren AVT eta Dignidad y Justicia elkarte espainiar nazionalistek onartu.[51]
Hala ere, auzi ekonomikoak aurrera segitu zuen.[51] 2012an, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Egunkariako zuzendaritzako kide zen Martxelo Otamendik Guardia Zibilarengandik torturak jasan zituela frogatutzat eman eta Espainiako Gobernua zigortu zuen, ezer egin ez izana leporatuta;[52] Otamendi Torrealdairekin batera atxilotu zuten.[49] 2014an, Egunkariako auzi ekonomikoa artxibatu egin zuten epaitegiek. Orduan bukatu ziren auzi guztiak, 11 urte pasa eta gero.[53]
Torrealdaik berak hasieran ez zituen torturak salatu: bost urte behar izan zituen mina kanporatzeko. Zauri sakona izan zen. Eta ez zen atxiloaldi ondoren amaitu: 11 urteko auzibide luzeak etorri ziren ondoren —Torrealdai auzi nagusian eta ekonomikoan zegoen—. Baina kaltea eginda zegoen, bai pertsonala, bai profesionala. «Sarraskia» egin ziotela salatu zuen: paper asko ez zizkioten itzuli, eta itzuli zizkiotenak desordenaturik zeuden. «Ez da borondaterik gabe egina. Ezabatu egiten dizute memoria, badakite-eta ni bezalako baten indarra bere dosierretan dagoela. Nire informazio bilketetan oinarritutako lanik ez dut egin ordutik».[54][55]
2015etik 2017ra PuntuEUS Fundazioko lehendakaria izan zen Joan Mari Torrealdai.[57], Andoni Sagarnarengandik hartuz errelebua. Torrealdairen bi urteak garrantzitsuak izan ziren: domeinua egonkortu zen, eta bideragarri bihurtu zuten.
Horrez gain, 2020. urtera bitarteko erronkak identifikatu zituzten, Fundazioaren Patronatua berriztatu zuten erakunde berriak integratuta: Kontseilua, Euskal Idazleen Elkartea, EKE, ESLE, Euskaltel, Euskaltzaindia, EHU, EITB eta PuntuEUS Elkartea. 2017ko urtarrilean, Iñaki Goirizelaiak hartu zion errelebua lehendakari lanetan, EHUren izenean.[58]
Joan Mari Torrealdairen argitalpen guztiak 2020an digitalizatu zituen Jakin Fundazioak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Guztira, 593 idazlan eta 13.614 orrialde digitalizatu zituzten, 57 urtetan zehar idatzi eta argitaratutakoak. Hainbat ziren landu zituen gaiak: liburugintza, kazetaritza, euskararen historia soziala, euskal literaturaren soziologia, zentsura, euskal prentsa, politika eta gizartea, hezkuntza.[59] [60]
Hainbat aldizkaritan idatzitako artikulu ugariez gain, 20 liburutik gora argitaratu zituen.[21] Orotara, 24 liburu, 47 liburu-atal eta 554 artikulu idatzi zituen. Artikulu horiek 41 egunkari eta aldizkaritan azaldu ziren. Aldizkariko artikuluak horien artean asko Jakin aldizkaria argitaratu zituen,[61] baita honakoetan ere bai: (Zeruko Argia, Comun, Jakin, Anaitasuna, Egan, Elgar, Arantzazu, Guipúzcoa, Jaunaren Deia, Argia, RIEV, Euskera... Eta gainera, 3 liburu itzuli zituen eta beste bitan editore-lanak egin zituen.
1977az geroztik landu zuen lan bibliografikoak bi alor nagusi izan zituen:
Euskaltzale sutsua izan zen, eta behin baino gehiagotan salatu zituen diglosiak dakartzan kalteak, eta bereziki prentsari buruz hauxe adierazi zuen:
« | Euskal prentsa euskaraz dela aitortu, onartu eta laguntzen ez duen erdal prentsak diglosia finkarazten du. Aldizkarien euskal izenak eta tituluak ez daitezela inoren engainutarako izan.
Hona hemen euskal kazetaritzaren puntu larri batzuk. Aztertzeak merezi du, eta aurrez aurre ez ikusi nahia geure buruaren kaltetan da. Erdal eta euskal prentsaren arteko erlazio hau, euskal kazetaritzaren urtea amaitu orduko argitan jarri behar genukeen arazo bat da. |
» |
—Joan Mari Torrealdai[62] |
Besteak beste, sari hauek jaso zituen:[78][3]