Informatics Educational Institutions & Programs

X Belaunaldiko zikada baten timelapsea.
Txitxarraren muda.

Muda, biologian, zenbait animaliarengan gertatzen den azalberritzeari edo tegumentuen berritzeari esaten zaio. Animalia batzuetan muda urtero ematen da urtaro jakin batean, eta beste animalia batzuetan beren bizitza-zikloaren une jakinetan. Artropodoetan gertatzen den mudari ekdisi esaten zaio.

Muda, gorputz osoan edo soilik gorputzaren zati batean izan daiteke, eta berritze hori larruazalarena, lumajearena, ilearena, oskolarena edo gorputza estaltzen duen edozein geruzarena izan daiteke.

Artropodoetan

Sakontzeko, irakurri: «Ekdisi» eta «Metamorfosi (biologia)»

Artropodoek (krustazeoak, intsektuak, araknidoak eta miriapodoak, besteak beste) exoeskeleto itxia dute, eta hazi ahal izateko aldian-aldian azalberritu egin behar dira, ordura arteko exoeskeletoa gainetik kenduz; ekintza horri ekdisi (artropodoen muda) esaten zaio. Dena dela artropodo askok oskol malgua dute, eta hazteko ekdisia ez lukete ezinbesteko, baina ekdisiak funtzio gehiago ere baditu, adibidez metamorfosia intsektuen kasuan. Ekdisiaren unea heltzean, bultzatuz, exoeskeleto zaharra urratu eta oskol bigunago batekin ateratzen dira, epe labur samarrean gogortzen dena. Gogortu aurretik animaliak bere burua hanpatzen du, oskol berriak tamaina aski handia izan dezan; pausu hau behar bezala egiten ez badu eta oskol berria aski handia ez bada, ez du hazteko lekurik izango eta baliteke heldutasun sexualera ezin iritsi izatea. Oskol berria gogortu artean ahultasun egoeran aurkitzen dira, harraparien erasoen aurrean babesgabe. Bestalde, intsektuen kasuan exoeskeletoa arnasketarako erabiltzen dutenez gero, mudatzen ari direnean ezin dute arnasik hartu[1].

Zenbait krustazeok ugalketarako baliatzen dute ekdisia.

Hegaztietan

Ezkerretik eskuinera, Spheniscus demersus eta Aptenodytes forsteri (pinguino enperadorea) pinguinoak muda garaian.

Hegaztien lumak zahartu ahala higatu egiten dira eta luma berriengatik ordezkatu behar izaten dituzte. Hegazti helduek gutxienez urtean behin mudatzen dute lumajea, baina badira bi eta hiru bider ere mudatzen dutenak. Eskuarki ez dute lumaje osoa kolpetik aldatzen prozesu motela izaten da, hegaztiak gutxieneko luma kopurua behar baitu gorputzaren tenperatura gordetzeko, hezetasuna aldaratzeko edo hegan egiteko. Hori dela eta, espezie askotan, mudan zehar hegaztiak kanpoko itxurarik ez duela aldatzen eman dezake; beste zenbaitetan, aldiz, muda oso agerikoa izaten da, pinguinoetan kasu (ikus eskuineko irudia). Mudak zenbait fase izan ohi ditu eta espezie batzuek fase bakoitzean gorputzeko zati bateko lumak mudatzen dituzte; adibidez, fase batean burua eta gorputza, beste batean hegoak eta beste batean buztana. Ordezkapena simetrikoa izan ohi da, ezker-eskuin luma kopuru bera galtzen dute. Espezie batzuek hegoetako lumak aldatzean hegan egin ezinik geratzen dira eta babeslekua bilatu behar izaten dute, lumak berritu arte.

Luma-berritzea energia gastu handia da hegaztiarentzat (lumajea gorputzaren masaren %4-12 da), eta horregatik espezie askotan muda garaia errunaldi ostean izan ohi dute, baina beti ere aski janari duten artean.

Zenbait hegaztitan muda gorteiatze garaiarekin lotuta dago, batez ere lumajeak funtzio apaingarria betetzen duen espezieetan, adibidez euplectes ardens txoriaren kasuan.

Ugaztunetan

Azeri artikoa, ezkerrean udako ilajearekin eta eskuinean negukoarekin.

Ugaztunek pixkanaka aldatzen dute ilea, baina urtarodun klimetan bizi diren ugaztun askok ilajea aldatzen dute, normalean urtean behin edo birritan; eta ugaztun batzuetan urtaro beroko eta urtaro hotzeko ilajeek kolore eta luzera desberdina izan ohi dute. Urte sasoiaren araberako ilearen kolore aldaketa hori melatonina hormonak eragiten du.

Katuek, adibidez, kolorez aldatzen ez badute ere, neguko ilea luzeagoa izaten dute. Ilajea mudatzen mudatzen duten ugaztunen artean daude, beste askoren artean, oreinak, sarrioak eta otsoak.

Zenbait ugaztunengan aldaketa hori oso agerikoa eta nabarmena da, adibidez azeri artikoaren[2] eta erbi artikoaren kasuan, zeinek udan ilaje laburra eta gainaldea iluna duten, eta neguan berriz ilaje luzeagoa eta guztiz zuria.

Narrastietan

Musker berdearen azalberritzea.

Narrastiek azalberritzea urtean bitik hamabira aldiz egiten dute.

Sugeek, gorputza objektu gogor baten kontra igurtziz (adibidez harri bat edo egur zati bat) azal zaharra kentzen dute burutik hasita atzerantz, jantzi bat balitz bezala, azalari buelta emanez. Askotan pieza bakar batean kentzen du, eta erauzitako azalak sugearen kanpo morfologiaren xehetasunak gordetzen ditu, baina buelta emanda. Azalarekin batera begi-ezkata ere kentzen dute, eta hori garrantzitsua da sugearen ikusmena ongi mantentzeko.

Gainerako narrastiek, oro har, zatika kentzen dute azala.

Anfibioetan

Igela, azala ahoaz kentzen.

Anfibioetan ohikoa da azalaren kanpo geruzaren mudatzea, eta batzuetan pieza batean kentzen dute. Azala kentzeko ahoaz tiratzen diote eta jan egiten dute.

Erreferentziak

  1. Sciencemag (Ingelesez)
  2. Azeri artikoari buruzko informazioa Smithsonian (Ingelesez)


Ikus, gainera

Kanpo estekak

  • Ibai-karramarroaren mudaren bideoa Youtuben.