Histopathology image classification: Highlighting the gap between manual analysis and AI automation
Edukiak
Argi-urte | |
---|---|
Neurtzen du | longitudea |
SI sistemarako konbertsioa | 9.460.730.472.580.800 m |
Unitate estandarretan | 9.460.730.472.580,8 km, 5.878.625.541.248 mi, 31.039.143.016.732.000 ft, 372.469.718.092.930.000 in, 10.346.381.005.577.000 yd, 0,3066014 pc, 5.105.122.000.000 UK nmi, 47.028.910.479.538 fur, 1.959.537.968.183 US lea, 1.702.795.305.358 nl eta 63.240 AU |
Ikurra | ly, l.y., al, св. лет, a.l., a. ll., ljusår, lj eta Lj |
Argi-urte bat, maiz ly gisa aurkeztua[1] (ingelesezko light-yearretik) luzera unitate bat da, astronomian erabilia distantziak adierazteko. Zehazki 9.460.730.472.580,8 km dira, hau da, 9,4607304725808 × 1012 km notazio zientifikoan. Nazioarteko Astronomia Batzordearen definizioaren arabera, argi-urte bat da argiak hutsean juliotar urte batean (Lurreko 365,25 egun) egiten duen distantzia da[2]. "Urte" hitza bere barnean dagoenez, maiz denbora unitatetzat hartzen da, baina ez da[3].
Argi-urte unitatea gehienetan beste izar batzuetarako edo galaxia baten tamainakoa diren objektuak eta distantziak neurtzeko erabiltzen da, batez ere argitalpen ez espezializatuetan eta zientziaren dibulgazioan. Astronomo profesionalek gehiagotan erabiltzen dute parsec unitatea, 3,26 argi-urteren parekoa dena[2].
Definizioa
Nazioarteko Astronomia Batzordearen definizioaren arabera, argi-urte bat Juliotar urte baten[oh 1] eta argiaren abiaduraren (299792458 m/s) arteko biderketa da[oh 2]. Bi balio hauek IAUren konstante astronomikoen sisteman txertatuta daude, eta 1984tik aurrera erabili dira. Konbertsioak, beraz, konstante horren baliotik abiatuta egiten dira.
Argi-urte 1:
- = 9.460.730.472.580.800 metro (zehazki)
- ≈ 9,461 petametro
- ≈ 9.461 bilioi kilometro
- ≈ 63241,077 unitate astronomiko
- ≈ 0.306601 parsec
Ohiko laburdura "ly" da, baina ISO 80000:2006 arauak "l.y." erabili izan du orain gutxira arte. Beste hizkuntza batzuetan laburdurak ere egiten dira, hala nola "al" frantsesez, gaztelaniaz edo italieraz (année-lumière, año luz eta anno luce, hurrenez hurren), "Lj" alemanez (Lichtjahr) eta beste batzuk. Euskaraz ez da ohikoa erabiltzea "au" laburdura, bereziki unitate astronomiko kontzeptuarekin talka egin dezakeelako.
1984 baino lehen urte tropikala erabiltzen zen, eta ez juliotar urtea. Gainera, argiaren abiadura neurtua zen, ez definitua. Sistema hori 1968tik 1983ra bitarte erabili zen[5]. Simon Newcombek kalkulatutako J1900.0 urte tropikalak 31556925,9747 segundo zituen, eta argiaren abiadura 299792.5 km/s zen, eta horregatik argi-urte bat 9,460530×1015 m zen, gaur egun ere hainbat testutan aurki daitekeen balioa[6].
Beste prezisio handiko balio batzuk ez dira IAUren sistemaren parte. Adibidez, hainbat iturri modernotan aurkitzen den 9,460536207×1015 m balioa[7][8] urte gregoriotar bat eta definitutako argiaren abiaduraren arteko produktua da. 9,460528405×1015 m[9], J1900.0 urte tropikalaren eta definitutako argiaren abiaduraren arteko produktua da.
Historia
Friedrich Besselek Eguzkia ez den beste izar batekiko distantzia lehen aldiz arrakastaz neurtu eta urte gutxira agertu zen argi-urtearen unitatea, 1838an. 61 Cygni zen izarra, eta Joseph von Fraunhoferrek diseinatutako 160 milimetroko heliometroa erabili zuen. Garai hartan, espazioan distantziak adierazteko unitaterik handiena unitate astronomikoa zen, Lurraren orbitaren erradioaren berdina, 150 milioi kilometrokoa. Termino horietan, 61 Cygni-ren paralaxian oinarritutako kalkulu trigonometrikoek, 0,314 arku-segundokoak, erakusten zuten izarrarekiko distantzia 660.000 unitate astronomikokoa zela (9,9×1013 km). Besselek gaineratu zuen argiak 10,3 urte behar dituela distantzia hori egiteko[10]. Bere irakurleek argiaren gutxi gorabeherako igarotze-denboraren irudi mentalarekin gozatuko zutela onartu zuen, baina ez zuen argi-urtea unitate gisa erabili. Baliteke argi-urteetan distantziak adierazteko erresistentzia izatea, horrek paralaxia-datuen zehaztasuna murriztuko lukeelako, argiaren abiaduraren parametro ziurgabearekin biderkatzearen ondorioz.
Argiaren abiadura ez zen oraindik zehazki ezagutzen 1838an; bere balioaren estimazioa aldatu egin zen 1849an (Fizeau) eta 1862an (Foucault). Artean ez zen naturaren konstante funtsezkotzat jotzen, eta argia eterrean edo espazioan zehar hedatzeak enigmatikoa izaten jarraitzen zuen.
Urte-argi unitatea 1851n agertu zen Otto Uleren astronomia-dibulgazioko artikulu alemaniar batean[11]. Ulek «urtean» amaitzen zen distantzia unitate baten izenaren arrunkeria azaltzen zuen, ordubeteko ibilaldiarekin (Wegstunde) alderatuz.
Dibulgazio astronomiko alemaniar garaikideko liburu batek ere adierazi zuen urte-argia izen arraroa dela[12]. 1868an, aldizkari ingeles batek alemaniarrek erabiltzen zuten unitate gisa etiketatu zuen argi-urtea[13]. Eddingtonek argi-urtea unitate desegoki eta garrantzirik gabekotzat jo zuen, batzuetan erabilera herrikoitik ikerketa teknikoetara iragazten zena[14].
Gaur egungo astronomoek parseca nahiago izaten duten arren, argi-urteak izarrarteko eta galaxiarteko espazioaren hedadurak neurtzeko ere erabiltzen dira.
Oharrak
- ↑ Juliotar urte batek 365,25 egun irauten ditu. gregoriotar urte batek 365,2425 egun eta urte tropikal batek 365,24219 egun. Definizioko juliotar urteak zehazki 31.557.600 segundo ditu, zehazki 86.400 segundo irauten duten egunekin[4].
- ↑ Argiaren abiadura zehazki da 299792458 m/s, metroaren definizioaren parte baita.
Erreferentziak
- ↑ (Ingelesez) Mutel, R. L.; Aller, H. D.; Phillips, R. B.. (1981-11). «Milliarcsecond structure of BL Lac during outburst» Nature 294 (5838): 236–238. doi: . ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2024-10-15).
- ↑ a b «International Astronomical Union | IAU» www.iau.org (Noiz kontsultatua: 2024-10-15).
- ↑ (Ingelesez) «How far is a light-year? Plus, distances in space» earthsky.org 2023-04-27 (Noiz kontsultatua: 2024-10-15).
- ↑ «IAU Website: Units» web.archive.org 2007-02-16 (Noiz kontsultatua: 2024-10-15).
- ↑ Seidelmann, P. Kenneth, ed. (1992). Explanatory supplement to the Astronomical almanac. (Rev. ed.. argitaraldia) University Science Books ISBN 978-0-935702-68-2. (Noiz kontsultatua: 2024-10-15).
- ↑ «Basic Constants» www.braeunig.us (Noiz kontsultatua: 2024-10-15).
- ↑ «Tables» www.astronomynotes.com (Noiz kontsultatua: 2024-10-15).
- ↑ «astronomical constants» web.archive.org 2007-09-09 (Noiz kontsultatua: 2024-10-15).
- ↑ (Ingelesez) Szirtes, Thomas; Rózsa, P.. (1998). Applied Dimensional Analysis and Modeling. McGraw Hill Professional ISBN 978-0-07-062811-3. (Noiz kontsultatua: 2024-10-15).
- ↑ (Ingelesez) London and Edinburgh Philosophical Magazine and Journal of Science. Richard Taylor 1839 (Noiz kontsultatua: 2024-10-24).
- ↑ (Alemanez) Deutsches Museum: Zeitschrift für Literatur, Kunst u. öffentliches Leben. Brockhaus 1851 (Noiz kontsultatua: 2024-10-24).
- ↑ (Alemanez) Diesterweg, Adolph. (1855). Populäre Himmelskunde u. astronomische Geographie: Mit Figuren u. Sternkarten. Enslin (Noiz kontsultatua: 2024-10-24).
- ↑ (Ingelesez) The Student and Intellectual Observer of Science, Literature and Art. Groombridge and sons. 1868 (Noiz kontsultatua: 2024-10-24).
- ↑ Eddington, Arthur Stanley. (1914). Stellar movements and the structure of the universe. London, Macmillan and co., limited (Noiz kontsultatua: 2024-10-24).
Kanpo estekak
Luzera unitateak | ||
---|---|---|
Astronomian: argi-urtea • parseca • unitate astronomikoa Nazioarteko Sisteman: yoktometroa • zeptometroa • attometroa • femtometroa • pikometroa • ångströma • nanometroa • mikrometroa • milimetroa • zentimetroa • dezimetroa • metroa • dekametroa • hektometroa • kilometroa • miriametroa • megametroa • gigametroa • terametroa • petametroa • exametroa • zettametroa • yottametroa Anglosaxoi sisteman: hazbetea • oina • yarda • besabetea • furlonga • milia • legoa • itsas milia Japoniar sisteman: bu • sun • shaku • ken • chō • ri Euskal Herriko neurri zaharrak: arra • oina • gizabetea • korapiloa |