FAIR and interactive data graphics from a scientific knowledge graph
Edukiak
Peptidoglikanoa edo mureina bakterioen zelula horman agertzen den polimero bat da. Sare itxurako egitura bat osatzen du, bakterioaren arabera trinkoagoa izan daitekeena, eta bere osagaiak karbohidratoak eta aminoazidoak dira.
Peptidoglikanoak zitoplasmako presio osmotikoari aurre egiteaz gain, bakterioaren zelula horman egitura funtzio garrantzitsua betetzen du. Bakterio zelulen ugalketan ere parte hartzen du.
Baterioen zelula horman agertzen den peptidoglikano geruza, bakterio Gram positiboetan negatiboetan baino lodiagoa da. Gram positiboetan zelula hormaren %90a den bitartean, negatiboetan %10 besterik ez da. Bi bakterio mota hauek bereizteko Gram tindaketa erabiltzen da.
Egitura
Karbohidratoek kateak eratzen dituzte eta beraien artean β-(1,4) lotura glikosidikoen bidez daude lotuta. Txandakatutako bi azukre desberdintzen dira: N-azetilmuramikoa (NAM) eta N-azetilglukosamina (NAG).
Kateek aminoazidoak dituzte zintzilik eta aminoazido hauek beraien artean lotuta daude. NAMri lotuta tetrapeptido bat (4 aminoazidotako peptido bat) agertzen da. Honen sekuentzia L-alanina, D-glutamikoa, L-diaminoazidoa eta D-alanina izaten da.
Gram positiboen kasuan hirugarren aminoazidoa lisina da beti eta aminoazido kateak elkartuz sekuentzia aldakorreko pentapeptido bat egoten da. Gram negatiboetan aldiz, hirugarrren aminoazidoa diaminopimelikoa da eta aminoazido kateak zuzenean lotzen dira, bitartekarien beharrik gabe.
Funtzioak
- Zelulari forma eman eta trinkoa denez, mantendu egiten du. Zelularen mugimendua ere baimentzen du.
- Presio osmotikoari aurre egiten dio. Zelula barruan kanpoan baino solutu kontzentrazio handiagoa behar baita, horrela ez bada zelula hil egiten da. Honela, peptidoglikanoak zelulara sartzeko joera duen ura geldiarazten du.
- Peptidoglikanoa proteinentzat aingura modukoa da. Gram negatiboek lipoproteinak dituzte eta hauek arazoak sortzen dizkigute endotoxinak direlako.
Lisozima eta peptidoglikanoa
Lisozima gure organismoan dagoen entzima bat da, esaterako malkoetan. Honek β-(1,4) lotura glikosidikoa hidrolizatzen du, hau da, NAM eta NAG artekoa, peptidoglikanoa puskatuz.
Medio isotonikoan dagoen bakterio batean, hots, barneko eta kanpoko presio osmotikoak berdinak direnean, lisi osmotikoa eragiten du lisozimak. Peptidoglikanoa deformatu egiten da eta bakterio zelula itxuraz aldatuko da. Lisozimak eragiten jarraitzen badu, peptidoglikanoa desagertu egingo da bakterio zelula babesik gabe utziz.
Baina normalean ez da horrelakorik gertatzen, bakterioak ez baitira ingurune isotonikoan aurkitzen eta gainera, beren defentsak dituzte.
Hormaren hazkuntza eta antibiotikoak
Bakterioaren hazkuntza emateko, zelula hormaren hazkuntza eman behar da, horretarako peptidoglikano berria eratu behar da. Prozesu hau transpeptidazioa bezala ezagutzen da.
Transpeptidazioan zelula barnean eratutako peptidoglikanoa kanporatu egiten da zelula horman integratzeko. Bertan transpeptidasa entzimak parte hartzen du peptidoglikanoa hormara garraiatzen. Penizilina eta zefalosporinen (antibiotiko betalaktamikoak) ekintza mekanismoa, transpeptidasa hau inhibitzean oinarritzen da.
Horma osorik badago, ez da osagai berriak gehitzeko lekurik egongo eta beraz, bakterioa ezingo da hazi. Horregatik, hormari zuloak egingo dizkion autolisina bat askatzen du bakterioak. Momentu honetan penizilina edo zefalosporina gehituz gero, horma ez da osatuko eta bakterio zelulara ura sartuko da, zelula handitu eta lehertuz. Lisi osmotikoa gertatuko da.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Karbono hidratoak | ||
---|---|---|
|