Cybersecurity and privacy risk assessment of point-of-care systems in healthcare: A use case approach

Kanpamendu baten eskema: fossa, agger eta vallum

Vallum, latinezko hitz bat da, antzinako erromatar gotorleku baten oholesia, harresia edo defentsa perimetrala osoa edo defentsa horien zati bat izendatzeko erabiltzen dena eta erromatarrek erabiltzen zutena. Izena vallus hitzetik eratorria da, zeina hesola esan nahi baitu, eta ondo adierazten du agger-aren goiko aldeko kanpoko ertza zeharkatzen zuen oholesia, baina. Baina, hitzaren esanahia aldatu eta oro har, harresia ( agger-a eta oholesia bikoteak osatzen duten multzoa ) izendatzeko erabil daiteke ere[1]. Castra (kanpamendu militar) eraikinen defentsa perimetralaren ohiko osagaia zen.

Vallum defentsa sistema perimetrala izendatzeko erabiltzen denean, osagai hauek zituen: lubetaren (agger) goiko aldean zurezko oholesi bat zuena eta kanpoaldean lubaki sakon bat (fossa) edo lubeta-lubaki bikote gehiago.

Bestalde, izen propio moduan, Ingalaterra Iparraldean dagoen Hadrianoren harresiari buruzko testuetan bi modutan aurki dezakegu. Batetik, latinez, Hadrianoren harresiari Vallum Aelium esaten zioten, eta bestetik, "Vallum-a" (The Vallum) izen propioa, dorreen eta harresitik metro batzuk aurrerago, paraleloan erromatarren egin zuten lubakia da. 6 metro zabal eta 3 metro sakon zen, eta alboetan, lur tinkotuaz osatutako lubeta bana ditu[2]. Oraindik erraz ikusten da paisaian.

Hadrianoren harresian lubaki luze eta zabala ireki zuten, Vallum izena duena, harresitik metro batzuk aurrerago zulatu zena eta berezko vallum baten ezberdina dena

Ezaugarriak

Hesola multzoa den valli-a (grekoz, χάρακες) Polibiok deskribatu zuen (XVIII.18.1, Excerpt. Antiq. xvii.14) eta Liviok (Liv. XXXIII.5). Bi idazle horiek greziarren eta erromatarren arteko vulumak alderatzen dituzte eta erromatarrak goratu. Batzuek eta besteek erabiltzen zituzten zuhaitz gazteak edo zuhaitz handiagoen adar luzeak zutola moduan, albo batean bestea adarrak ateratzen zitzaizkienak, baina greziarren oholesiak askoz handiagoak ziren eta erromatarrenak baino albo-adar gehiago zituzten, bi, hiru edo gehienez lau adar zituztenak, eta horiek alde berean egon ohi ziren. Grekoek beren zutolak agger-ean jartzen zituzten euren artean tarte handiak utziz. Tarte horiek, zutoletatik ateratzen ziren adarrekin betetzen ziren, haien arteko tarteak adarrez betez; erromatarrek oso gertu finkatzen zituzten beren hesolak, adarrak elkarri lotarazten zizkioten eta hesolen puntak kontu handiz zorrozten zituzten. Horrela, greziar oholesiaren hesola handiak erraz heldu eta bere tokitik erauzi ahal ziren, eta etsaiak bat erretiratzen zuenen, irekidura handia geratzen zen vallum-ean. Erromatar vallum-ak, aldiz, ez zuen helduleku egokirik, indar handia behar zen hura eraisteko, eta etsaiak hesola bat erretiratuz gero ere, zulo txiki bat uzten zuen adar-horma trinko horretan. Greziar zutolak in situ mozten ziren, erromatarrek. ordea, aldez aurretik prestatzen zituzten bereak. (Polib. l.c.; Virg. Georg. III. 346, 347; Ziz. Tusc[oh 1]. II.16). Edozein egurra erabil zezaketen, baina nahigo zuten haritzaren zura gogorra.

Numonius Vala irudikatzen duen txanpona, vallum bati eraso egiten. K.a. I. mendekoa agian. Valluma adarrez egina dago.
Triku txekiarra egin bide zezaketen sudes delakoak elkartuz.

Sudis

Sudis (sudes plurala) muturretan zorroztutako eta sutan gogortutako hesola mota bat zen[3]. Martxan zihoanean, soldadu bakoitzak zurezko hiru edo lau hesola zeramatzan, bakoitzak 1,5 m luze, gutxienez, eta bi mutur puntaduna zituen. Horietako batzuk indusketatan aurkitu dira eta ikusi da erdigunean estutzen zirela. Horiek aldi baterako eraikitzen ziren martxako kanpamentu baten inguruan eraikitako oholesia osatzeko erabiltzen baziren, argi dago ezin izan zirela bakarrik erabili, erasotzaile bat erraz pasatzeko adinako tarte zabalak izango zituelako. Hori dela eta, beste funtzio batzuk iradoki dituzte ikertzaileek zutol horietarako.

Iradoki da, adibidez, zati estu horrek erraztu egiten ziela hirunaka lotzea, vallumeko harresian (agger), edo vallumaren eta fossaren artean[4], jar zitekeen bele-oin handi edo triku txekiar moduko bat osatzeko. Baina, valluma edo oholesia osatzeko erabil zitekeela proposatu da, eta kasu horretan, erdigunetik lotuta egon zitezkeen[3], eta oholesi eraginkorra lortzeko, litekeena dela hutsune horiek bete egingo zituztela eskura izango zuten edozer materialekin, zuhaitz-adarrekin edo arantza-zuhaixkekin, adibidez.

Circumvallatio

Alesiako setioaren balizko itxitura (Circumvallation)

Setio batean, erasoa egin ezin zenean eta setioa ezarri behar zenean, hiriaren edo herriaren inguruko kanpalekuen antzeko defentsak eraikitzen zituzten, herria ixteko ingurune osoan. Itxitura horrek hirien arteko komunikazio oro mozteaz gain, setiatutakoen lagunen erasoetatik babesteko modua ere bazen Askotan, gotorleku-lerro bikoitza izaten zen, barrualdea hiriaren kontra, eta kanpoaldea, berriz, setioa eragozten saia zitekeen indar baten kontra. Kasu honetan, armada bi defentsa-lerroen artean kanpatuta geratzen zen.

Circumvallatio mota horri, greziarrek ἀποτειχισμός eta περιτειχισμός esaten zioten. Peloponesoarrek erabili zuten Plateako guduan (Tuzidides II.78, II.20-23). Bere lerroek bi pareta osatzen zituzten (itxuraz soropilezkoak), 5 metroko tartea utziz, hartu nahi zuten hiria zirkulu moduan inguratzen zutenak.

Harresiek almenak zituzten, eta hamar almenatik behin dorre bat zegoen, hormen arteko espazio guztia betetzen zuena. Bidea ez mozteko, dorre bakoitzaren erditik pasabide bat zegoen setiatzaileentzat. Harresi bakoitzaren kanpoaldean lubaki bat zegoen. Deskribapen hori ingurabideko modu erromatarrari dagokio ia zehazki, eta horren adibiderik onenetako batzuk dira Emilianok (Apiano, Punic[oh 2]. 119, & c.), Numantziaren setioan erabili zuena (Apiano, Hispan[oh 3]. 90), eta Alesiako setioan Julio Zesarrek (Bell. Gall. VII.72, 73) erabili zuena. Horma horietako dorreak esparru gotortuak erasotzeko erabiltzen zirenen antzekoak ziren, baina ez hain altuak eta, jakina, ez mugikorrak. (Lipsius, Milit. Rom. v. 5, III, 156, 157. or.; Poliorc. II.1, III. 283. oper.)[5].

Etimologia

Latin vallus aitzinindoeuroperazko *walso- tik eratorria da, " tantai, hesola" esan nahi duena. Vallus ingelesezko wall (horma) hitzaren jatorria da.

"Vallus hitza vallum-en baliokide gisa erabiltzen da batzuetan" (Julio Zesar, Bell. Civ[oh 4]. III. 63).

Oharrak

  1. Tusculanae Quaestiones
  2. De rebus Punicis et De rebus Numidicis (appendix)
  3. De rebus Hispaniensibus
  4. Commentarii de bello civili

Erreferentziak

  1. «Castrum - Inicio - Diccionario Tesauro de Historia Antigua y Mitología» www.tesaurohistoriaymitologia.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-04).
  2. (Gaztelaniaz) Mark, Joshua J.. (2021-11-15). «El Muro de Adriano» World History Encyclopedia.
  3. a b (Gaztelaniaz) «Castra, los campamentos militares romanos» www.imperivm.org 2021-01-17 (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  4. (Gaztelaniaz) «Castra, los campamentos militares romanos» www.imperivm.org 2021-01-17 (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  5. (Ingelesez) Smith, Philip. «LacusCurtius • Roman Fortifications — Vallum (Smith's Dictionary, 1875)» penelope.uchicago.edu (Noiz kontsultatua: 2024-05-04).

Kanpo estekak