Type a search term to find related articles by LIMS subject matter experts gathered from the most trusted and dynamic collaboration tools in the laboratory informatics industry.
Arao edo konjuruak[1] naturaz gaindiko ekintzak gertarazteko erabiltzen diren esaldi edo hitz magikoak dira. Araoen bidez haiei laguntza eskatzeko izadiz gaindiko izakiei dei dakieke, sorginkeriak egin, gaitz batzuk uxa, exorzismoak egin...
Eskuarki, araoak esaldi-segida batez edo hitz magikoen bidez egiten dira. Herriko kulturan hauek indar gehiago zuten latinez edo grezieraz eginez. Dena dela, euskaraz ere asko ezagutzen dira, esaterako Baga, biga, higa ospetsua edo Ez Dok Amairu bera. Mendebaldean araorik ezagunena ziur asko abrakadabra da. Askotan errimen itxura hartzen dute eta haien esanahia, denboraren poderioz, nahiko kriptikoa bihurtu da.
Erlijio monoteistek araoen aurka azaldu dira beti, deabruaren lana balira bezala eta, horren ondorioz, haiek erabiltzea gogor zigortu. Sorginen aurkako epaiketetan araoak egitearen salakera ohikoa zen. Ezagutzen diren araorik zaharrenak Antzinako Egiptokoak dira; Hilen Liburuan horrelako formula asko biltzen ziren hildakoari bere prozesuan laguntzeko asmoz.[2]
Nafarroan konjuroak egiteko toki berezi batzuk egon izan dira, konjurotokiak, Pirinioetako kultura esparruan ere hedatuak. Etxarri Larraungo konjurotokiaren inguruan Larraun ibarreko biztanleek fede handia zuten konjuruetan. Beren zerbitzuen truke, apaizek, sakristauek edo exorzistek saria eskatzen zuten espezie hauetan: oiloak, gaztak, arbiak...[3] Ihabarren (Arakil) zelai baten izena da Konjurotoki,[4] eta ibarreko bizilagun bat oroitzen zen bertan egindako konjuruez 1988ko grabaketa batean, Ahotsak proiektuak jasoa. Elizatik prozesioan irteten ziren konjurotoki delakora eta beste toki batzuetara:[5]
« | Letania kantatzen bidian, ta gero, alleatzen giñenian lekue? apezak an itten zittuen bee errezoak, konjuroak, alde batia, errezatu, gio buelta, beste aldia, lau aldetaa, ta beikatzen tzuen. | » |
Mikela Huarte Arraras, 1988 |